Otsailean estreinatu zuen Gasteizko Hala Bedi irratiak ...O no será feminismo gaiei buruzko programa. «Baina aurten sendoago hasi dugu ikasturtea», azaldu du Gizane Moragues saioko kideak. Astelehenetan ematen dute programa, 22:00etatik 23:00etara —errepikapena igandetan, 09:00etan—. Iazko udazkeneko eskaintzarekin alderatuz, Hala Bedi irratiak dituen berrikuntzetako bat da. Gaur, 12:00etan egingo dute programazio berriaren aurkezpena Hala Bedi tabernan, zuzeneko irratsaioa emango dute, eta hara biltzen direnentzat izango da jatekorik.
Hamabi lagunek egiten dute ...O no será irratsaioa. Lau taldetan banatuta daude, eta talde bakoitzak hileko astelehen batean egiten du programa. «Horrela oso erosoa da saioa egitea. Gainera, ahots ugari eta ezberdinak agertzen dira», nabarmendu du Moraguesek. Urriaren 24an hasi zuten denboraldia, eta egun horretan taldeko kide guztiak bildu ziren irratian.
Lau taldeetako hiruk aurkezpenak gaztelaniaz egiten dituzte, eta euskarazko berriak tartekatzen dituzte. Talde bakarrak egiten du euskara hutsean programa osoa —etzi ariko da—. Talde horretan Errekaemeak talde feministako bi kide eta 7 menos 20 taldeko emakume bat aritzen dira. Hilaren 12rako antolatu den ekitaldi baten berri emango dute, Moraguesek azaldu duenez. «Arabako Emakumeen Asanbladak 40 urte beteko ditu, eta 7 menos 20 taldeak hamar urte. Aliantza eguna egingo dute bi taldeek, borrokak batuz. Horren inguruan ariko dira datorren asteleheneko saioan». Programa osoan euskaraz jarduten duen taldeak zientziari eskainitako atal bat ere egiten du, hilean behin.
Feminismoaren inguruko saioko kideak azaldu du askotariko gaiak jorratu dituztela programarekin hasi zirenetik: mobilizazioak, prostituzioa, jai ereduak, indarkeriari eman beharreko erantzunak, emakume errefuxiatuak... «Datozen asteetan, azaroaren 25aren inguruan [Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna] Euskal Herrian egiten den lanketa aztertuko dugu», gaineratu du Moraguesek. «Biktimen gaiaz ere ariko gara».
Musika klasikoa eta opera
Hala Bediren aurtengo beste berrikuntzetako bat Tiroa kontzertuaren erdian euskarazko irratsaioa da. Musika klasikoa eta opera lantzen dituen saioa da, eta Enrique Bertek aurkezten du. Ostegunero ematen dute, 15:00etan. Gaztelaniazko saioa da, bestetik, Excavar en tiempos revueltos; Arqueologia Social taldeko kideek egiten dute, arkeologiaren eta historiaren inguruko gaiak umorez landuz. Astelehenetan ematen dute, 21:00etan. Egun berean, baina, 23:00etatik gauerdira entzun daiteke Erraietatik kontrakulturari lotutako saioa.
Hala Bedi Bin kolaboratzaile berriak hasi dira Hizpide magazinean. Astegunetan ematen dute, 09:00etatik 10:00etara.
Feminismoari lotutako gaiak, Hala Bedin entzungai astelehenero
Gasteizko irratiak programazioaren aurkezpena egingo du gaur Hala Bedi tabernan, 12:00etan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu