Blai gazte telebistak 'Anakrusa' musika saioa estreinatuko du bihar

Igande gauean bertan Hamaikan ikusi ahalko da. Kanaldudek asteazkenean emango du

Lapurdiko Lumi musika taldeak hiru kanta joko ditu Anakrusa saioaren lehen atalean. BLAI.
urtzi urkizu
2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Musikan, esaldi baten hasieran eta konpas barraren aurretik jarrita dagoen nota bati edo nota talde bati esaten zaio anakrusa. Lehen denbora indartsuaren aurretik, beraz. Melodia hari indartsuagoen aurrekari bilaka daiteke Anakrusa musika saioa Blai gazte telebistarentzat. Bihar estreinatuko dute programa, 20:00etan,Blairen Youtubeko kanalean eta Topatu.eus atarian. Gainera, Hamaika telebistak ere bihar emango du programa, 21:00etan. Kanalduderekin elkarlanean ari dira Blaiko kideak saioa egiten, eta Nafarroa Behereko telebistak asteazkenean emango du (18:00).

Urtarrilaren 14an hasi zuen bere bidea Blai telebistak, Mahai Gainera eztabaida saioarekin. Urtarrilaren 28an estreinatu zuten bigarren programa: Hutsa eta doblea. Aktualitatea ikuspegi kritikoz eta umorez lantzen dute saio horretan. Hirugarren saioa da Anakrusa, eta Fermin Mendazona programako kideak iragarri du elkarrizketak kontzertu txikiekin uztartuko dituztela. «Oinarrizko helburua da musika munduko gatazkak eta informazio falta agerraraztea, zalantzak argitzea». Saio bakoitzean, musika talde gonbidatuak hiru kanta joko ditu. Kanta eta kanta artean, musikari baten hitzak tartekatuko dituzte.

«Anakrusa-n uste dugu elkarrizketa topikoetatik aterako garela. Edozein ikuslek alternatiba bat aurkitu ahalko du, eta euskal eszenan zer mugitzen den ezagutu ahalko du», azaldu du Mendazonak.

Donostiako Intxaurrondo auzoko Letaman gaztetxean grabatuko dute saioa. Aurreneko talde gonbidatua Lumi izango da. Haren kantak entzuteaz gain, taldeko kantari Nahia Zubeldiaren hitzak tartekatuko dituzte —Lehior Bilbaok egingo dizkio galderak—. Sorkuntza prozesuei buruz ariko dira solasean.

Hilean behin emango dute saioa, eta bigarren ataleko gonbidatuak Skakeitan taldeko bateria jotzaile Julen Idigoras eta Eneritz Furyak bakarlaria izango dira.

Blai telebistaren hurrengo proiektua fikziozkoa izango da.

'Uantxuflai', Kanalduden

Anakrusa-ko kideek nabarmendu dute Kanaldudeko baliabide teknikoei esker oso ondo entzungo direla taldeen kontzertu txikiak.

Kanaldudek, halaber, musikarekin lotutako beste saio bat estreinatu du berriki: Uantxuflai. «Soinuaz pasionatuak direnei zuzendutako saioa da», esan du Allande Etxeberri Kanaldudeko komunikazio arduradunak—Paxkal Irigoienekin batera aurkezten du saioa—. «Musika entzuteko baino gehiago, soinua aztertzeko programa bat da». Aurreneko atalean, soinu hartzeaz eta grabaketaz aritu dira Haritz Harregirekin; protagonista bera nahasketaz ariko da hilaren 28ko atalean.eMe taldearen kantu bat nahastuko du Harregik kameren aurrean. Soinuaren munduko bizipenak eta teknikak plazaratu nahi dituzte saio horretan, «baina dibulgazio handirik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.