Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Bizigiro Gizarte zibilak bere eragina du

Publizitatea

Bizigiro

EUROPAKO IRRATI-TELEBISTA PUBLIKOAK (V): ESLOVENIA

Gizarte zibilak bere eragina du

Esloveniako irrati-telebistan, Programazio Kontseiluak izendatzen du zuzendaria eta arautzen du programazioa. Kideen %17 baino ez dira alderdi politikoek hautatutakoak.
Esloveniako irrati-telebista publikoaren egoitza nagusiaren sarrera, Ljubljanan.
Esloveniako irrati-telebista publikoaren egoitza nagusiaren sarrera, Ljubljanan. VERONIKA ROT

2017-03-12 / Urtzi Urkizu

Radiotelevizija Slovenija RTVSLO enpresa publikoa 1928. urtean jarri zuten martxan. Gaur egun, bost telebista kate —hiru nazionalak eta bi lurraldekoak— eta hiru irrati kudeatzen ditu. Programazio Kontseiluak kontrolatzen du taldea, eta kontrol horretan eragin nabarmena dute gizarte zibileko eragileetako ordezkariek. «Gizarte zibilak indar handia du Programazio Kontseiluan, eta kontseilu horrek programazio planak finkatzen ditu». Hala nabarmendu du Suzana Vidas Karolik, Esloveniako irrati-telebista publikoko nazioarteko harremanetako saileko arduradunak.

Programazio Kontseilua 29 kidez osatua dago, eta horietatik hamasei Biltzar Nazionalak aukeratzen ditu, ikusleek eta entzuleek proposatuta. «Hamasei kide horien artean daude unibertsitateko irakasleak, elkarteetako ordezkariak, sindikatuetako eta sindikatu elkarteetako kideak, artearen, kulturaren, zientziaren eta kazetaritzaren arloetako ordezkariak, baita gizarte zibileko beste talde batzuetako kideak ere», zehaztu du Vidas Karolik. «Hautagaien egokitasuna eta aukeraketa deialdi publikoen bidez egiten da. Gainera, eskualde ezberdinetakoak behar dute izan».

Programazio Kontseiluko beste kideen artean, bat hungariar komunitate nazionalak aukeratzen du, beste bat italiar komunitate nazionalak, beste bat Esloveniako Arteen eta Zientzien Akademiak, bi kide erlijio komunitateek proposatzen dituzte, hiru kide RTV Eslovenia taldeko langileek aukeratzen dituzte eta bost kide Biltzar Nazionalak izendatzen ditu alderdi politikoek proposatu eta gero —ordezkaritzaren arabera—. Dena den, kontseilu horretako ordezkarien %17 baino ez dira alderdi politikoek proposatutakoak.

Programazio Kontseiluak izendatzen du irrati-telebistaren zuzendari nagusia, eta irratiko zein telebistako zuzendarien izendapena baimentzen du.

Vidas Karolik azaldu duenez, Gainbegiratze Kontseilu bat dago, 11 kidez osatua. «Horietatik bost parlamentuko alderdi politikoek aukeratzen dituzte, lau gobernuak izendatzen ditu, eta bi irrati-telebistako langileek zuzenean aukeratzen dituzte». Kontseilu horrek erabakitzen ditu finantza planak, eta urteko txostenak egiten ditu. Aipatutako bi kontseiluak aldi berean eratzen dira, eta ordezkarien karguak lau urterako izaten dira.

Kazetarien independentzia RTVko estatutuak bermatzen duela azaldu du Vidas Karolik. «Kazetariek estandar profesionalak eta oinarri etikoak betetzen dituzte saio guztietan». Hizkuntzei dagokienez, esloveniera da programazioan hizkuntza nagusia. «Baina baditugu hainbat saio italieraz eta hungarieraz, bi hizkuntza horiek hitz egiten dituzten komunitateentzat. Raadio Eslovenia International irratia ere badaukagu, kanpoko entzuleentzat». Irrati horrek eslovenieraz, alemanez eta ingelesez emititzen du.

Telebistako eta irratiko eskaintzaz gain, taldeak Interneten zabaltzen dituen edukiak aintzat hartzekoak direla nabarmendu du taldeko nazioarteko buruak: «Interneteko edukiak irratikoak zein telebistakoak bezain garrantzitsutzat jotzen dira». www.rtvslo.si Eslovenian bisita gehien dituen bost webguneen artean dago. «Telebistako eta irratiko programazioa webgunearen bidez ikus daiteke, eta presentzia handia dugu sare sozialetan» —sareen artean, Snapchat erabiltzen dute—.

Irrati publikoak telebistak baino hartzaile datu hobeak ditu. Irratiaren merkatu kuota %24 inguruan dabil, eta telebistarena %21 inguruan. «Telebistan liderrak izaten gara kirolarekin eta politika emankizun garrantzitsuekin. Baina telebistako datuak ez dira handiak, ez dugulako emititzen reality-show-rik eta folletoirik».

Etorkizuneko erronken artean, Ljubljana hiriburuan albiste erredakzio integratua sortzea aipatu du RTVko ordezkariak. «Eskualdeetako zentroetako lan antolaketa ere erronketako bat da».

Publizitatea

Sortu kontua
Urtzi Urkizu Urtzi Urkizu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak