Udal eta foru hauteskundeak. Kanpainaren amaiera. LERRO ARTEAN

Hauteskunde zikloak

Enekoitz Esnaola -

2015eko maiatzak 23
Esaten da herri honetan beti gaudela hauteskundeetan eta, beraz, alderdiek euren interesak herri interesen gainetik jartzen dituztela maiz. Interesena erlatiboa izan daiteke haien balorazioa egitean, baina hauteskundeena ez da egia. Europako Parlamenturakoak kenduta —Europak baldintza dezake euskal politika, baina Europako hauteskundeek ez. Gainera, beste hitzorduetatik abstentzioa 20-25 puntu igotzen da; iaz Hegoaldean, ia %60koa izan zen—, Hego Euskal Herrian azkeneko hauteskunde garrantzitsuak duela bi urte eta erdi pasa izan ziren: 2012ko urrian, Eusko Legebiltzarrerakoak.

ETAk 2011ko urrian jakinarazi zuen jarduera armatua bukatu zuela, eta, Aieteko Adierazpenaren sinatzaileek beraiek esan bezala, «soilik gatazkaren ondorioez aritzeko» garaia zabaldu behar zen. Kofi Annanek-eta Espainiako eta Frantziako gobernuei «elkarrizketarako deia» egin zieten. Hilabete batera ziren Espainiako bozak, urte eta erdira EAEkoak —gero, aurreratu egin zituen Patxi Lopezek—, eta hurrenak, betiere Europakoak aintzat hartu gabe, biharkoak.

Hauteskunde lehiarik gabeko aldi luzea izan da. Baina gatazkaren ondorioez ez da elkarrizketarik hasi gobernuekin, eta euskal presoen egoera lehen bezain larria da. Bada esan bat: politikari batek hurrengo hauteskundeetan pentsatzen du; estatista batek, hurrengo belaunaldian.

PPn, desertuko ur tanta bat baino ez zen izan 2011ko azaroan Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak BERRIAn esandakoa: «ETAk hitz egiteko eskatzen du, baina ez negoziatzeko. Ñabardura hori garrantzi handikoa da, ez duelako planteatzen negoziazio bat botere jarrera batetik edo eragiteko gaitasun batetik. ETAk negoziazioari uko egiten dio bere agirian, eta hori garrantzitsua da».

Ezker abertzaleak Madrildik eta Paristik zerbait espero zuen ETAk jarduera armatua utzi zuenean. Artean, ordea, euskal presoek egoera berrira egokitzeko ariketa burutzeke zuten, eta EPPK-k bi urtera atera zuen adierazpena —2013ko abenduan—, hilabete batzuk lehenago Foro Sozialak aurkezturiko gomendioei erantzunez. Berriro ekimena hartzearren, 2014ko urrian Sortuk, Iparraldeko askotariko eragileekin batera, gatazkaren ondorioez adierazpen garrantzitsu bat atera zuen, eta EH Bilduk Bakerako Euskal Bidea aurkeztu zuen duela hilabete bat. ETA iaz hasi zen beste martxa bat sartzen: armagabetzearen hasiera, eta «borroka armatuaren egitura logistikoa eta operatiboaren desegitea». Jaurlaritzak joan den urritik hiru plan aurkeztu ditu: Hitzeman, Zuzen Bidean eta Zuzendu.

EAJk eta Sortuk, berriz, ETAk adierazpen historikoa plazaratu eta ia bi urtera ekin zieten berriro elkarrizketei. Ez dira ados jarri, proposamenak trukatzen dabiltzan arren. Adierazgarria izan zen EH Bilduk eta EH Baik Euskal Bidea aurkeztu eta berehala EAJk egindako adierazpena: «Albait arinen ekin behar diogu izan dugun gatazkaren ondorioak gainditzeari: erakunde armatuaren desmilitarizazioa, egin den min bidegabea aitortzea, presoen gizarteratzea eta ETAren amaiera egiaztagarria. Hori guztia egindakoan, euskal herritarren arteko nazio itun berria egiteari ekin diezaiogun».

Beste hauteskunde ziklo bat hasiko da orain: udal eta foru bozak bihar; urte bukaeran, Espainiakoak, eta hurrengo urteko udazkenean, EAEkoak. Aurrerabiderako egutegi ezkor samarra.

EAJk eta Sortuk oraingo boz hauen ondoren ekingo diote berriro elkarrizketari. Diotenez, blindatuta daukate harremana. Dena dela, ikusi beharko da hauteskundeon ostean Gipuzkoako edota udal batzuetako gobernu itunek zenbateraino okertzen duten giroa. Edo Nafarroakoak zenbat argitzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna