EUROPAKO IRRATI-TELEBISTA PUBLIKOAK (IV): ITALIA

Zaharberritze saio hutsala

RAI mastodonte arkaiko bihurtu da. Porrot egin dute telebista gobernuaren kontroletik askatzeko ahaleginek eta euskarri bideragarriago bat hezurmamitzeko saiakerek.

RAIren Erromako egoitzako edizio gela bat. Pantailan, Salvo Riina, mafiarekiko loturengatik zigortutakoa. CLAUDIO PERI / EFE.
Ane irazabal
2017ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Radiotelevisione Italiana 1924an sortu zen, Turinen, irrati albisteak emateko helburuaz. Laster, baina, Benito Musoliniren propaganda tresna nagusia bihurtu zen. «Irratiak indar handia du Italian», irizten dio Enrico Menduni akademikoak eta Roma Tre Unibertsitateko irakasleak. Edonola ere, faxismoa erori ostean RAIren benetako loraldia iritsi zen. «Telebista publikoak rol garrantzitsua jokatu du herrialdearen bateratzean, eta, batez ere, italiera estandarraren zabaltzean», uste du Mendunik. «Izan ere, RAI agertu zen arte, Piemonteko eta Calabriako italiarrek ez zuten elkar ulertzen», erantsi du.

Baina hastapen xume horietatik gaur egun arte dezente aldatu da RAI. 2017an, Europako hedabide publikorik handienetarikoa da Italiakoa. Bada, 13 telebista kate, hamar irrati kate eta 12.000 langile ditu, baita kontratu finkorik ez duten beste 10.000 kolaboratzaile ere. Menduni RAIren administrazio kontseiluko kidea izan da zazpi urtez, eta honela deskribatu du hedabidearen osasuna: «Izugarrizko mastodontea da. Denok dakigu eskua sartu behar zaiola, baina inork ez du plan estrategiko serio bat martxan jartzeko borondaterik». Halere, audientzian lider da oraindik ere RAI, eta italiarrek «berea balitz bezala sentitzen dute».

Halako hedabide erraldoi bat zutik mantentzeko, bi dira finantzaketa iturri nagusiak: kanona eta publizitatea. Italiako telebista publikoaren finantzaketaren %70 kanonaren bidez lortzen dute. 2015eko erreformaren ondotik, etxe bakoitzak 100 euro ordaindu behar ditu urtean —kanona argindarraren fakturan txertatu du gobernuak—.

Erreforma bakarra

Matteo Renzi lehen ministro ohiaren gobernuak bultzatu du RAIn egin den zaharberritze saiakera bakarra. Italiako Parlamentuak 2015ean onartu zuen lege berriaren arabera, RAIren boterea administrazio kontseiluaren eta administratzaile delegatu izeneko ordezkari berriaren artean banatu da. Administratzaile delegatua Ekonomia Ministerioak aukeratzen du, eta botere osoa dauka kate guztietako zuzendariak aukeratzeko.

Bestalde, administrazio kontseiluaren pisua ere apaldu egin du parlamentuak, lehen bezala bederatzi kide izan ordez zazpi baititu orain. Kideak honela banatzen dira: bi diputatuen ganberak aukeratzen ditu, bi senatuak, bi gobernuak eta bat RAIko langileek. Administrazio kontseiluaren boterea biziki ahuldu da, gainera. Izan ere, erreforma martxan jarri zenetik, organo historikoaren iritziak ez dira lotesleak, albistegietako zuzendarien kasuan izan ezik. «Gure eredua BBCrena da», esan izan du Renzik, baina Erresuma Batuko telebistaren independentziatik oso urrun geratu da RAI berria.

Sindikatuek lortu duten garaipen bakarra izan da zuzendari nagusien soldatak publikoki jakinaraztea. Gardentasunaren gaineko erreforma berrian, argitara atera da zenbat irabazten duten agintari guztiek. Kasu honetan ere, Europako marka guztiak gainditzen ditu Italiak: RAIko 94 kidek urteko 200.000 euro baino gehiago irabazten dute. Antonio Campo Dall'Orto zuzendari nagusiak, adibidez, 650.000 euroko soldata izan zuen iaz. «Oso deigarria da Dall'Ortok lehen ministroak baino sei aldiz gehiago irabaztea», uste du Mendunik.

Halere, irakaslearen iritziz, Italiako hedabide publikoak badu Europako telebista gutxik garatu duten zerbitzu garrantzitsu bat: TGR delakoa. «Italiako dibertsitate linguistikoak bultzaturiko egitasmo bat da, hau da, eskualde bakoitzak tokian tokiko kalitatezko albistegi bat izan dezan, eremu bakoitzeko hizkuntzari erreparatuz».

RAIk egoitza bereziak ditu Sizilian, Sardinian, Friulin, Trentino-Adige Garaian eta Aostako Haranean. Italiako telebista publikoak hizkuntza gutxituei erreparatzen die; Aostako Haranean, adibidez, patoisez emititzen dituzte eguneko bi albistegi. Trentino-Adige Garaian, bestalde, bi telebista kate ditu RAIk: Rai Sudtirol izeneko alemanierazko katea eta Rai Ladinia, ladinoz emititzen duena.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.