HIZKUNTZA GUTXITUETAKO HEDABIDEAK (VII)

Komunitatea dute apustu

2012. urtean sortu zuten 'Praza Pública' galegozko hedabide digitala. Publizitatea eta bazkideen ekarpenak dituzte diru iturri, eta komunitatea sendotzea funtsezkotzat dute.

Praza Pública galegozko hedabide digitalaren kazetariak, lanean. PRAZA PUBLICA.
urtzi urkizu
2018ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Duela zazpi-zortzi urte inguru, galegozko hainbat hedabidek itxi egin behar izan zuten. Hala, kazetaritza, kultura eta unibertsitate arloetako hainbat lagun elkartu ziren 2011n, komunikabide digital berri bat sortzeko. «Galiziako ikuspuntuarekin, galegoz, eta aurrerakoia behar zuen proiektuak. Eta horrela sortu zen Praza Publica fundazioa», azaldu du David Lombaok, Praza Pública hedabide digitaleko zuzendariak —2012. urtean sortu zenetik ari da bertan lanean—. Hasierako erredakzioan hiru kazetari ziren, eta beste bi kolaboratzaile. Ez da asko handitu lantaldea: 2018an, lau kazetari lanaldi osoz ari dira, eta beste hiru kolaboratzaile dituzte.

Galiziak 2.700.000 biztanle inguru ditu, eta horien erdiek dakite galegoz. Praza.gal hedabide digitalak hilean 150.000 bisita inguru ditu, eta Lombaok nabarmendu du estrategiak ari direla lantzen irakurle gehiago lortzeko, «baita bilatzaile handien eta sare sozial batzuen algoritmoen mugak gainditzeko ere». Sare sozialetan batik bat Twitterren aritzen dira, eta 23.000 jarraitzaile dituzte.

Atariaren eduki guztiak dira galegoz, eta kazetaritza lanari garrantzi handia ematen diote, zuzendariaren aburuz. «Gure apustua da sakoneko gaien lanketaren eta aktualitatearen arteko oreka lortzea. Dena den, gehiago jotzen dugu erreportajerantz albiste laburretarantz baino. Egunero egiten dugu informazio apustu bat». Lombaok aitortu du ezin direla gai guztietara iritsi: «Ezin dugu helburutzat jarri gai denetara iristea, baina ez dugu halakorik nahi. Horregatik, uste dugu irakurleek guregandik gehiago espero dutela azaltzea zergatik gertatzen ari diren gauzak, zer gertatzen ari den baino».

Xuntaren laguntzarik gabe

Lombaok aitortu du Praza.gal egunkari digitala izan dela hasieratik, «eta bokazioz». Oinarri horri helduta, kazetariak nabarmendu du bat egin zutela bere garaiko teknologia berrienekin: «Adibidez, hasiera-hasieratik landu genuen gailu eramangarrien bateragarritasuna».

Hedabidearen diru iturriak bereziki bi bidetatik iristen zaizkie: publizitatetik eta bazkideen ekarpenetatik. «Galizian prentsaren testuingurua konplexua da; Galiziako Xuntaren laguntzek asko distortsionatzen dute merkatua, eta guk ezin izan ditugu inoiz diru laguntza horiek jaso». Publizitate instituzionaletik at ere utzi dute hedabidea, ComScorek ez duelako auditatuta. «Arrazoi horregatik, eta Interneteko publizitatea prezio oso baxuetan dagoelako, sinistuta gaude gure apustua bazkideen komunitatea dela. Komunitate hori funtsezkoa da gure proiektua egonkortu eta ziurtasunez haziz joateko».

Lombaori iruditzen zaio Praza Pública-ren moduko hedabideek garrantzi handia dutela hizkuntzarentzat, galegoarentzat: «Esan ohi da egunkari bat nazio bat dela bere buruarekin hitz egiten. Hori sinisten badugu, arrazoizkoa da hiztun galegoen komunitatearentzat informatu ahal izatea». Kazetariak uste du galiziarrek edozein eduki mota euren hizkuntzan normaltasunez jaso beharko luketela. Arazoen artean, aipatu du joera politiko jakin batzuk leporatu izan dizkiotela egunkari digitalari galego hutsean argitaratzeagatik.

Arazoak arazo, etorkizunari begira Lombaok bi erronka nagusi finkatu ditu hedabidearentzat: «Publiko berriak sortzen asmatzea eta audientzia datuak hobetzea. Eta, horrekin lotuta, oinarri soziala handitzea, diru sarrera gehiago lortu ahal izateko. Modu horretan, lantaldea zabaldu nahiko genuke, soldata duinekin eta egonkortasunarekin».

Gaur egun galegozko beste komunikabideekin elkarlanean aritzea duela hogei urte baino errazagoa dela aitortu du atari digitaleko zuzendariak. 2019rako paperezko egunkari bat sortzeko ari da lanean Sermos Galiza astekaria. Lombaok zorte ona opa dio proiektuari, baina ohartarazi du: «Inoiz ez da lortu paperezko egunkari bat egonkortasun nahikoarekin. Galegozko kazetaritzan melankoliatik ihes egin beharko genuke, eta ez tematu 'izan zitekeen eta izan ez zen' horretan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.