UDAKO SERIEA. Ezkerra Latinoamerikan (eta IV). Txile.

Ikasleak, gobernuan

Azken hamabost urteotako kaleko mobilizazioek ezkerreko belaunaldi gazte bat eraman dute agintera. Ezkerraren bilakaera eta herrialdearen etorkizuna baldintzatuko ditu irailaren 4ko plebiszituak.

Poztasuna. 2021eko abenduaren 19an, Boricen garaipena ospatzera atera ziren ikasleak, poza adieraztera. ELVIS GONZALEZ / EFE.
jon ordonez garmendia
2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Neoliberalismoa Txilen jaio zen, eta Txilen hilko da», dio Gabriel Boric Txileko presidenteak (Punta Arenas, 1986). 2011ko abenduaren 19an, Txileko UnibertsitatekoIkasleen Federazioko presidente izendatu zuten, eta, hamar urte geroago, 2021eko abenduaren 19an, Txileko presidente hautatu zuten. Boric da 1973ko estatu kolpearen ondoren jaio den lehen presidentea. 36 urte ditu, eta ezkerreko belaunaldi berri bat iritsi da Moneda jauregira haren eskutik.

«Argi dago elite aldaketa bat dagoela. Gaur egun gobernuko karguetan daudenek 40 urte inguru edo gutxiago dituzte. Trantsizioa bideratu zuten zentro ezkerreko liderrak, Ricardo Lagos, Michelle Bachelet... kanpoan geratu dira», dio Rolando Alvarez Vallejosek, Santiagoko Unibertsitateko historia irakasleak. Txileko Unidad Popularren garaiaz geroztik ikertu du ezkerraren bilakaera, eta, haren ustetan, Unidad Popularren garaira egin behar da atzera hori ulertzeko. Ezker belaunaldi berri bat izan arren, gazte horien diskurtsoan badaudelako XX. mendeko ezkerraren trazak.

Augusto Pinocheten estatu kolpearen ondoren, bitan zatitu zen Unidad Popular. Batetik, diktadorearekin trantsizioa adostearen aldekoak zeuden; PS Alderdi Sozialista zegoen horien artean, militarrek hil zuten presidentearen alderdia, Salvador Allenderena. Bestetik, diktadura erorarazi egin behar zela uste zutenak zeuden, horretarako borroka armatua ere babesten zutenak; horien artean zegoen PCCh alderdi komunista. Irteera adostuaren alde zegoen ezkerra nagusitu zen lehia horretan, eta zentro-ezkerreko eta zentroko indarrekin batera gobernatu zuten Txilen 1990etik 2010era, Demokraziarako Alderdien Ituna koalizioan.

«Urte horiek basamortuko zeharkaldi bat izan ziren PCCh alderdiak ordezkatzen zuen ezkerrarentzat. Berlingo harresia erori zen, eta iraganeko kontu baten gisara geratu zen ezker hori, neoliberalismoaz hitz egiten zuena», azaltzen du Alvarezek. Orduan, baina, orduko eta oraingo diskurtsoak lotzen dituen zerbait gertatu zen: «Bizirik irauteko mugimendu sozialetan, ikasle mugimenduan eta langile sindikatuetan barneratu zen».

'Ez dira 30 peso. 30 urte dira'

Espainian bezala, Txilen ere eredugarritzat jo izan dute batzuek trantsizioa. Manuel Antonio Garreton soziologo eta politologoak, ordea, hala laburbiltzen du Demokraziarako Alderdien Itunaren garai hori: «Progresismo mugatua eta neoliberalismo zuzendua. Demokraziarako trantsizioa, diktaduraren ondarearekin». 1990ean, boterea eskuz aldatu zen, baina sistema berak jarraitzen zuen txiletarren biziak baldintzatzen, eta pixkanaka arrakalak egin ziren. 1980ko konstituzioak ez zion sakoneko aldaketak egiteko aukera ematen zentro-ezkerreko koalizioari, eta horrek higatu egin zituen.

«Neoliberalismoaren paradisua esaten zioten Txileri, eta 2006an ikasleen bost urteko mobilizazio ziklo bat hasi zen. Testuinguru horretan hasi zen agertzen ezker berria». Pinocheten 1990eko hezkuntza legearen aurka mobilizatzen hasi ziren ikasleak, eta, demokrazia berriro ezarri zenetik, ordura arteko protestarik handienak izan ziren 2011koak. 2019ko matxinada soziala piztu zuen txinparta ere ikasleen protesta bat izan zen: Santiagoko metroko txartela %3 garestitu zuten, eta ikasleek metroan ordaindu gabe sartzeko kanpaina bat egin zuten: Ez dira 30 peso. 30 urte dira zen leloa.

