HIZKUNTZA GUTXITUETAKO HEDABIDEAK (II)

Akuilatu nahi du erabilera

Irlandako gaelikoan eta ingelesez emititzen du TG4 telebista kateak. Irlandan gehien ikusten direnetan zazpigarrena da, eta lau herritarretik hiruk diote eragin ona duela hizkuntzarentzat.

TG4ko egoitza nagusia Baile na hAbhann herrian dago (Irlandako mendebaldea), eta 80 lagunek egiten dute lan. TG4.
urtzi urkizu
2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Irlandako gaelikoan ekoizten diren eduki indartsu eta sortzaileen sinonimoa da TG4 marka». Horrekin konbentzituta dago Trevor O' Clochartaigh, TG4 telebista kateko komunikazio managerra. Eta datua esanguratsua da: 650.000 herritarrek ikusten dute egunero TG4 —egun jakin batzuetan milioi batera iristen da kopurua—. Horietatik ez dira guztiak gaeliko hiztunak, ordea. Kateak emankizunak gaelikoz eta ingelesez emititzen baititu, eta gaelikoz ematen dituzten hainbat saiotan ingelesezko azpidatziak jartzen baitituzte. Edonola ere, gaelikoa da katearen hizkuntza nagusia, eta edukiak askotarikoak dira hizkuntza horretan: dokumentalak, kirol emanaldiak, musika, haurrentzako saioak, telesailak...

O' Clochartaighek nabarmendu du irlandarren eguneroko bizitzan hizkuntzaren «normalizazioa» ziurtatzen duela kateak. Nielsens enpresaren ikerketa baten arabera, lau herritarretik hiruk uste dute kateak eragin ona duela hizkuntzarentzat eta pizgarri dela ikusleentzat. «Hizkuntza eta kultura laguntzen dugu, eta egiten dugun guztian babesa eman nahi diegu gaelikoz hitz egiten duten komunitateei», esan du O' Clochartaighek. «Berrikuntzen eta aldaketen alde gaude. Talentu sortzaile berriak sustatzen ditugu, eta ikuspuntu teknologikotik dauden sistema berrienekin egunean gaude». Lan horrek hizkuntzak transmititzen duen irudian garrantzia duela uste du TG4ko komunikazio managerrak: «Gure hizkuntzaren irudia modernoa eta aurrerakoia izatea dakar horrek, etengabeko aldaketan dagoen inguru global batean, gainera».

2018-2022 urteetarako planak hizkuntza du jomugan lehen helburuen artean: «Irlandako gaelikoaren erabilera akuilatu nahi du TG4k, eta hiztunen kopurua handiagotu nahi du. Irlanda osoan hiztunen komunitateak egonkortzen eta hazten lagundu dezake ikusleak ugaritzeak».

Gazteekin konpromisoa

TG4 kateak 1996ko urrian hasi zituen emisioak, gaelikoaren aldeko herritarren kanpaina indartsu baten fruitu —lehen hiru urteetan Teilifis na Gailge izena zuen—. 2007. urtera arte, RTE Irlandako talde nazionalaren enpresa subsidiario batek kudeatzen zuen. Egun, zerbitzu publikoa eskaintzen du, eta 2009an onartutako ikus-entzunezko legeari jarraitzen dio. Erakundeko batzarra hamabi kidez osatua dago. Iaz, Irlandako Gobernuak 32,79 milioi euro eman zizkion kateari, eta horri publizitateko sarrerak gehitu behar zaizkio. «TG4 Europako telebista eraginkor eta errentagarrienetakoa da», dio kateko komunikazio managerrak. 2018-2022 planaren arabera, TG4k asmoa du ekoizpen independenteekin elkarlanean aritzeko, baita kultur eta kirol erakunde garrantzitsuenekin ere.

Irlandan ikusle gehien dutenen artean zazpigarren katea da TG4, eta %2ko ikusle kuota du batez beste. «Meritu handiko datua da, aintzat hartu behar baita Europako telebista merkatu lehiakorrenetako batean dagoela», azaldu du O' Clochartaighek. «Etxeen ehuneko handi batean kable, satelite edo Interneteko plataformen harpidedunak dira. Hala ere, TG4k ikusle fidelak ditu».

Kate elebidunak ez du kontsumo joera berrietan atzean gelditu nahi, eta ikusle gazteenekin «konpromisoa indartu» nahi dutela ziurtatu du O' Clochartaighek. Haur eta gazteentzako programazioa eskaintzen du egunero kateak. «Cula4 webgunean eduki entretenigarriak ditugu. Halaber, beste kanal digital eta gailu eramangarrietarako aplikazioak dauzkagu gazteenentzat». TG4ren webgunean, bestalde, Irish Oral Lessons izeneko atal bat dute, hizkuntzan trebatzen ari direnentzat.

Fikzioa ere ez da falta TG4 katean. O' Clochartaighek dio Ros na Run telesailak ikusleengan «arrastoa» utzi duela. Katea sortu aurrekoa da telesaila, 1996koa, eta 1.500 atal baino gehiago ekoitzi dituzte jada. Gaelikoz ematen dute, ingelesezko azpidatziekin, irailetik ekainera, astean bitan. AEBetan ere ikus daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.