Gutun hautatuen irakurketa

La2ek 'Cartas en el tiempo' saioa estreinatuko du gaur. Aktoreekin eta historialariekin egin dute

Jose Luis Gomez aktorea, Cartas en el tiempo dokumental saioaren aurreneko atalean. TVE.
urtzi urkizu
2018ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Barakaldoko udaletxean (Bizkaia) hainbat soldaduk Kubako Independentzia Gerran 1898. urtean idatzitako dozenaka gutun dituzte gordeak, artxiboan. Haietako bat aukeratu du Kataluniako TVEko lantalde batek, eta aktore baten ahotsean entzun ahalko da Cartas en el tiempo programan. Beste hainbat gutun tartekatuko dituzte, pertsona ospetsuek zein anonimoek idatzitakoak. La2 kateak gaur estreinatuko du dokumental saio berria, 20:40an. Hamabi atal izango ditu aurreneko denboraldiak, eta Blanca Flaquer saioko zuzendariak iragarri du dagoeneko lanean hasi direla bigarren denboraldiko ataletarako. Formatua «originala» dela nabarmendu du.

Kataluniako TVEk Sant Cugateko zentroan urte luzez La mitad invisible kultur saioa egin zuen. Artelan baten alde ezkutua azaleratzen saiatzen ziren atal bakoitzean. «Aurkitutako materialen artean, sarri askotan gutunak topatzen genituen», azaldu du Flaquerrek —La mitad invisible-ko zuzendaria izan zen—. «Gutunen zatitxoak erabiltzen genituen zenbaitetan, baina lantaldean komentatu genuen polita litzatekeela gutunak bere osotasunean erakustea».

Saio berrian azalduko diren gutunek beren testuinguru historikoa erakutsiko dute. «Aktore batek gutuna irakurriko du bere horretan, baina garai hartako jantziak edo dekoratuak erabili gabe. Hala ere, gutunaren edukiarekin lotura izan dezakeen toki batean agertuko da aktorea gehienetan. Lokalizazioak zaindu ditugu, baina ez gara erabat fidelak izango», azaldu du saioko zuzendariak.

Bestalde, gutun bakoitza idatzi duen pertsona ezagutzeko eta ulertzeko, historialariekin egindako elkarrizketak tartekatuko dituzte. Propio kultura idatzian espezializatutako historialariak agertuko dira hizketan. «Gutunek duten esanahia ere jasotzen saiatuko gara». Gutunak aurkitzeko eta testuingurua emateko, Veronica Sierra eta Antonio Gomez Sieceko (kultura idatziko ikerketen mintegia) adituen aholkularitza izan dute.

Hil aurretik idatzitakoak

Gaurko estreinako atalean, hil aurretik idatzitako gutunak izango dira ardatza. «Bizitzaren azkeneko unean, jende guztiaren gutunetan maitasuna azaleratzen da», esan du saiorako Josep Maria Fericgla Antropologia irakasleak. Jose Luis Gomez aktoreak Miguel de Cervantes idazlearen gutun bat irakurriko du; Fernando Gilek Diego de Leonen gutun bat—1841ean emazteari idatzitakoa, heriotzara kondenatua izan ostean—; eta Claudia Benito aktoreak irakurriko du Blanca Brisac gazte sozialistak fusilatua izan aurretik semeari idatzitakoa —beste hamabi gazterekin batera fusilatu zuten frankistek 1939ko abuztuaren 5ean, eta 13 arrosak deitu zieten gero—.

Hurrengo ataletan, gaika sailkatuko dituzte gutunak: gerrako frontean idatzitakoak, maitasun gutunak, haurrek idatzitakoak, erbestekoak... Garai ezberdinetako hiru gutun entzungo dira atal bakoitzean.

Flaquerrek iragarri du RTVEko webgunean atal bat sortuko dutela, «transmedia bokazioarekin», ikusleen gutunekin. «Herritarrek birraitonen gutunak bidaltzea nahiko genuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.