Testuinguru horretan hasi zen loratzen hamar urtean gobernura iritsi den ezker gaztea. 2011ko mobilizazioetako ikasleen liderren artean zeuden, besteak beste, Gabriel Boric presidentea, Camila Vallejo ministro bozeramailea, Giorgio Jackson idazkari ministroa eta Camilo Ballesteros Gizarte Erakunde zuzendaria.

Vallejo eta Ballesteros PCChn daude, baina besteak bereizi egin dira alderdi komunistatik, ezker berri bati forma emanez: «Ezker berri horrek marxismo gutxieneko bat du, chavismoaren kontrakoa da; PCCh ez bezala, urrundu egiten da Nikaraguatik, Kubatik eta Venezuelatik. Boric kritiko da hiru herrialde horietako gobernuekin. Espainiako Pablo Iglesias eta Podemos miresten dituzte», azaltzen du Alvarezek, eta gaineratzen du Alvaro Garcia Linera Boliviako presidenteorde ohia dutela erreferentetzat.

Pablo Iglesiasek Madrilen bezala, ikasle horiek ere alderdi politikoak izan zituzten jomugan kalean mobilizatu zirenean, baina, azkenean, eurak ere alderdien logikan sartu ziren. 2017an, Fronte Zabala osatu zuten hainbat alderdi eta mugimendu politikok, eta koalizio hori Txile Duina beste koalizioarekin —PCCh zegoen hor— batu zen presidentetzarako hauteskundeetarako. Boric zen Fronte Zabalaren buru, eta Daniel Jadue PCChko kidearekin lehiatu zen primarioetan; hurrenez hurren, botoen %60 eta %40 lortu zituzten.

Ezker berri horren buruak gazteak izanik, Allenderen Unidad Popular urrun geratzen zaiela gaineratzen du Alvarezek, errespetua adierazten badiote ere: «Diktadura iraganeko kontu bat da gazte horientzat, haiek Lagos eta Bacheleten kontra borrokatu baitira». Gaztetasunak, ordea, baditu bere hutsuneak, eta ikasle mugimenduan erro sakonak dituzten bitartean langileen artean sustrairik ez dutela dio: «Ez daude langileen sindikatuetan. Hor ezker zaharra esango genukeena da nagusi. Fronte Zabalari kalea gutxi zapaltzen duela leporatzen zaio. PCCh alderdiak bestelako erroak dauzka. Militante gazte eta profesional asko du».

Komunistak, pragmatiko

Ezker berri hori loratzen den bitartean, beste bi ezker klasikoak oso egoera desberdinetan daude. Guillermo Teillier PCCh alderdiko presidenteak posizio pragmatikoetara eraman du alderdi komunista, eta oso ondo kokatu du egoera politiko berrian. Iraci Hassler PCCh alderdiko kideak 31 urte ditu, eta Santiago hiriburuko izen bereko komunako alkate hautatu zuten abenduko udal hauteskundeetan. Camila Vallejok 34 urte dauzka, eta gobernuko ministrorik baloratuena da. «Bitxia da PCCh alderdiarena. XX. mendeko itxura mantentzen du, bandera gorria, igitaia eta mailuaren ikurra, baina ez du naftalina usainik, XXI. mendeko alderdi bat bihurtu delako: gaztea, feminista eta bidegabekeria sozialak borrokatzen dituena. Beste alderdi batzuek zentrorantz biratu dute, baina PCCh da Txileko ezkerreko alderdirik garrantzitsuena».

Beste muturrean PS Alderdi Sozialista dago. Alvarezen ustez, gobernuko alderdi baten gisara agertu da azken hamarkadetan, eta noraezean dago ezkerraren erreferente izateari utzi dioenetik. «Oso alderdi plurala da. Gainera, taldeka funtzionatzen du, eta lider baten bila ari da».

Etorkizunaz galdetuta, Alvarezentzat zaila da orain iragartzea zer gertatuko den datozen urteetan ezkerraren familia horietan eta euren arteko harremanetan. Boricek lau hilabete soilik daramatza karguan, eta, alderdien politikan hasiberria izanik, normaltzat jotzen du akatsak egitea. Gainera, oraindik 1980ko konstituzioa dagoenez indarrean, Boricek ezingo du bigarren agintaldi bat egin jarraian, Pinocheten konstituzioak ez baitu horretarako aukera ematen. Horrek esan nahi du, gehienez ere, 2026an utzi beharko duela kargua.

Edozein kasutan, argi du irailaren 4ko konstituzio berriaren plebiszituak etorkizuna baldintzatuko duela. «Biltzar konstituziogileak kapitalizatu egin zuen haserrea. Eztanda soziala eskuineko gobernu baten kontra izan zen, baina irailaren 4an ez dago ziurtatuta garaipena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.