Titulartasunak badu garrantzia

Gonzalo Larruzea - Irakaskuntzako langilea

2017ko urriak 26
Itunpeko eskolak balizko eskola hitzarmen batean zerbitzu publikotzat onartua izatea eskatzen ari dira. Harriduraz hartzen dut nahia eta eskaera, eskatutakoa legean aspaldi jasota dagoenean. Izan ere, laidoztatutako Estatuaren markoan, LOE-LOMCEz ari naiz, aitorpen hori 108.4 artikuluan jasotzen da: Hezkuntzaren zerbitzu publikoa ikastetxe publikoek eta itunpeko ikastetxe pribatuek emango dute.

Euskal erkidegoan, Euskadiko Eskola Kontseilua eztabaida trinko baten lekukoa izan zen, 21/2009 dekretuaren inguruan, ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezarri zituena. Eztabaidaren muina zen ea Administrazioak Ikastetxe publikoa batean plaza bat bermatu behar zuen nahi zuenarentzat. Berez, horrelako gomendioa egin zen irizpenean. Halere, Dekretua horrela argitaratu zen: Ikasle bakoitzak derrigorrezko hezkuntza-etapa bakoitzean etxetik gertu dagoen, diru publikoarekin lagundutako ikastetxe batean, ikaspostu bat izatea bermatuko da. (5.2 artikulua).

Ados edo ez, bai Estatuak, bai euskal Administrazioak erabaki dute hezkuntza zerbitzua eskaintzea ikastetxe propioen bidez eta beste itunpeko batzuen bidez. Guztiez baliotu dira Estatuak eta bere Administrazioak hezkuntza eskubidea bermatzeko. Nola gauzatzen da ikastetxe pribatuen kasuan? Azpikontratazio guztietan moduan, kontratu edo itun baten bidez. Itunaren mamia zera da: diru publikoaren truke, ikastetxe pribatuak onartzen ditu baldintza publiko batzuk, esate baterako, irakaskuntzaren doakotasuna, ikasleak ez aukeratzea, Eskola Kontseilua sortu behar izatea, honi esleitzea nolabaiteko eskuduntza zuzendaritza aukeratzeko edota irakasleen kontratazioan eta despidoan, eta abar. Orain alboratzen dut ea itun horrek une honetan balio duen, ezta itunaren betetze maila noraino heltzen den ere.

Beraz, ikastetxe pribatu itundutakoak zerbitzu publikotzat onartuta badaude, zertaz hitz egiten du sare itunpekoak erreklamatzen duenean dagoeneko duten errekonozimendua? Ondo legoke sare itunpekoak, oro har, edo elkarte edo patronal ezberdinek gako hau argituko balute, guztiok ez erortzeko espekulazioetan. Agian aitzakia da finantzaketa handiagoa lortzeko? Paradigma berria aldarrikatzen ari dira? Hala bada, zein litzateke? Agian eskatzen ari dira lege berrian ikastetxe publikoak ez estatalen izaera errekonozituta egotea, laurogeiko hamarkadan ikastolekin gertatu zen moduan? Aditzera ematen ari dira sistema publiko bateraturantz zuzendu behar garela «Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa» esaera erabiltzen dutenean? Horrek dakar estatuaren deskonexioa, ikastolek proposatzen duten moduan, euskal paradigma berri baten bila?

Badirudi patronal guztiak bat datozela gauza batean: titulartasuna ez dela esanguratsua ikastetxe publikotzat hartzeko. Orduan burura datorkigun galdera zera da: hain bigarren mailako kontua bada, zergatik ez dira publifikatzen? Zergatik ez lituzkete onartuko pertsonal hornidurako arau publikoak? Zergatik euren eskola komunitatearen eskuetan ez dute uzten hezkuntza proiektuaren ideien eta baloreen definizioa?

Ez dira, ez, galdera gaiztoak, asmo maltzurrez egindakoak. Nik ulertzen dut. Hasteko, publifikazioak ez daude, Administrazioak nahi ez dituelako. Baina, gainera, ikastetxe itunpekoentzat horrek suposatuko luke proiektu eta ideien kontrol eza. Ideia zilegiak, baina partikularrak. Gogorra da urtuta geratzea eskola publikoaren itsaso uniformean.

Ikus daitekeenez, titulartasuna garrantzi handiko kontua da. Ezin da eratu sare publiko bateratua eta mistoa aldi berean titulartasun diferenteekin, magnitude diferenteak gehitu ezin diren moduan, gaur egun bi sareek hezkuntza sortzeko dituzten erak eta baldintzak oso ezberdinak baitira. Sare publikoa proiektuen aniztasunean, askatasunean eta ikastetxe eta eskola komunitatearen autonomian aurreratzen ez den bitartean eta sare itunpekoa proiektuen kontrola galtzea eta publifikatzea ondorio guztiekin onartzen ez duen bitartean, luzaro sistemaren dualtasuna iraungo duelakoan nago.