HIZKUNTZA GUTXITUETAKO HEDABIDEAK (VIII)

Multimedia bilakatu da

Frisiera hutsean emititzen du Omrop Fryslan irrati-telebistak. Frisiak 650.000 biztanle ditu, eta lautik hiruk egunero ikusten dute telebista frisieraz. Interneten ere hartzaile ugari dituzte.
Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko finala grabatu zuen Omrop Fryslan telebista kateak.
Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko finala grabatu zuen Omrop Fryslan telebista kateak. ARITZ LOIOLA / FOKU

Urtzi Urkizu -

2018ko ekainak 17
Komunikabideen arloan teknologia berrien zabalpenak ekarri dituen aldaketekin bat egin du azkeneko urteetan Frisiako (Herbehereak) Omrop Fryslan irrati-telebistak. Frisierazko lehen irrati emankizunak 1946an egin zituzten, Radio Noord irratian. «Gero, RONO izeneko irrati erregionala sortu zen, Frisia, Groningen, Drenthe, Gelderland eta Overijseel eskualdeetarako, eta emankizunetako batzuk frisieraz egiten zituzten», azaldu du Klaas Geert Bakkerrek, Omrop Fryslaneko editore buruak. 1988. urtean, Omrop Fryslan hedabidea bere kabuz hasi zen, frisiera hutsean irrati emankizunak egiten. Handik sei urtera ekin zieten telebista emankizunei. «Gaur, taldearen emankizun guztiak frisieraz dira erabat. Interneten eduki batzuk nederlanderaz argitaratzen ditugu, Frisiako gaien inguruan».

Komunikabideen edukiak Interneten zabaltzen hasi zirenetik adi egon direla nabarmendu du Geert Bakkerrek: «Toki guztietan gaude: webean, Twitterren, Facebooken, Instagramen, aplikazioak ditugu, irratia eta telebista sarean jarrai daiteke... Enpresa multimedia bat garatu dugu».

Gaur egun, 96 langile finko ditu taldeak, eta, horrez gain, beste 150 lagun aritzen dira autonomo gisa irrati-telebistarako beharrean. «Gehienek plataforma guztietarako lan egiten dute: irratirako zein telebistarako, eta baita Interneterako ere».

Hedabidearen finantzaketa gehienbat Herbehereetako Gobernuak emandako diruari esker lortzen dute. Kontuan izan behar da frisiera hizkuntza ofiziala dela. «Gobernuak urtean 12 milioi euro inguru jartzen ditu, eta gure aurrekontu osoa 14-15 milioi ingurukoa izaten da», zehaztu du Omrop Fryslango editore buruak. «Publizitatetik eta edukiak saltzetik baditugu sarrera batzuk».

Frisierazko eskoletarako

Frisiako herritarren artean harrera beroa du irrati-telebistak, Geert Bakkerrek azaldu duenez. 650.000 biztanle inguru ditu Frisiak —frisiera 500.000 lagunek hitz egiten dute Herbehereetan. Hiztun gehiago daude Alemanian eta Danimarkan—. «Frisiako biztanleen artean, lautik batek egunero ikusten du gure telebista. Eta herritarren %17k entzuten dute irratia frisieraz. Internet bidez askoz jende gehiagorengana iristen gara. Adibidez, Facebookeko post batzuek lau milioi bisita baino gehiago izan dituzte».

Geert Bakkerrek aitortu du frisieraren etorkizuna ez dagoela bermatuta eta aurrera egiteko zailtasunak dituela. «Horregatik, oso garrantzitsua da irrati-telebistaren lana. Ez dago frisiera hutsean argitaratzen duen egunkaririk, nahiz eta tarteka argitaratzen diren artikuluak gure hizkuntzan eskualdeko kazetetan». Era berean, ikastetxeetan Omrop Fryslaneko saioak erabiltzen dituzte frisierazko eskoletan. «Lehen hezkuntzako ikasleentzat, magazin bat egiten dugu astero, eta haurrek galderak bidaltzen dituzte programara». Gaztetxoentzat, berriz, telesailak egiten dituzte.

Gaur egun taldeak duen egiturarekin jarrai dezaketela aitortu arren, Geert Bakkerrek nabarmendu du zailtasunak dituztela merkatuan egoteko, milaka komunikabide, irrati eta telebistaren artean. «Gure hartzaileek erabiltzen dituzten tresnak eta kontsumitzeko moduak garatu beharko ditugu. Eta egunez egun erakutsi beharko dugu garrantzitsuak eta beharrezkoak garela gure publikoarentzat».

Maiatzaren 20an, Omrop Fryslanek bertsolaritzari buruzko dokumental bat estreinatu zuen —taldearen webgunean dago ikusgai—. Bart Kingma dokumentalaren zuzendaria, Jan Bensliman kameraria, Elmar Kuiper poeta eta Mirjam Vellinga Hizkuntzen Etxea proiektuko zuzendaria Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketako finalean izan ziren. Amets Arzalluz, Andoni Egaña, Imanol Lazkano eta Saroi Jauregi elkarrizketatu zituzten —haien hitzak euskaraz daude dokumentalean—. Txirritaren ahotsa ere entzuten da bertan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna