«Egoera txarragoa da orain»

Gipuzkoako zahar etxeetako langileek grebak eten zituzten martxoan, izurriarengatik; berriz kalean dira. Atxikimendu ugari lortu dituzte: hilabeteotan «zaintzen» premia gordin biluzteak eragina izan du

Manifestazioa. Donostiako udaletxe parean, atzo. J.C RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Gipuzkoako zahar etxeetako langileek manifestazio jendetsua egin zuten atzo goizean Donostian. LAB eta ELA sindikatuek deituta, «lan baldintza duinen eta kalitatezko zerbitzuaren» aldeko greba eguna zuten, eta, COVID-19aren pandemiak zahar etxeetan ondorio aski larriak utzi dituela oroituta, xede «merkantilistetan» ardaztutako eredua baztertzeko deia egin zuten. Gipuzkoako Foru Aldundiaren parean hasi eta amaitu zuten protesta, eta gogora ekarri zuten auzi honetan erakundeak zer ardura duen; itunpekoak dira zahar etxeetako leku asko, eta diputazioari dagokio zentro horien gaineko kontrola. Txomin Lasak hartu zuen hitza ELA sindikatuaren izenean: «Oso haserre gaude». LAB sindikatuarenean, Leire Ormazabalek: «Horrela ezin da jarraitu». Egoiliarren senideen elkarte Gipuzkoako Senideak-ek eta Irauli Zaintzak eta Duintasuna plataformek bat egin zuten atzoko mobilizazioarekin.

Gatazka berpiztu egin dela esan daiteke. Iragan martxoa bitartean 243 greba egun eginda zituzten langileek, lan itunaren aldeko borrokan, eta greba eten zuten izurriarengatik. Berriz mobilizazioen bideari ekitea beste hauturik ez dutela izan azaldu zuten, ordea, atzo. «Sei hilabete geroago, egoera oraindik ere kaskarragoa da. Pandemia hasi zenean baino txarragoa; denek jakin behar dute hori», esan zuen Lasak.

«Langileen lan zama ikaragarria da; emozionalki eta psikologikoki ere egoera gogorrak pairatu behar izan dituzte: hil egin dira egoiliar asko, eta bakartuta jarraitzen dute beste askok», erantsi zuen Lasak. «Pandemia baten aurrean, gertatutako guztiaren ondorioz, bai diputazioak bai enpresek beste borondate bat eduki zezaketela uste genuen; hain justu, guk horregatik utzi genuen greba. Ordutik, baina, kontrakoa ikusi dugu. Markel Olano diputatu nagusia ikusi dugu egoitzen eredu honen defentsa sutsua egiten; ulertzen dugu zergatik egiten duen: haren adiskide askok enpresak dituzte sektorean».

Egoera larria deskribatu zuten Ormazabalen hitzek ere: «Benetan kezkagarria da. Langileak lanera doaz beren osasuna jokoan jarrita, eta gure egoiliarrek ez daukate behar duten zaintza, beren bizitzako azken urteetan». Egoitzetan gabeziak areagotu direla gaineratu zuen: «Terapiak, adibidez, ez dira ematen; haientzat hain beharrezkoak diren hainbat gauza». Horiek horrela, azaldu zuen muineko aldaketa behar dela: «Eredu hau bukatua dago; ezin da zerbitzu publiko bat enpresa pribatuen esku utzi, haiek etekinak egiteko, eta bitartean, zer? Langileak hitzarmenik gabe, eta egoiliarrak behar duten zaintzarik gabe». Horra aldarriaren zerumuga non duten: «Benetako sistema publiko, unibertsal, doako eta kalitatezkoan».

Motiboak badira zahar etxeetara arta handiz begiratzeko. Izurriak gogorren erasandako lekuetako bat dira. Birusa oldarkorra da adinekoekin, eta egoitzetan bizi diren gizonak eta emakumeak bisitarik eta irtenaldirik gabe eduki dituzte azken hilabeteetan denbora tarte oso luzeetan: birusa saiheste aldera, bizi baldintzak asko zorroztu eta murriztu dizkiete. Hala ere, datuak kezka eragiteko modukoak dira: 716 adineko hil dira pandemian Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoitzetan.

Gutxieneko zerbitzuak

Zahar etxeetako langileek gogor salatu zuten atzo Eusko Jaurlaritzak greba egiteko aukera «ukatu» izana: %100eko gutxieneko zerbitzuak jarri zizkien. «Eskandalu bat da», salatu zuen Lasak. «Gaur egun, ez dago greba eskubiderik Gipuzkoako zahar etxeetan. Kontua ez da benetan zerbitzu minimo horiek ezarri direnik adinekoen zaintza ona bermatzeko. Nahi duten bakarra da greba eskubidea ukatzea». Paradoxa baten berri eman zuen horretarako: «Gaur, %100eko zerbitzuokin, Gipuzkoako egoitzetan lanean daude pertsona gehiago beste edozein egunetan baino; atzo edo bihar baino. Beste edozein egunetan, adibidez, enpresek ez dituzte opor guztiak ordezkatzen. Zergatik? Dirua aurrezteko».

Esan zuten Arabako eta Bizkaiko egoitzetan ere, atzo bertan, Gipuzkoakoetan baino langile gutxiago ari zirela: gutxieneko zerbitzu horietara ere ez direla iristen. Deitoratu zuen kontraesan horren atzean zer dagoen: Jaurlaritzak langileen gaineko gutxienekoak-eta ezartzeko egindako dekretua ez da betetzen. LABek ere kritika gogorra egin zuen gutxieneko zerbitzuen kontra; auzitara eramango ditu. Hain justu, Arabako zahar etxeetan gaur dute greba, ELAk, LABek, UGTk eta CCOOk deituta. Harako ere ia %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.