'Zazpigarren heriotza'

Trantsizioaren errelatoak

Egilea: Juan Gorostidi. Argitaletxea: Erein.

Alex Gurrutxaga

2016ko azaroak 13
Lau kantari (Pamiela, 2011) lan finaren ondoren, saiakera politiko-historikora jo du Juan Gorostidik (Pasaia, 1956) Zazpigarren heriotza liburuan.

1970eko hamarkadaren bigarren erdia da gune tenporal nagusia, Trantsizioa deitua. Sarreran, egileak dio «ez dugula [alabari ari zaio] gai hauei buruz modu zuzenean hitz egin gure artean». Hortik abiatuz, historiaren irakurketa pertsonala egiten du Gorostidik. Zazpi atal nagusitan banatuta, gertukotik orokorrera, orduko bizipen eta gai ugari jorratzen ditu. Zer gertatu zen 70etako herri-ekimenekin? Nola eraldatu zen euskal politika Trantsizioan? Nola jo zuten erreka belaunaldi haren utopiek?

Gorostidiren tesi bi nabarmendu genitzake: batetik, porrotaren dolua bizi beharrean gaudela; bestetik, herri-ekimenen deuseztapenaren arrazoi nagusietako bat dela ezker abertzaleak mugimendu autonomoen lorpen eta espazio asko usurpatu izana. Lemoizena iruditzen zaio adibide esanguratsu bat —dudarik gabe, Trantsizioko oroimen leku klabea—: Estatuak (Jaurlaritzak barne) eta Iberduerok galdu omen zuten orduan, baina baita herri-ekimenek ere, ETAren usurpazioa medio.

Gorostidi gogorra da ezker abertzaleak eraikitako errelatuaren puntu batzuekin —manipulazio zabarra, suplantazio lotsagabea eta inpostura aurpegiratzen dizkio—; J. Zulaikaren irakurketari «zimetatik heldutako operazio intelektual sofistikatua» irizten dio; M. Urangarenari «erudizioz jantzitako sekulako axalkeria eta nahasketa»; eta jopuntuan ditu J. M. Odriozola, A. Olariaga, eta beste hainbaten interpretazioak ere. Itxaro Borda salbatzen du.

Ikusten denez, badago mamia eta zer eztabaidatua. Funtsean, Trantsizioko aldaketen, anphoraren hausturaren narrazio pertsonal gordina sortzeko lan txalogarria da. Beste kontu bat da saiakera formalki nolakoa den, nola egituratzen eta garatzen den testu gisa, zein baliabide erretoriko eta estilistiko erabiltzen dituen idazleak diskurtsoa literarioki gorpuzteko. Puntu horretan ez dut eztabaidarako tarte asko ikusten: huts egiten du.

Anbizio handia dago, lanaren dimentsioan eta jorratutako gaietan ez ezik, erabilitako tonu latzean eta erreferentzietan —Zizek, Sloterdijk, Arendt, etab.—. Historia pertsonala eta historia orokorra (mikroa eta makroa) uztartu ditu egileak, bigarrenera lerratuz ordea: istorio biografikoentzat leku gutxi dago, baina azterketa sozial eta historiko gisa ordena eta ñabardura falta dira, hala egituran nola estiloan —excursus luzeegiak, errepikapena, abstrakzioak, anaforen katramila, eta abar—. Ni poetikoaren tonua, berriz, dezente harroa da —baieztapen orokorrak, epai moralak, etab.—, eta ez dago tonua apalduko lukeen autoironiarik —autokritika ere, gutxi eta oso bukaeran—. Estilo eta egiturazko ahuldade orokorraren azken gradua huts gramatikalen parrasta luzea da. Zer esango genuke gaztelaniazko liburu bat erosi eta bertan «yo hemos venido» bezalakoak irakurriko bagenitu behin eta berriz? Hauxe da ba kasua. Irakurleari ez dio axola erantzukizuna norena den, baina ez dago onartzerik.

Esan beharrik ez dago saiakera, akaso modan badago ere, genero zaila dela. Mamitsua da Gorostidiren lana, gogoeta eta eztabaidarako oso egokia, baina formak ez dio edukiari laguntzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna