HIZKUNTZA GUTXITUETAKO HEDABIDEAK (IX)

Mugarri bat Latinoamerikan

Maputxe herriak mapuzugun hutsean argitaratzen den lehen hedabidea sortu berri du Txilen: 'Purum Llemay' aldizkaria. Herritik sortua da, eta herriarentzat izatea dute xede.

urtzi urkizu
2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Latinoamerikako herri indigenetan badira hainbat paperezko argitalpen, baina kasu gehienetan gaztelaniazko itzulpenak ageri dira orrialdeetan. Maiatzaren 15ean, Txilen, mapuzugun hizkuntzan argitaratutako lehen aldizkaria kaleratu zen: Purum Llemay. Maputxeen hizkuntzan daude testu guztiak, eta, alde horretatik, Latinoamerikan mugarri bat izan daitekeela iruditzen zaio Elizabeth Nuñez aldizkariko zuzendariari: «Latinoamerikan ez zegoen ama hizkuntzan huts-hutsean idatzitako hedabiderik, gaztelaniazko itzulpenik gabe. Horregatik, aldizkariaren sorrera garrantzitsua izan daiteke beste herrialde batzuentzat ere».

Txileko Santiago, Temuco, Concepcion eta Valparaiso hirietan hasi dira aldizkaria banatzen eta saltzen. «Eskala txikian ari gara banaketa egiten, oraingoz. Kontuan izan behar da maputxeen %80 Santiagon eta hiri handietan bizi direla».

Mapuzugun hizkuntzarentzat aldizkaria sortzea funtsezkoa izan daitekeela uste du Nuñezek: «Komunikabideak kontrolatzen dituztenek ideiak ere kontrolatzen dituzte. Guri hizkuntza ikusaraztea axola zaigu. Itzul diezaiotela hizkuntzari zuen estatusa eta balioa, lurralde maputxean egin zuten inbasioaren aurreko egoeraren parera irits dadin. Horretarako, oso garrantzitsua da mapuzugun hizkuntzan komunikabide gehiago egotea. Modu bat baita informatzeko, hezteko, eta neologismoak, kontzeptuak eta hitzak zabaltzeko».

Hamar langilerekin abiatu da proiektua. Pixkanaka-pixkanaka, mapuzugunen idazten duten herritarren kolaborazioak jaso nahiko lituzkete. Aldizkaria hilabetekaria izango da, baina Nuñezek ohartarazi du hasiberriak direla. «Maiztasuna ez daukagu erabat finkatuta; joango gara ikusten».

Finantzaketarako, bestalde, zozketa bat antolatu zuten aurreneko zenbakia atera ahal izateko. «Bigarren zenbakirako, aurrenekoaren salmentetako dirua erabili dugu. Hizkuntza maite duten herritarrek jarritako diruari esker ari gara aurrera egiten», azaldu du aldizkariko zuzendariak.

Edukiei dagokienez, maputxeen lurraldeetako interes orokorreko gaiak lantzen dituzte. «Albiste batzuk Argentinako La Platatik ere bidaltzen dizkigute. Gure lurraldeetan gertatzen diren gaiak landu nahi ditugu, maputxeei eragiten dietenak zein maputxeak ez direnei ere eragiten dietenak», gaineratu du Nuñezek.

Proiektuaren sustatzaileek lehen unetik nabarmendu dute hizkuntza gizartean bistarazteko beharra dagoela. Maputxeen hizkuntza irakasten eta sustatzen ari diren lagun talde bat bildu zen horretarako. Eta aldizkaria tresna baliagarritzat dute orain.

Internet, hurrengo pausoa

Nuñezek, bestetik, ohartarazi du mapuzugunaren egoera zaila dela: «Galtzeko mehatxupean dago». Maputxeen komunitateko %30 dira hizkuntza hitz egiteko gai. «Araucania eskualdean ez da ofiziala, eta ikastetxeetan ez du estatusik. Ikasleen %15 baino gehiago maputxeak badira, ikastetxean astean bi orduz irakasten dute mapuzunguz. Baina ez gehiago». Nuñez kexu da ikastetxeetan ez dutela lehentasuntzat hartzen mapuzungua irakastea.

Badira, bestalde, irrati komunitario batzuk mapuzunguz emititzen dutenak, baina ez soilik maputxeen hizkuntzan. Horietan gaztelaniak presentzia handiagoa izan ohi du.

Aurrera begira, Nuñezek nabarmendu du aldizkariaren ikusgarritasuna handitu nahi dutela. «Webgune bat sortzeko asmoa dugu, eta nahiko genuke bertan herritarrek albisteak mapuzugun hizkuntzan irakurri eta entzun ahal izatea. Txilen pertsona asko daude inoiz ez dutenak maputxeen hizkuntza entzun».

Aldizkariko zuzendariak, bestetik, esan du Txilen aberatsek kontrolatzen dituztela komunikabideak. «Purum Llemay aldizkaria urrun dago haiengandik. Gure kazetaritza herriarena da, eta herriarentzat egina. Gure ildo editoriala sentsazionalismotik urruti dago, eta saiatzen gara eduki sexistak ez ateratzen». Gogoratu du aldizkari eta egunkari askok emakumeen gorputzak erabiltzen dituztela gehiago saltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.