Albistea entzun

EUROPAKO IRRATI-TELEBISTA PUBLIKOAK (I): ERRESUMA BATUA

Erreferente goraipatuena

BBCren independentzia bermatzen duen dekretuaz gain, kanpoko erregulatzaile bat izango du ondorengo 11 urteetan. Garazi Goiak nabarmendu duenez, BBC ez da gobernuarena.
Munduan sortu zen aurreneko telebista publikoa da BBC. Irudian, Londresko egoitzaren sarrera.
Munduan sortu zen aurreneko telebista publikoa da BBC. Irudian, Londresko egoitzaren sarrera. ANDY RAIN / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2017ko otsailak 12

British Broadcasting Corporation 1922an sortu zuten, irratia emititzeko. Telebista saioak ematen 1936ko azaroaren 2an hasi zen. Munduko irrati-telebista publiko zaharrena da. «Erresuma Batuko kulturaren sinbolo bat da. Jendeak sinetsi egiten du BBCren markan». Hala dio Garazi Goiak (Segura, Gipuzkoa, 1978), BBCko Negozio Garapen saileko zuzendariak. Argi du: «BBC ez da gobernuaren telebista. Independentzia mantentzen du, eta batzorde exekutiboko lanpostuak ez dira lanpostu politikoak». Haren ustez, BBCn lan egiten dutenen DNAn dago «kalitatezko telebista» egitea. Munduan prestigio handienetakoa duen taldea da.

Irrati-telebista publikoaren finantzaketa bi aldetatik dator: batetik, kanonetik —145 libera (170 euro) ordaintzen du telebista edo BBC iPlayer-a daukan etxebizitza bakoitzak—; eta, bestetik, alor komertzialaren sarreretatik, bereziki BBC Worldwide atzerriko salmentak kudeatzen dituen sailak lortutakoak. Kanonak datozen bost urteetan inflazioaren igoera izango du, eta aurrerantzean 75 urtetik gorakoek ez dute ordaindu beharko.

Kontrol mekanismoetan aldaketa batzuk egiten ari da. Iazko abendura arte, BBC Trust erakunde erregulatzaileak hautatzen zuen zuzendaria. Hamabi ordezkariz osatuta dago BBC Trust, eta haren tutoretzapean du BBC Board administrazio kontseilua.

Ondorengo 11 urteetan, aldiz, kanpoko erregulatzaile bat edukiko du BBCk: Ofcom. Erresuma Batuko erakunde erregulatzailea da Ofcom, eta han batzorde berri bat sortuko dute apirilean. «Batzorde horrek hautatuko du zuzendaria». Mekanismo kontroletan, batetik Royal Charter izeneko dekretua dago, BBCren oinarri konstituzionala. «BBCren helburu publikoa definitzen du, baita haren independentzia ziurtatu eta batzorde exekutiboaren betebeharrak definitu ere».

Bestetik, The Agreement dago, estatu idazkariaren eta BBCren arteko hitzarmena. «Ofcomek hainbat araudi biltzen ditu, adibidez, zerbitzu publiko bat izateagatik bete beharrekoak, inpartzialtasunari buruzko gidak...».

BBCren asmoen berri jaso ohi du, bestetik, Liburu Zuriak. «BBCren hartzaile datuak aztertzen dira, merkatua zein norabidetan doan, konpetentziaren eta etorkizuneko estrategiak biltzen dira». Sail guztien laguntzarekin osatzen dute txostena —ia hiru urteko lana behar izan dute osatzeko—. «Kontsulta publiko bat ere egiten da, kanona ordaintzen duten herritarren iritzia jakiteko. Azkeneko Liburu Zuria osatzeko, 200.000 herritarrek baino gehiagok inkesta bat bete zuten». Inkesta horretako datuak esanguratsuak dira: astero herritar helduen %97k erabiltzen dute BBC, eta batez beste estatuko herritar bakoitzak astean hemezortzi orduz kontsumitzen ditu taldeko hedabideak.

Herritarren parte hartzea garrantzitsua den moduan, gardentasuna ere funtsezkoa da talde publikoarentzat. «Ahalik eta gardentasun handienez jarduteko erantzukizuna dauka BBCk. Erabakiak argitara ematen dira, finantzaketa ere guztiz gardena da, eta goi karguetan daudenen soldatak argitaratu egiten dira».

Hizkuntza gutxituak

Bestalde, Erresuma Batuan hitz egiten diren hizkuntza gutxituei erreparatzen die irrati-telebista publikoak. BBC Alba Eskoziako gaeleraz emititzen duen telebista katea da; 2008an sortu zuten, eta egunero zazpi ordu inguru emititzen ditu gaeleraz. Galesen, berriz, S4C Sianel Pedwar Cymru kate elebiduna dago; 1982an hasi zen emititzen, ingelesez eta galesez, eta gaur egun haren finantzaketa BBCren kargu dago. «Ipar Irlandan ez dago kate berezirik hango hizkuntza minorizatuan, baina, hala ere, nazio bakoitzak bere albistegiak eta programa propioak dituzte BBC One eta BBC Two kateetan. Albistegietan deskonexioak ere egiten dira hiru nazioetan».

Era berean, eskualdeetako albisteek presentzia nabarmena dute, albistegien hamabost bertsio ezberdin eskaintzen baititu BBC One kate nagusiak. «Hurrengo araudian inoiz baino garrantzi handiagoa emango zaio eskualdeen nortasuna mantentzeari».

Aurrera begira jarri da BBC, herritarrei zerbitzua hobetzeko asmoz. «Entzule eta ikusle gazteak mantentzea garrantzitsua da», nabarmendu du Goiak. «Eduki gehiago erosi behar dira, formatu berriak sortu, partnership berriak sortu [sozietate kolektiboak], aliatu berriak bilatu, arriskuak hartu, eta merkatuko erronketan aitzindaria izan».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Paco Rabanne, 2004ko argazki batean. / ©Montserrat T. Diez, EFE

Paco Rabanne diseinatzaile pasaitarra hil da

Edu Lartzanguren

Bretainiako etxean zendu da, 88 urterekin. Frankismoak erbesteraturikoen errefuxiatu kanpalekuetatik pasa zen, eta modaren inperio bat sortu zuen.

Emari jokoa ©EMARI

Emari: erreferenteak diren emakumeen inguruan ikasteko jokoa

Isabel Jaurena

Egunero, emakume baten izena asmatu behar dute erabiltzaileek, eta horretarako bost arrasto izanen dituzte.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Bortxaketa salatzeko erabili dut musika»

Ane Insausti Barandiaran

'Medusa' izeneko EPa sortu du AyVeek, jasan zuen bortxaketa eta ondoren bizi izandakoak kontatzeko. Haren hitza zalantzan jarri zutela salatu du, eta ingurukoen babesari esker egin duela aurrera.
ETB1eko <em>Go!azen</em> telesaileko aktore gazteak. ©ETB

Hiru haurretik batek ikusi du aurten 'Go!azen' ostiraletan ETBn

Urtzi Urkizu

ETB1eko telesailaren denboraldia gaur amaituko da. Kontzertuek maiatzera arte jarraituko dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...