Mugak Zabalduz taldeak erakusketa kritikatu du

2021eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Herriz herri dabil Errefuxiatuak: bizitzeko ihes egin behar erakusketa, eta kritikak ere jaso ditu. Garesen (Nafarroa) izan zen hil hasieran, eta Patera gutxiago, pertsona gehiago eta Europa errudun mezuak idatzi zituzten erakusketako pateran. Mugak Zabalduz karabanako kideek Europako migrazio politikak gogor kritikatu zituzten ohar batean. «Iraingarria» iruditu zitzaien errefuxiatu hitza bakarrik erabiltzea, eta pertsona horiek ihes egitera behartzen dituzten egoeren ardura ez hartzea leporatu zieten erakundeei.

Patera erakustea ere kritikatu zuten oharrean: «Ezin ditugu paterak erakutsi ordezkatzen duten zauri sakon eta sistematikoa onartzen ez dugun bitartean, galdutako bizitza bakoitza estatu krimen bat izan dela esan gabe, Europak egina eta espainiar estatuak onartua».

Pintaketak «ekintza bandalikotzat» hartu zituzten zenbait hedabidek, eta bigarren ohar bat bidali zuten Mugak Zabalduz taldeko kideek. «Ezin gara isilik geratu pintaketa batek gehiago asaldatzen duenean salatzen denak baino. Gobernuak patera ekartzen du, baina ez hor bidaiatzen duten pertsonak». Horrekin batera, harrera politika «serio» eta «eraginkor» bat egiteko eskatu zioten Nafarroako Gobernuari.

Daniel Burgi argazkilaria «harriturik» agertu da: «Pintaketak erakusketan salatzen dena indartzen du. Argazkilari guziok urte anitz daramagu egoera hauek salatzen, gure osasuna, aurrezkiak eta bizitza horretan inbertituz». Burgik uste du kritika «zilegi» dela, baina «pena» du: «Agian ez da ulertu zein zen gure mezua». Gainera, «min» egin dio gobernuaren kontra joz, haien lana «ezbaian» jarri zela uste baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.