RTVEko editore batek dimisioa eman du, zentsura kasu bategatik

Valentziako albistegiko Arantxa Torresi ez diote utzi Komunikazio idazkariaren bideo bat jartzen

Talde politikoetako diputatuek —PPk izan ezik— bat egin zuten asteartean RTVEko langileen elkarretaratzearekin. BERRIA.
urtzi urkizu
2018ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Zentsura eta manipulazio kasuen salaketek ez dute etenik RTVEn. «Denbora asko daramagu halakoak salatzen», esan du Alejandro Caballero TVEko albistegietako kontseiluko presidenteak. Azken kasua Valentzian gertatu da (Herrialde Katalanak): joan den larunbatean, pentsiodun batzuk Mariano Rajoyri Alacanten txistu egiten ari zirenean, Carmen Martinez Castro Espainiako Komunikazio Estatu idazkariak hitz hauek esan zituen: «Zer gogo popatik hartzera bidaltzeko; bada, izorra zaitezte». Hitz horiek entzuten ziren bideoa telebistan ematen saiatu ziren Arantxa Torres Valentziako RTVEko albistegiko editorea eta lurralde albistegiaren zuzendaria, baina debekatu egin zieten Valentziako zentroko zuzendaritzak eta Madrilgo albistegietako zuzendariak. «Horrenbestez, zentsuratu egin zuten», salatu du TVEko albistegietako kontseiluak.

Albistegiko editoreak dimisioa aurkeztu zuen herenegun. «Edalontziaren azken tanta izan da Torresentzat. Editorea profesional handia da, ibilbide paregabekoa», adierazi du albistegietako kontseiluko presidenteak, eta haren erabakia txalotu du. Kontseiluak «aitortza» eta «babesa» eskaini dizkio Torresi.

Caballerok nabarmendu du denbora asko daramatela zentsura eta manipulazio jokabideen aurka lanean. «Valentziako azken hori zentsura onartezina da. Homologa daitekeen telebista publiko batera itzuli behar da, gobernuaren zuzeneko eraginik gabekoa». Caballeroren iritziz,Europako telebista publiko gehienak boterearengandik independenteak dira. «Nahi dugu telebista publikoak gizarte osoari ematea zerbitzua, eta ez soilik alderdi politiko bati».

Montoro: «Ba aldatu katez»

Azkeneko egunetan, areagotu egin dira RTVEko langileen protestak, bereziki PPk duela hamahiru egun RTVEko administrazio kontseilua eta presidentea berritzeko akordioa blokeatu eta gero. Egoera «onartezina» dela salatu du PSOEko senatari Oscar Lopezek, eta modu honetan erantzun dio Cristobal Montoro Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroak: «Ez bazaizu RTVE gustatzen, aldatu katez; asko daude».

Espainiako Kongresuko talde politiko guztiek, PPk izan ezik,elkarretaratzea egin zuten asteartean, RTVEko langileen ordezkariekin batera, eskatzeko administrazio kontseiluaren eta presidentearen aldaketa berritu eta blokeoa amaitzeko. UPNko bi ordezkariak ere han izan ziren. Caballero itxaropentsu dago, «gehiengo politiko eta sozial bat dagoelako egoera berritzearen alde» eta «RTVEko profesionalek bokazioa dutelako telebista publiko bat edukitzeko».

Egunotan, taldeko emakumezko langile batzuk manipulazio kasuak salatzen ari dira Twitterren, eta Podemoseko diputatu Noelia Verak adibide horietako hainbat irakurri zituen atzo, Espainiako Kongresuan. Ogasun ministroak PSOEko ordezkariari emandako erantzuna errepikatu zuen: «Ez baduzu gustuko albistegia, aldatu katea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.