Hiru3 komunitateak gurasoentzako alerta zerbitzua jarri du martxan

Hiru3 aplikazioaren bitartez aktiba daiteke. Seme-alabekin lotura handitzea du helburu ETBk

Hiru3 komunitatearen aplikazioa Android eta Apple gailu eramangarrietan deskarga daiteke, baita Android TVn ere. EITB.
urtzi urkizu
2018ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
EITB taldearen Hiru3 haur komunitateak Guraso Alertak zerbitzua jarri du martxan. Gurasoentzako egitasmo horren helburua seme-alaben mundua hobeto ezagutzeko aukera ematea eta beraiekin lotura handiagoa izatea dela iragarri du EITBk. Hiru3ren aplikazioaren bidez dago eskuragarri zerbitzu berria; gailu eramangarrietan —sakelakoak, tabletak...— jasoko dira alertak, eta horietan, 14 urte arteko neska-mutikoen gustuko edukien eta esperientzien berri emango du EITBk.

Alertak jasotzeko, nahikoa da Hiru3ren aplikazioa hartzea edo, aplikazioa lehendik izanez gero, berritzea. Behin hori eginda, menuko Ezarpenak aukera hautatu, eta hizkuntza zein gaztetxoen adin tartea zehaztu behar dira. Jakinarazpenak atal berrian, bestalde, mezuen inguruko informazio gehiago jasotzeko modua izango dute erabiltzaileek.

EITBk nabarmendu du Hiru3 komunitateak senide arteko esperientziak banatzea erraztu nahi duela, «elkarrizketak eragin, helduen eta adingabeen artean konexio puntuak bilatuz». Talde publikoaren arabera, sarritan haurrek helduen errealitatea hobeto ezagutzen dute alderantziz baino. Alerta sistemaren bidez, gurasoek ETB3 kanalaren inguruko informazioa jasoko dute: antolatzen diren jarduerak, zozketak, ekintzak eta Hiru3 jaiak. «Hartara, elkarrekin parte hartu ahal izango dute egitasmo horietan guztietan, eta orain arte baino gauza gehiago banatu ahal izango dute elkarrekin», azaldu dute EITBko arduradunek.

Hiru3 komunitateak 30.000 kide ditu. Aplikazioak 6.726 deskarga izan ditu iOS sisteman, eta 10.747 Android sisteman.

EITBk gaztetxoentzako duen marka eta edukiontzia da Hiru3. Eskaintzen dituen eduki guztiak euskarazkoak dira. ETB3 telebista katea, Eitb.eus webguneko komunitate digitala eta milaka haurrek izena emana duten elkartea osatzen dute Hiru3. Edukiak, telebista tradizionaleko ETB3n ikusteaz gain, eskura daude noiznahi EITBren webgunean, gailu eramangarrietarako aplikazioan eta HbbTV eta Android TV telebistetan —azken horren barne dago Euskaltelen 4K deskodetzaileak ahalbidetzen duen sistema—.

Katalunian, Super3 kluba

ETB3 kateak bi saio estreinatu ditu apirilean: 3txulo berritua—egunero, 08:15ean— eta 3zpa4—egunero, 20:30ean—. Bigarren programa horretan, musika talde bat osatu nahi dute lau gaztek. Astero bideoklip bat egiten dute. Bi programak elkarlanean egiten dituzte Pausoka eta Baleuko ekoizpen etxeek.

Katalunian, telebista publikoak haurrentzako elkarte indartsu bat dauka: Club Super3. Apirileko aurreneko astean, 1.500.000. zenbakidun txartela eman zuen.27 urte bete dira elkartea sortu zutenetik, eta Europan ez dago hainbeste bazkide dituen haurren elkarterik. Katalunian, 14 urte arteko haurren %40 bazkide aktiboak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.