Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Lehen fasearen esanahia

2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian Espainiako Estatuko gobernuak pandemia honetatik ateratzeko planteatu zituen fase ezberdinetan aurrera egin dugu, eta orain lehen fasean murgilduta gaude. Egia da neurrietan ez dela malgutasun askorik nabaritu, baina ikuspegi diagnostikotik eta epidemiologikotik, aldaketa nabaria da.

Fasez aurrera egitearen esanahia da, besteak beste, birusaren hedapen komunitarioa, hau da, kasu berri positiboak, maila onargarri batean daudela. Horretarako, eta, kontrol egoki bat egin ahal izateko, ezinbestekoa da fase honetan kasu berrien detekzio arina burutzea.

Orain arte, pandemia honen kontrolean ospitaleek zuten paper garrantzitsua, bertara joaten zirelako gaixoak eta bertan egiten zirelako kasuen gehiengo detekzioa. Orain, eta detekzio arin hori burutzeko helburuz, lehen arretako osasun-zentroek hartzen dute lehentasuna. Bertako osasun-langileek prest egon behar dute babes-neurri guztiak izateko, eta kasuak identifikatzeko.

Pandemia honen hasieratik, kasu susmagarrien sailkapena aldatzen joan da, epidemiologia eta sintoma klinikoak ere aldatzen eta gehitzen joan direlako. Orain SARS-CoV-2 bidezko infekzioa izan dezakeen kasu susmagarri bat kontsideratzen da, arnas infekzio akutuko koadro kliniko bat duen edozein pertsona, sukarra, eztula edo aire falta eragiten duen edozein larritasun bat-batean agertzen bada. Beste ezohiko sintomak ere ager daitezke, esate baterako, dastamenaren edo usaimenaren galera, muskuluetako mina, beherakoak, toraxeko mina edo buruko mina. Sintoma horiek agertzen badira, lehen arretako osasun-zentro horietan lagina hartu eta PCR bidezko diagnostikoa burutu beharkolitzateke lehenbailehen; hoberena, lehenengo hogeitalau orduetan.

Horrekin guztiarekin helburu ezberdinak lortu ahalko dira. Lehenengoz, sintomadunen diagnostiko arina egitea, gaixotasunaren lehenengo faseetan, ahal izanez gero; bigarrenez, kasu positiboen isolamendua, sintoma arinak dituztenak bere etxeetan eta larriak dituztenak ospitaleetan; hirugarrenez, positibo horien kontaktuen trazadura (nortzuk diren ezagutzea), diagnostikoa eta koarentena; eta laugarrenez, sintomarik gabekoen identifikazioa, bereziki, osasun-langileetan edo zahar-etxeetako langileetan eta bizikideetan.

Munduko hainbat herrialdetan ikusi izan da deseskalamendua hasi den unetik kasu positiboen igoera egon dela. Alemanian, esate baterako, oinarrizko birsorkuntza-tasa edo birusaren hedapen-maila igo egin da nabarmen azken egunetan, bateko muga gaindituz, eta 1,1era ailegatuz. Jakinda pandemia kontrolatu ahal izateko datu hori ahalik eta baxuena izan behar dela, kezkatzeko arrazoiak daude.

Osasunaren Mundu Erakundeak esan zuen bezala, pandemiaren kontrol-estrategian ezinbestekoa da kasu berriak detektatzea, isolatzea, diagnostikatzea, eta tratatzea. Azken finean, birusaren transmisio-katea moztea da helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.