HIZKUNTZA GUTXITUETAKO HEDABIDEAK III

Behin eta berriz isilarazia

1992. urtean sortu zenetik, makina bat aldiz itxi du Turkiako Gobernuak 'Azadiya Welat' egunkari kurdua. Hala ere, kurdueraren iraupenaren alde lanean jarraitzen du.

urtzi urkizu
2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Herriaren askatasuna». Hori esan nahi du kurdueraz Azadiya Welat-ek,1992tik argitaratu den hedabide idatziak —itxieren eraginez, izen ezberdinak jarri behar izan dizkiote sustatzaileek—. Askatasun gutxirekin egin du lan kazetak, makina bat itxiera sufritu baititu Turkiako Gobernuaren aldetik. Errepresioari aurre egiteko, ordea, «irudimena» behar izaten da sarri, Çetin Altun egunkariaren editoreak gogoratu duen moduan: «Apirilaren 29an, Turkiako inprentek erabaki zuten egunkaria ez argitaratzea, gobernuaren mehatxuaren ondorioz. Inprentek ez zuten argitaratu, baina egunkaria fotokopiagailu batean kopiatu genuen, eta irakurleei banatu». Azkeneko bi urteetan, hedabide kurduek fotokopiagailuak erabili izan dituzte maiz, artikuluak herriz herri irakurleei zabaldu ahal izateko.

Turkiako Gobernuak hedabide kurdu ugari itxi ditu azkeneko hiru hamarkadetan: egunkariak, agentziak, aldizkariak, irratiak eta telebistak; 2016ko udazkenean, hamar telebista itxi zituen gobernuak —tartean, haurrentzako kurduerazko lehen telebista katea—. Oztopoz oztopo, Çelinek ihardetsi du bere egunkariak kurduera hizkuntzari eusten jarraituko duela, «kontuan izanik hizkuntzak existitzen duen bitartean estatuaren presioek jarraitu egingo dutela».

Harpidedunen babesa

Azadiya Welat-ek ibilbide gorabeheratsua izan du Istanbulen argitaratzen hasi zenetik. Sorreran intelektual eta idazle kurduen ekarpena «funtsezkoa» izan zela nabarmendu du Çelinek. «Astero argitaratzen genuen Welat izenarekin, 1994an Turkiako Gobernuak itxi zuen arte. Orduan, Welatê Me izena jarri genuen, eta hori 1996an itxi zuten. Urte horretan hartu zuen Azadiya Welat izena». 2003. urtean, egoitza Diyarbakir hirira eraman zuten, Kurdistanen. Urte horietan guztietan, hedabidea astero argitaratu zen; «2006an ekin genion egunero argitaratzeari». 2016an eta 2017an ere berriro itxi zuen Turkiak kazeta.

Çelinek jakinarazi duenez, egunkariaren sostengu nagusia harpidedunak eta publizitatea dira: «Normalean, 8.000-10.000 ale inguru argitaratzen ditugu, eta horietatik 6.000 harpidedunenak dira». Haren irudikoz, herritar ugari daude hizkuntza kurduarekin interesatuta. Irakurleen gehiengoa ikasleak eta merkatariak dira. Espetxeetan ere kazetaren zabalkundea handia dela dio Çetinek: «Turkiago Gobernuak debekatu egin zuen egunkaria kartzeletan sartzea. Baina preso kurduek lortzen dute egunkaria irakurtzea. Are gehiago: preso askok hizkuntza ikasteko erabiltzen dute Azadiya Welat».

Publizitateari dagokionez, kurduen egutegiko hainbat data garrantzitsuak izaten direla esan du editoreak: Newroz eguna, Urteberri eguna, Martxoaren 8a, Maiatzaren 1a, Munduko Bakearen Eguna, Ramadanaren jaia eta Sakrifizioaren jaia.

Hizkuntzaren zabalpenean egunkariak duen rola ezin dela ahaztu uste du Çelinek: «Egunkaria bi helburu nagusirekin jaio zen: batetik, hizkuntzaren iraupena mantentzea, kontuan izanik suntsipen politika gogorrak izan dituela parez pare, eta, bestetik, herritarrek benetako albisteak beren ama hizkuntzan jasotzeko eskubideari erantzutea».

Irakurleekin duten harremanak ere «berebiziko» garrantzia duela uste du kazetako editoreak. «Irakurleek beretzat hartzen dute. Akatsen bat argitaratzen dugunean, berehala deitzen digute telefonoz. Beste batzuetan, deitzen dute esateko ez dutela ezagutzen hitz baten esanahia, eta tarteka deitzen dute albisteetan falta diren informazioak gaineratzeko». Zuzendariari bidalitako gutunak ere argitaratzen dituzte.

Çelinek berak aitortu du kurdueraren ezagutzan sakontzeko aukera izan duela egunkariaren bitartez. «Azadiya Welat-ek, gainera, idazle, olerkari eta kazetari kurdu ugari erakarri ditu. Bai haiek eta bai guk ez dugu ikusten proiektua soilik egunkari baten moduan, baizik eta hezkuntzaren eskubidea ukatu dieten pertsonentzako eskola baten moduan».

Etorkizunari begira, lanerako gogoz jarraitzen dute egunkari kurdukoek. «Kurduera suntsitu nahi du Turkiak. Baina guk borrokan jarraituko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.