Errusiako lehiek 2.035 milioi euro ekarriko dute munduko publizitatera

Mediasetek partida guztiak emango ditu irekian: 64. TF1 kateak 28 norgehiagoka emango ditu
Zabivaca Munduko Kopako maskota bisitarien eta kameren arreta bereganatzen ari da egunotan.
Zabivaca Munduko Kopako maskota bisitarien eta kameren arreta bereganatzen ari da egunotan. JUAN HERERO / EFE

Urtzi Urkizu -

2018ko ekainak 13
Munduko Kopa jokatuko dute Errusian, bihar hasi eta uztailaren 15era bitartean, eta horrek eragin handia izango du herrialde askoren publizitate inbertsioetan. Kontuan hartu behar da 3.500 milioi ikus-entzule izango dituztela futbol partidek. Zenith enpresaren ikerketa baten arabera, 2018ko mundu osoko publizitate inbertsioak 2.035 milioi euro handiagotuko dira; aurtengo hazkundearen %10 futbol txapelketaren eraginez izango da. Errusian bertan, 54 milioi euro handituko dira publizitate sarrerak, eta futbol txapelketako inbertsioak alor horretan urte osoko %2,1 izango dira. Txinan, 708 milioi eurotan handituko dira publizitate inbertsioak. Ikerketaren arabera, egunkari salmentek gorantz egingo dute Munduko Kopak iraungo duen egunetan eta kirolarekin lotutako webguneetan dezente handituko da trafikoa.

BERRIAk ere arreta berezia jarriko du Munduko Kopan: egunero hiru-lau orriko kronikak eta erreportajeak argitaratuko ditu paperean —tartean, Amaia Agirreren eta Julen Gabiriaren iritzi artikuluak izango dira irakurgai—, eta webgunean atal berezi bat egongo da txapelketari eskainia. Bideoanalisiak ere ikusi ahal izango dituzte webgunearen bisitariek. Partiden informazio zabala eta emaitza guztiak aurkituko ditu irakurleak. Euskal Herrian jaiotako jokalariekin eta entrenatzaileekin egindako elkarrizketak ere argitaratuko dituzte.

Hamaika telebistan, Beñat Zarrabeitiak egunero analisi bat egingo du. Gurean gaur albistegian ikusi ahalko dira analisiak, eta partiden laburpenak ere emango dituzte.

Mediaset eta TF1

Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan Mediaset España taldeko telebista kateetan ikusi ahalko dira Munduko Kopako partida guztia. 64 partidak irekian, gainera. Tele5, Cuatro eta Be Mad kateetan zuzenean izango dira ikusgai partida horiek guztiak. Jardunaldi bakoitza bukatzen denean, Be Mad kateak Todo el Mundial en Mediaset saioa emango du. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako futbolzaleek, berriz, irekian 28 partida ikusi ahalko dituzte, TF1 katearen bitartez. Txapelketako 64 partidak ikusteko aukera BeIn Sport ordainezko katearen harpidedunek izango dute.

EITBko hedabideetan albistegietan eta kirol saioetan emango dute txapelketaren berri, baina ez dute bidaliko kazetaririk Errusiara.

Herrialde gehienetan telebistaz ikusiko dute Munduko Kopa, baina gero eta gehiago dira partidak Interneten ikusten dituztenak. Ofertia enpresaren inkesta baten arabera, Kolonbiako futbolzaleen %84k Interneten ikusiko dituzte norgehiagokak.

Bihar lehen partida jokatuko dute Moskun Saudi Arabiak eta Errusiak, 17:00etan. Telebistaz ikusi edo irratiko kontakizuna entzuteaz gain, BERRIAko kazetarien eta zutabegileen iruzkinak irakurtzeko aukera egongo da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna