Hezkuntza publikoan sinetsi

Ina Oiartzabal Errasti - Bigarren Hezkuntzako irakaslea

2018ko apirilak 17
Hezkuntza publiko ez-unibertsitarioko langileon lan-baldintzak hobetzeko eta gure ordezkari sindikalak negoziazio mahaira ahaldunduta joateko (lortuko dena beraiei esker izango da, edo bestela ez da izango), azkenaldian hainbat greba eta mobilizazio egin ditugu.

Aldarrikapenen artean, 2012tik egin dizkiguten murrizketak zuzentzea eta, bereziki, 2008a baino lehen zegoen egoerara itzultzea eskatzen dugu: 2.000 langile gehiago kontratatu, behin-behinekotasuna gutxitu, ratioak gutxitu, ordezkapenak lehen egunetik egin, erosteko ahalmena berreskuratu, erretiroak erraztu...

Manifestazioetan entzun diren leloen artean, gatazka honen guztiaren oinarrian dagoen bat azpimarratuko nuke: Ā«Hezkuntza publikoa defenda dezagunĀ». Izan ere, Eusko Jaurlaritzak benetan sinesten al du euskal eskola publikoan? Sinesten al du hezkuntza publiko eta kalitatezkoan? Kalitatezko hezkuntza publikoaren alde egiten ditugun aldarrikapen horiekin guztiekin batera, askotan aipatutako eta garrantzi handiko beste hiru eskaera ere egingo nituzke: sareen arteko segregazioa amaitzea, sinesmen metafisikoak eskoletatik baztertzea, eta nerabeak ondo zaintzea.

Lehendabizikoz, gure eskoletan gertatzen ari den segregazioa amaitu beharko litzateke, sare publikoaren eta itunpekoaren arteko desoreka ikaragarria gertatzen ari delako. Sare publikoak jasotzen du gehienbat zailtasun handienak dituen populazioa, maila sozioekonomiko baxuena duena eta, batez ere, atzerritar jatorria duten ikasleak, euskararen normalkuntzan horrek dakarren zailtasun guztiarekin.

Euskal gizarte orekatu eta saretuagoa lortu nahi badugu, ezinbestekoa da kalitatezko hezkuntza inklusibo eta bidezkoa bermatzea. Eta horretan, hezkuntzako bi sareek, publikoak eta itunpekoak, erantzun behar diote giza kohesioa lortzeko dagokien erronkari. Segregazioa prozesu negatiboa da eta ez du laguntzen gizarte kohesionatu eta solidarioa izaten. Ez da bidezkoa, ezta integratzailea ere ikasleak jatorri etnikoaren, klase sozialaren edota erlijioaren arabera sailkatzea eta, etorkizunera begira, arriskutsua izatera ere irits daiteke.

Ia ikastetxe guztiak, itunpekoak ere bai, diru publikoaz finantzaturik daude ia %100ean. Beraz, familia guztiek (batez ere maila sozioekonomiko baxukoek) beraien umeak edozein ikastetxetara eramateko, eta etapako ibilbide guztia dohainik eta laikotasun baldintzetan jasotzeko eskubidea izan beharko lukete.

Bigarrenez, arrazoia eta zientzia zapuzten dituzten edukiak eskoletatik kanpo egon behar lirateke. Laikotasuna ezinbesteko baldintza dugu bizikidetzarako eta hiritar guztien kontzientzia askatasun eta tratu berdintasunerako. Beraz, euskal administrazioaren menpe dauden bi sareetan, publikoan eta itunpekoan, erlijio ikasgaia ez litzateke eskaini beharko; ezin ditugu ikasleak erlijio sinesmenaren arabera bereizi eta segregatu.

Estatu ez-konfesional batean sinesmen metafisikoen (erlijio ezberdinen) arduradunek ezin dute erabaki eskoletan ikasleek ikasi behar dutena. Eskoletan, erlijioei buruzko edukiak lantzekotan, gizarte, filosofia edota balio etikoen irakasgaietan landu beharko lirateke. Guraso guztiek eskubidea dute beren seme-alabak sinesmen jakinetan hezteko, baina doktrinamendu hori familia-esparru pribatuan, elizetan, meskitetan edota beste gurtza lekuetan egin beharko litzateke.

Hirugarrenez, nerabezaroan askoz gehiago inbertitu beharko litzateke. Alde batetik, adin honetako ikasleen saretze komunitarioaren kontra doan makrozentroen sorrera saihestu beharko litzateke, hau da, gizatasuna kendu eta ikasle-irakasleen arteko hurbiltasuna gutxitzen duten Institutu erraldoiei uko egin.

Eta bestetik, 14-18 adin-tarteko ikasle batzuen egoera bereziei erantzuteko, erakunde publikoek baliabide eta tresnarik eraginkorrenak bilatu eta eskaini beharko lituzkete. Askotan, ikasle hauek arrisku egoera handian bizi ohi dira eta, etorkizun hurbilean gizartean integratzeko arazoak azaleratu aurretik, beharrezko ibilbide eta zerbitzuak eskaini beharko litzaizkieke. Ikasle horiek kale-hezitzaile, gizarte-laguntzaile, psikologo eta oinarrizko lanbide eta eskulanetan trebatzen lagunduko dieten profesionalen laguntzak jaso beharko lituzkete.

Laburbilduz, administrazio publikoak hezkuntza publikoan benetan sinesten badu —denona eta denontzat izango den eskola publikoa—, murrizketak ezarri ordez, kalitatezko eskola publikoan inbertitu beharra dauka. Ondorioz, euskal gizarteko arrisku mugetan dabiltzan nerabeei babes eta laguntza handiagoa eskainiko die eta bizikidetza egokia lortzeko polarizazio eta segregazio prozesuak konpontzen hasiko da. Hau da, euskal jendarte kohesionatua eraikitzeko, hezkuntzako bi sareetako ibilbide osoan, oreka, justizia soziala eta aukera berdintasun printzipioan oinarritutako eskaintza ziurtatu behar du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna