Altsasuko auziaren hainbat ikuspegi erakutsiko dituzte gaur ETB1en

Irati Sarasuak zuzendutako 'Altsasu, gauaren muturrerainoko bidaia' dokumentala emango dute

Irati Sarasua kazetaria, Altsasuko auzipetuetako bi senide elkarrizketatzen. BALEUKO.
urtzi urkizu
2018ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Zortzi gazte auzipetu dituzte, 2016ko urrian Altsasuko taberna batean (Nafarroa) bi guardia zibilekin izandako liskarrengatik. Atzo hasi zuten gazteen aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta terrorismo delitua egozten diete. Irati Sarasua kazetaria auziaren ertz guztiak biltzen saiatu da, eta hark aurkeztu eta zuzendutako Altsasu, gauaren muturrerainoko bidaia dokumentala estreinatuko du gaur ETB1ek, 22:35ean.

«Istorio guztiek bi alde dituztenez, eta istorioak kontatzeko eta interpretatzeko hainbat modu daudenez, bi aldeekin elkartuko gara: auzipetutako gazteen senideekin eta Euskal Herrian lan egiten duten bi guardia zibilekin», azaldu du Sarasuak.

Altsasun lan egiten duen guardia zibil batekin elkartu da kazetaria. Istiluan parte hartu zuten guardia zibilekin egon zen ospitalean, hurrengo egunean. «Haiekin bizi izandakoa zer izan zen, eta haiek kontatutakoa zer den esango digu», iragarri du kazetariak. «Altsasun guardia zibilekiko gorrotoa sentitu ote duen, eta haren ustez gazteek fiskalak eskaturiko zigorra merezi al duten galdetu diogu».

Bestetik, Sarasua Adur Ramirez de Aldaren senideekin elkartu da —fiskalak 50 urteko espetxe zigorra eskatzen du harentzat—. «Epaiketa aurreko azken bisitara bidean egongo gara haiekin. Bisitara nola doazen eta itzulerako bidaia nola bizi duten ezagutuko dugu, baita epaiketaren aurreko egunak haientzat nolakoak izan diren ere». Haiekin egoteak sortu diona kontatu du Sarasuak: «Barrua mugitu zait. Ikusi dut Ramirez de Aldaren gurasoek zer min duten barruan. Neke aurpegia dute, baina esperantzari heldu nahi diote». Bel Pozueta ama, Antxon Ramirez de Alda aita eta Haizea Ramirez de Alda arreba azalduko dira gaur hizketan.

Altsasun izan da kazetaria, bestetik, bizilagunek zer pentsatzen duten jakiteko asmoz. «Bertako harategi batean egon gara, okindegian, tabernetan... Herriaren erradiografia bat egiten saiatu gara». Altsasuko alkate Javier Ollo (Geroa Bai) ere elkarrizketatu dute saiorako.

Halaber, alor judizialari erreparatuko diote dokumentalean. Horretarako, Sarasuak Amaia Izko gazteen abokatua, Fernando J. Perez El País egunkariko kazetaria eta Manuel Cancio zigor kodean katedradun eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko zuzenbide irakaslea elkarrizketatu ditu. Dokumentalaren egileari deigarriak egin zaizkio Cancio irakaslearen hitzak: «Hark esan zigun legea eskutan posible litzatekeela gazteak terrorismo delituagatik zigortzea, baina legea gaizki erredaktatua dagoela, eta astakeria handia litzatekeela terrorismoagatik zigortzea».

Sarasuak ETBrako zuzentzen duen laugarren dokumentala da hau; aurretik, Kataluniako egoera politikoa, ETAren armagabetzea eta Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren 15. urteurrena aztertu zituen, guztietan Baleuko ekoizpen etxearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.