ETB1ek 'Eskuak, zeru eta infernu' dokumentala estreinatuko du gaur

Pilotan eskuak duen garrantzia aztertuko dute. Joseba Urkiolak eta Oier Plazak zuzendu dute

Abel Barriola pilotari ohiaren eskua, dokumentaleko irudi batean. ETB.
urtzi urkizu
2018ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Eskua eta pilota, esku pilota. «Pilotak lehen baino dentsitate handiagoa du, eta abiadura handiagoa hartzen du, ikusleen nahiak asetze aldera jokoa bizkorragoa delako orain. Beraz, horrek eragin zuzena du pilotarien eskuetan», azaldu dute Joseba Urkiolak eta Oier Plazak. ETB1ek eskuari eskainitako dokumental bat estreinatuko du gaur, 22:35ean: Eskuak, zeru eta infernu. «Eskuak dira pilotariaren tresnak, eskuetako minek erakusten dute, ondo izanez gero, kirola gozatzen, eta, gaizki dituztenean, sufritzen. Zerurako bide izan arren, pilotariek infernuan dezente egon behar izan ohi dute», gaineratu du Urkiolak.

Filmak Mediak ekoizpen etxeak egin du lana ETBrentzat. Eskuez eta pilotak eskuetan duen eraginaz mintzatuko dira hainbat elkarrizketatu. Presentzia nabarmena duenetako bat Abel Barriola pilotari ohia izango da. Joxean Tolosak, bestetik, 1989ko eskuz banakako finala gogoratuko du. «Tolosak berak kontatuko du nola bizi izan zuen partida hura, nola sufritu zuen eskua lehertua zeukala», iragarri du Urkiolak. Pilota munduaren ingurukoak 1989tik gaur arte nola aldatu diren ikusi ahalko dira.

Urkiolarekin batera zuzendu du Plazak dokumentala, eta Xabier Crespok egin du muntaketa. Plazak arlo estetikoari egin dio erreferentzia: «Gustatzen zaigu analogiak egitea. Takoak jartzea musika tresna bat egokitu eta afinatzea bezalakoa dela iritzita, Ander Arroitajauregi luthierra grabatu dugu. Harri esferikoa jasotzen ere grabatu dugu; harriak pilota irudikatuko luke, eta eskuekin daukan harreman hori dimentsio handiagoan plazaratu».

Emakumezkoen pilotari adi

Eskuak euskal kirolaren tradizioan duen pisua aztertuko dute dokumentalean. «Kirol askotan lanerako tresna izan da eskua, eta lan hori kirol bihurtu dugu zenbaitetan». Hori guztia ondo aztertzeko, Olatz Gonzalez Abrisketa antropologoa elkarrizketatu dute. Patxi Astibia aizkolariak, bestetik, eskuen laztasunaren eta naturarekiko kontaktuaren berri emango du. Eskuetan aditua den masajista baten hitzak ere jasoko dituzte: Pedro Garciarenak. Haren kontsultatik pasatu dira, besteak beste, Juan Martinez Irujo, Titin III.a eta Iker Irribarria. Ander Ugarte pilota egileak esku pilotaren eboluzioa aztertuko du, Gonzalez Abrisketarekin batera.

Pilotari gehiago ere agertuko dira eskuen inguruan hitz egiten: Jokin Altuna, Julen Martija, Mikel Idoate —eskuetako minengatik utzi behar izan zuen kirola— eta Merino anaiak. Martin Alustiza LEP ligako pilota hautatzaileak, bestalde, hautaketa eguneko mekanikaren berri emango du.

Emakumezkoen pilotari ez diote bizkarra emango dokumentalean, Urkiolak iragarri duenez: «Patri Espinarrek oso aitortza interesgarriak egiten ditu, eta argi adieraziko du zein zaila den emakumezkoentzat ustez gizonezkoentzako diseinatutako mundu batean zigilua uztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.