Donostiako Nazioarteko 63. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Drama, lagun arteko umorez

Hiltzear den gizon baten eta haren alboan egon nahi duen lagunaren arteko harremana du oinarrian Cesc Gayren 'Truman' pelikulak
Cesc Gay (eskuinean), Camara, Fonzi eta Darin aktoreekin.
Cesc Gay (eskuinean), Camara, Fonzi eta Darin aktoreekin. JUAN CARLOS RUIZ / ARP

Ainhoa Sarasola -

2015eko irailak 20
Heriotzari aurre egiteko moduen ingurukoa bezainbeste da laguntasunari buruzkoa Cesc Gayren lan berria, Truman filma. Horregatik, gai dramatikoa izanagatik ere, umoretik ere heldu nahi izan dio auziari, eta biak uztartzen asmatu duela esan liteke Kursaaleko auditoriumeko publikoak atzo egin zion harrera ikusita. Sail Ofizialeko lehian dago zinemagile katalanaren tragikomedia.

Gaixotasun sendaezina du Julianek (Ricardo Darin), eta tratamenduekin aurrera ez jarraitzea erabaki du. Haren alboan egoteko gogoz, atzerritik egun batzuetarako bisitan joango zaio Tomas laguna (Javier Camara), eta lagunaren erabakia errespetuz hartuko du. Eta bien artean, Truman txakurra, bere begiradarekin. «Laguntasunetik azaltzen du istorio hau Truman-ek. Beste nonbaitetik, familia baten bidez-edo konta nezakeen», azaldu zuen zinemagileak, «baina pentsatu nuen bi gizonen arteko harremana tresna bat izan zitekeela alde tristea eta umorea orekatzeko». Hala, draman gehiegi ez sakontzeko nahiz fribolitatean ez erortzeko ariketa horretan, «etengabe marra zeharkatzen aritzearen sentsazioa» izan zuela adierazi du.

Horrelako esperientzia bat gertutik ezagutu behar izan zuenean, idazten hasi zen Gay, «terapia gisa batez ere», eta hainbat urte eta proiektu igaro ostean, idatzitakoak berreskuratu eta pelikula sortzeko abiapuntu izan zituen. «Ikusle batek esan zidan, 'bakoitzak bere hildakoak ditu', eta hala da, bakoitzak maite zituen horiekin lotzen du, eta hortik jaiotzen da pelikula. Eta baita beldurra galtzeaz, gauzei buruz hitz egiten duzunean haiekiko beldurra galtzen duzulako».

Ez duela gaiari buruzko tesirik egin nahi izan ere zehaztu du. Eta horren alde hitz egin du Darinek ere. «Istorioak ikusleak ikustean amaitzen dira, gauzei esanahi berriak emateko askatasun horri esker, eta ezinezkoa da halako istorio batean ekarpenik egiteko ezer ez edukitzea. Horrela osatzen dira istorioak. Cescek gaiari nola aurre egin tesi gisa zehaztu ez badu ere, gutako bakoitzak askatasuna dugu ikusitakoari esanahi berriak emateko, ulertzeko, eta gure iritzi propioak osatzeko. Hori eskertu behar diogu zinemari».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna