HIZKUNTZA GUTXITUETAKO HEDABIDEAK (I)

Alfabetatzean pizgarri bizia

Kitxua hizkuntza suspertzeko, 'Wiñay Kawsay' aldizkaria sortu zuten, Ekuadorren, 2007an. Hilero 2.000 ale banatzen dituzte, Imbabura eta Pichincha eskualdeetan.

Maria Yamberla Wiñay Kawsay aldizkariko zuzendaria, proiektua aurkezten komunitate batean. WIÑAY KAWSAY.
urtzi urkizu
2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Kitxua komunitateei zerbitzu bat eskaintzeko, komunikazio proiektu alternatibo gisa sortu zuten Wiñay Kawsay aldizkaria 2007. urtean. AJKI Imbaburako kitxua gazteen elkarteak sustatu zuen proiektua, eta lehen hiru urteetan informazio orokorreko albisteak, kultur gaiak eta Otavalo kantonamenduko (Ekuador) tokiko berriak landu zituzten.

Maria Yamberla Wiñay Kawsay-ko zuzendariak azaldu duenez, 2010ean proiektuak norabide argia hartu zuen kitxua hizkuntza sustatzearen mesedetan: «Aldizkaria elebiduna da, kitxuaz eta gaztelaniaz argitaratzen da. Baina etapa berrian nabarmen gelditu zen kitxua hizkuntza irakastea sustatu behar zela, eta gure kulturaren funtsa hor dagoela». Aldizkariak kitxua hizkuntza suspertzearen aldeko lan aktiboa egiten du, eta kitxua kultura zabaltzen ahalegintzen da.

Urteotan, proiektuaren ahultasuna finantzaketan egon dela ohartarazi du Yamberlak: «Arazo ekonomikoek ez digute utzi nahiko genukeen moduko banaketa egiten, ezta kalitatean hobetzen eta beste kantonamendu batzuen jarraipena egiten ere». Aldizkariak ez du Ekuadorko Gobernuaren laguntzarik jasotzen. 2013ko irailean, ordea, Tradiciones Para el Mañana elkartearekin hitzarmen bat sinatu zuen aldizkariak, hiru urtez laguntza jasotzeko. «Hitzarmen horrek aukera eman digu edukien ekoizpena dibertsifikatzeko, eta proiektua sustengarriago bilakatu da». Iazko martxoan hitzarmena berritu zuten, hiru urtez aldizkariari laguntzeko —kostuen %70 Tradiciones Para el Mañana elkartearen eta Ginebrina federazioaren diruarekin betetzen dute—. «Publizitatetik diru gutxi lortzen dugu».

Bestalde, Garabide elkarteak urteak daramatza aldizkariarekin hizkuntzaren aldeko lanketan; Yamberlak eta proiektuko beste kide batzuek trebakuntza jaso dute Euskal Herrian, eta aholkularitza praktikoa Ekuadorren.

Ikastaroak eta lehiaketak

Wiñay Kawsay aldizkariko zuzendariak nabarmendu du, bestalde, haien helburu nagusia kitxua herrien bizipenak zabaltzea eta kitxua hizkuntza biziberritzen laguntzea dela. «Horrekin batera, literatur lehiaketak, kitxua hizkuntza ikastaroak eta antzinako jokoen ekitaldiak antolatzen ditugu».

Aldizkaria hilero argitaratzen dute, eta 2.000 ale banatzen dituzte Imbabura probintzian eta Pichincha eskualdeko eremu batean. Lurralde horietan, 150.000 lagunek hitz egiten dute kitxua. «Nahiz eta ohiko banaketa bi probintziatan bakarrik egin, aldizkariak zuzenean edo zeharka hizkuntzaren normalizazioaren alde egiten du Ekuadorko herrialde guztietan».

Aldizkariaren edukiei dagokienez, hiru atal nagusitan banatuta dago: aurrenekoa herrien bizipenei lotutakoa da —kultura, ekonomia, osasuna, Andeetako egutegiaren ospakizunak, espiritualitatea eta komunitateen antolakuntza—; bigarren zatian literatura kitxuako testuak ageri ohi dira —mitoak eta kondairak, antzinako jokoak, olerkiak, abestiak, asmakizunak eta iragarpenak—; hirugarren atala kitxua didaktikoari dagokiona da —alfabetoa, izendegia, gramatika eta jokoak—.

Eduki horiek argitaratzeak badu bere arrazoia. Yamberlaren arabera, Imbabura eskualdean kitxuaren alfabetatzea txikia izan da azkeneko hamarkadatan. «Nahiz eta Ekuadorko Konstituzoak nazioaniztun eta kulturarteko herrialdetzat jo, kitxua suspertzeko politika publikoak ez dira existitzen, eta ondorioz ez dago helduentzako alfabetatze prozesurik», adierazi du aldizkariko zuzendariak.

Ekuadorren kitxuaz argitaratzen den aldizkari bakarra da Wiñay Kawsay. «El Comercio egunkarian, orrialde bateko editoriala ateratzen dute kitxuaz astero». Imbaburan irrati bat ere bada kitxuaz emititzen duena: Radio Iluman.

Yambarlaren iritziz, funtsezkoa da herritar indigenek kontzientzia hartzea, eta haien hizkuntza eta kultura estimu handitan izatea. «Soilik modu horretan ikusiko dute kitxua ikasteko beharra. Eta horrek ekar dezake herriak estatuari exijitzea hizkuntza politikak ezartzea. Ez badugu kontzientziazioan lan egiten, hurrengo belaunaldiak ez du izango atxikimendurik bere hizkuntzarekin eta kulturarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.