Hala Bedik salatu du Jaurlaritzak kendu egin diola lortu zuen lizentzia

Gasteizko irrati librea prest azaldu da helegitea jartzeko eta gaia legebiltzarrera eramateko

Hala Bedi irrati libreko kideetako batzuk solasean, Gasteizko egoitzan, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2016ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
2011. urtean, Eusko Jaurlaritzak—Patxi Lopez lehendakari zela— irrati lizentzien lehiaketa jarri zuen martxan; 1986an egin zuten aurrekoa. Gasteizen, euskarazko hiru erreserba zeuden. 2012an lehiaketako behin-behinekoerabakia eman zuten, eta hiru erreserba horietako bat Hala Bediren euskarazko proiektuarentzat izan zen —irrati elebiduna lizentziarik gabe gelditu zen—. Jaurlaritzak, ordea, prozesua bertan behera utzi zuen. Gerora jakin zen irregulartasunak izan zirela.

Behin-behineko lizentzia lortu zuten hainbat irratik helegiteak jarri zituzten, eta, auzitegiz auzitegi ibili ostean, epaileek arrazoia eman diete; Antxeta irratiak, adibidez, horregatik du orain lizentzia Donostia aldean. Helegitea jarri ez zuten irratiak, berriz, Jaurlaritzak lizentziarik gabe utzi dituela salatu du Hala Bedik. Irrati libreak jakinarazi du lehiaketaren espediente osoa eskatu duela eta bertako informazioa argitaratuko duela. Halaber, prest azaldu da, «beharrezkoa bada», helegitea jartzeko eta gaia Eusko Legebiltzarrera eramateko.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak adierazi du egoera aztertzen ari dela. Hala Bedik, aldiz, kritikatu du irrati lizentzien lehiaketa hasieratik ez zela planteatu modu egokian: «Irrati komunitarioei eta euskaldunei ez zieten aukera egokirik eskaini lehiaketan parte hartzeko, eta, beraz, lizentzia bat lortzeko. Euskararentzat, halaber, ez zen gutxienekorik ezarri [euskarazko erreserba ez zirenetan]». Hala Bedik gogorarazi du lehian sartzeak «diru xahutze handia» eta «buruhausteak» ekarri zizkiola: «Publikoki eskatu behar izan genuen bermeak jarri ahal izateko dirua, ez baikenuen aukerarik gure kabuz jartzeko. Orduan ere hainbat kolektibok eta norbanakok babestu zuten proiektua».

Eusko Jaurlaritzak lehiaketa bertan behera utzi zuenean, helegitea jartzeko aukera izan zuela dio Hala Bedik. «Baina lehendik eragindako trabei beste batzuk ez gehitzearren, errekurtsoa ez jartzea erabaki genuen azkenean», dio irrati libreak.

Azkeneko hilabeteetan, epaileek helegitea jarri zuten irratiei arrazoia eman diete. «Hau da, lehiaketa bertan behera utzi izana legez kontrakoa zela baieztatu dute». Gasteizko irratiak salatu du Jaurlaritzak, «horretarako ahalmena badu ere», ez duela inolako borondaterik agertu okerra zuzentzeko. «Modu horretan, helegitea jartzeko gaitasunik izan ez zuten gurea bezalako irratiak bidegabeki lizentziarik gabe utzi nahi ditu».

Hala Bedik nabarmendu du lizentzia behar duela eta lortu arte ez duela etsiko. «Izan ere, lizentziarik gabe, lege babesa falta baitzaigu eskubide osoz orain arte egin duena egin ahal izateko». Erakunde publikoek ematen ez dioten legitimazioa entzuleek eta bazkideek ematen diotela adierazi du irrati elebidunak. Sare sozialetan, #Yallahbedi traolarekin ari da salaketa egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.