Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Bizigiro Hizkuntza denei tokia eginez

Publizitatea

Bizigiro

EUROPAKO IRRATI-TELEBISTA PUBLIKOAK (ETA X): FINLANDIA

Hizkuntza denei tokia eginez

Finlandiako Parlamentuak izendatzen ditu talde publikoaren administrazio kontseiluko 21 kideak. «Independentzia editoriala» bermatzea dago kontseiluko helburuen artean.
Matti Ronka kazetariak aurkezten du Yle TV1 kateko albistegi nagusia.
Matti Ronka kazetariak aurkezten du Yle TV1 kateko albistegi nagusia. YLE

2017-04-16 / Urtzi Urkizu

Yleisradio Finlandiako irrati publikoa 1926. urtean sortu zuten, Erresuma Batuko BBCren ereduan oinarrituta. Telebista publikoaren emankizunak, berriz, 1958an hasi zituzten —bigarren katea handik sei urtera sortu zuten—. Egun, lau telebista kate ditu Yle taldeak: lehena jeneralista da, adin guztietako ikusleentzat; bigarrena ikus-entzule gazteentzat da, telesailekin, zinemarekin eta kirolarekin; Yle Fem katea suedieraz mintzatzen diren herritarrentzat da —saioek azpidatziak dituzte finlandieraz—; eta Yle Teema katean kultura eta hezkuntza saioak gailentzen dira. Irrati kate nazionalak bederatzi dira —horien artean Yle Sami Radio dago, samientzat—. Lurraldeetako irratiak, orotara, 24 dira.

Finlandiako irrati-telebista publikoak Yle Areena Interneteko nahieran zerbitzua jarri zuen martxan duela hamar urte —podcast-ak ere baditu—. Zerbitzuak ahalbidetzen du telebista eta irrati kate guztiak sarean zuzenean ikustea, eta saio zaharren artxibo bat ere badu. Sakelakoetarako aplikazio bat sortu dute, halaber.

Yleko Samien Departamentuko buru Maria Saijetsek azaldu duenez, unitate berezitua da samia, baina Finlandiako taldearen kazetaritza irizpide profesionalak jarraitzen ditu. «Egunero, astegunetan, bederatzi ordu irrati emititzen ditugu hiru hizkuntza samietan». Irratiko albistegietan politikako berrien laburpen bat samieraz egiten dela nabarmendu du Saijetsek. Telebistarako ere ekoizten dituzte edukiak samien hizkuntzetan: albistegietarako bost minutu egunero batetik, eta asteko bost egunetan ordu laurdeneko saio bat, bestetik. «Interneten albisteen eskaintza lau hizkuntzatan egiten dugu: inari, skolt saami, iparrekoa eta finlandiera. Gure eduki propioak lantzen ditugu, eta sarri hainbat hizkuntzatara itzultzen ditugu piezak». Inari eta skolt saami hizkuntzetan kate publikoa da Finlandiako komunikabide bakarra. «Adin guztietako ikus-entzuleak erakartzeko, kalitatezko edukiak ekoitzi behar ditugu. Hizkuntza txikiek bereziki hizkera modernoen beharra dute».

Samien sailean hogei langile daude beharrean. Yle talde publiko osoak, berriz, 3.000 langile ditu. Finlandiako irrati-telebista publikoak bere oinarrietan jasotzen du finlandiera eta kultura finlandiarra sustatu behar dituela, baina, horrekin batera, gutxiengoei lekua eman behar diela.

Yle taldea estatuarena da, baina zuzendaritza parlamentuak izendatutako administrazio kontseiluaren esku dago. 21 kidek osatzen dute, eta «independentzia editoriala» bermatzea dute helburuetako bat. «Zuzendaritzako postuak izendatzean, ez da posizionamendu politikorik egoten. Halaber, ez dago ardura postuetarako denbora mugarik», azaldu du Saijetsek. Bestetik, enpresaren estatutu batzuk daude, eta horiek finkatzen dituzte zerbitzu publikoaren xedeak.

Finantzaketari dagokionez, herritarrek ordaintzen duten tasa etxe bakoitzaren diru irabazien eta bertan bizi diren pertsonen araberakoa da. Aurrekontuaren zati bat irrati eta telebista pribatuek jartzen dute, Ylek publizitate komertzialik ez jartzearen truke. «Finantzaketa aldaketaren inguruan eztabaida publikoak eta kritikak egon dira, besteak beste, taldeak gobernuarekin dituen loturengatik. Hala eta guztiz ere, azkeneko inkesten arabera Finlandiako irrati-telebista publikoak egun onarpen eta sinesgarritasun handia du», adierazi du Samien Departamentuko arduradunak.

Taldearen azkeneko txosten ofizialaren arabera, Finlandiako 10 urte baino gehiagoko herritarren %43k ikusten dute egunero Yleko telebista kateetako bat —2015eko datuak—. Populazioaren erdiak entzuten du taldeko irratiren bat egunero.

Ylek kultura eta entretenimendu edukietan inbertitzen du diru gehien —2015ean, 70,5 milioi euro—. Ondoren, albistegietako zerbitzuak doaz —57,1 milioi—. Taldearen egitura osoa mantentzeak 470,7 milioiko kostua izan zuen 2015ean.

Publizitatea

Sortu kontua
Urtzi Urkizu Urtzi Urkizu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak