'Herri txiki'-tik 'Herri city'-ra

Bihartik aurrera Euskal Herriko hirietan ibiliko dira Mikel Pagadizabal eta Zuhaitz Gurrutxaga
Mikel Pagadizabal eta Zuhaitz Gurrutxaga Bilbon ibiliko dira bihar, ETB1eko <em>Herri city</em> saio berrian.
Mikel Pagadizabal eta Zuhaitz Gurrutxaga Bilbon ibiliko dira bihar, ETB1eko Herri city saio berrian. ETB

Urtzi Urkizu -

2018ko maiatzak 19
Aurreko igandean amaitu zen ETB1eko Herri txiki, infernu handi saioaren denboraldia, eta bihartik aurrera Herri city programa berriak hartuko dio lekukoa igande gauean. Datozen asteetan, Euskal Herriko hainbat hiritako pertsonak eta bazterrak ezagutzera joango dira Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadizabal, Beñat Iturbe gaztearen laguntzarekin.

Iturberentzat esperientzia berria da telebistakoa. Saioaren dinamika nondik nora joango den azaldu du: «Gurrutxaga eta Pagadizabal hainbat pertsonarekin egongo dira, Herri txiki, infernu handi-n bezala, eta haiei esker ezagutuko dute asteko hiria. Ni beste bi eratan saiatuko naiz hiriak nolakoak diren ezagutzen: alde batetik, Interneten informazioa bilatzen, eta, bestetik, kale inkestak egiten». Aurkezleen bideoei esker herri txikien saioak duen erritmoa mantentzen saiatuko dira. «Nire atalak arinagoak izango dira, eta beste ikuspuntu ironikoagoa eta absurdoagoa emango diote saioari», nabarmendu du Iturbek.

Gidoilari ikasketak egin ditu Iturbek, eta tarteka Herri txiki, infernu handi-n idazten aritu da. «Donostian grabatu genuen Herri city-ko lehen atalerako deitu ninduten. Hori izan da nire lehen lan profesionala». Urriaren 29an eman zuten probako atal hura.

Orain, berriz, bost atal emango dituzte: Bilbo, Gasteiz, Baiona, Eibar (Gipuzkoa) eta Iruñea. Hiri bakoitzeko topikoak landuko dituztela iragarri dute saioko arduradunek, umorez eta orain arte sekula ikusi gabeko ikuspegi batetik kontatuta.

Herri txikietan baino pisu handiagoa izango du programako platoak, bestalde. Iturbe ere igoko da plato horretara, Gurrutxagarekin eta Pagadizabalekin egotera. «Interneten aurkitutakoa erakustera igoko naiz ordenagailu eramangarriarekin, platoko sofara», iragarri du Iturbek. Saiokoek nabarmendu dutenez, gazteak hirietako kontu friki ugari eramango ditu platora.

Ikusle datu bikainak

Biharko atalean, Bizkaiko hiriburuan murgilduko dira. Begoña izenaren misterioak arakatuko dituzte, txikiteoan aritzearen gorabeherak jasoko dituzte, eta Bilbok Ingalaterrarekin duen lotura sendoa ikertuko dute. Aneguria rap musikari eta artista, Txema Uriarte —San Frantzisko auzoaren berri emango du— eta Zorion Egileor aktorea —Bilboko Aste Nagusiaz ariko da— azalduko dira programan. Iturbek Athleticeko zalerik bitxienen berri emango du. Pagadizabal eta Gurrutxaga, gainera, Las Felliniren ikuskizun batera joango dira.

Donostian egindako Herri city-ren atalak %5eko ikusle kuota izan zuen —euskaldunen artean, %13,8—.

Bestalde, denboraldi honetan datu apartak eskuratu ditu Herri txiki, infernu handi-k: %5,6ko ikusle kuota —euskaldunen artean, %14,3—. Gehien ikusi zen atala Aguraingoa (Araba) izan zen, otsailaren 11n: %8,1eko ikusle kuota —euskaldunen artean, %21,2—.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna