Maite Iturbek adierazi du zaila dela EITB oso epe luzera begira jartzea

EITBko zuzendari nagusiak esan du kultura zabaltzeko egokiagoa dela Internet telebista baino
Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusia eta Andoni Aranburu Estrategia zuzendaria, atzo, legebiltzarrean.
Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusia eta Andoni Aranburu Estrategia zuzendaria, atzo, legebiltzarrean. JUANAN RUIZ / FOKU

Urtzi Urkizu -

2018ko ekainak 19
«Streaming bidezko telebistara pasatuko gara, nonahiko kazetaritzara ere bai, eta zenbait eduki robotizatu egingo dira. Egoera horretan, EITBk konfiantza landu beharko du». Hala esan zuen atzo Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak atzo Eusko Legebiltzarrean, 2019-2030 urteetarako plan estrategikoaren eskaerari erantzunez. Iazko azaroan eskatu zion legebiltzarraren gehiengoak plan hori, eta irizpide batzuk jasotzen dituen txostena —zazpi orrialdekoa— irakurri zuen kontrol batzordean Iturbek. Nabarmendu zuen «ezinezkoa» dela hain epe luzerako estrategia diseinatzea, ikus-entzunezko mundua «oso aldakorra» delako. «2020tik harago plana egitea zaila da, ez dakigulako zer jokaleku izango dugun».

Iturberen parte hartzea kritikatu zuten EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PP eta PSE-EEko ordezkariek. EAJko Ana Oregik, aldiz, esan zuen EITBren erreforma integralerako lantalderako baliagarriak izan daitezkeela testuan jasotakoak. Elkarrekin Podemoseko Eukene Aranak «errespetu falta» leporatu zion Iturberi, aurkeztutako testua dela eta: «Ikus-entzunezko edozein enpresa pribatuan kalean egongo zinateke, Iturbe». EH Bilduko Unai Urruzunok esan zuen «definizio maila altuagoa» espero zuela. Eta PPko Nerea Llanosek adierazi zuen testuan ez dagoela berritasunik aurreko planaren irizpideekin alderatuta. PSE-EEko Gloria Sanchezek ere nabarmendu zuen zehaztasun gehiago izan zezakeela testuak.

Iturbek honako zazpi arlo hauetan aipatu zituen etorkizunera begirako irizpideak: «Informazioa izango da xede nagusia; euskararen normalizazioa; EITB taldearen transformazio digitala; EITBk ikus-entzunezko sektorearekin elkarlanean aritu behar du; pertsonak, lehiakortasun eredu berria behar da; eman beharreko zerbitzu publikorako aurrekontua finkatzea; eta Estatuko legedia aldatzea». Azken puntu horri lotuta, Iturbek aipatu zuen Espainiako legeek Mediaset-Atresmedia duopolioa errazten dutela. «Berriki Atresmediak, Mediasetek eta RTVEk LovesTV plataforma sortu dute, eta EITBri ez zaio bertan sartzen utzi». Netflix, HBO eta halako plataforma globalek eraginda aurrera begiratzea zailagoa dela ohartarazi zuen Iturbek.

Kultur programazioa

Elkarrekin Podemosen legez besteko proposamen bati erantzunez, Iturbek kultur programazioaren inguruko azalpenak eman zituen. Kultur arloko 70 saio aipatu zituen. Osatu duten txosten baten arabera, ETBko lau kateetan egunero hamabost ordu eskaintzen zaizkio kulturari, eta irratietan zazpi —Iturbek aitortu zuen errepikapenak sartu dituztela zenbaketan—. Elkarrekin Podemoseko ordezkariak kulturari kate bat eskaintzeko aukeraz galdetu zuen. Iturbek esan zuen hori ez dagokiola zuzendaritzari erabakitzea. «Telebista, agian, ez da tresnarik egokiena kultura zabaltzeko. Kultur eskaintzan sakondu ahal izateko, Internet izan daiteke bitartekotik egokiena».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna