Zentsura. Frankismo garaian Euskal Herrian egindakoa

Joan Mari Torrealdai: «Frankismoan, kultur hizkuntza bakarra espainiera zen. Besteak txokoko hizkuntzak ziren»

Joan Mari Torrealdai idazle eta kazetaria, atzo, Donostian, liburu berria aurkeztu aurretik.
Joan Mari Torrealdai idazle eta kazetaria, atzo, Donostian, liburu berria aurkeztu aurretik. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2019ko azaroak 19

Frankismoan zentsuraren biktima izan zirenek zentsorearen ebazpenaren jakinarazpena jasotzen zuten: argitaratzeko modukoa da, ala ez. «Edo esaldi hau kendu behar da, edo beste orrialdea», azaldu du Joan Mari Torrealdai idazle eta kazetariak (Forua, Bizkaia, 1942). «Baina ez zuten jakiten zein oinarri ideologiko zuen ebazpenak». Hain zuzen ere, hori aztertu du Torrealdaik De la hoguera al lápiz rojo. La Censura franquista en el País Vasco liburuan (Txertoa). Haren hitzetan, «zentsuraren sukaldean» sartu da horretarako. Martin Anso liburuaren editorearentzat, garai batean «sekretuak» ziren zenbait aspektu uzten ditu agerian ikerketa lanak. «Izan ere, erregimenaren arabera, zentsura ez zen existitzen».

Idazle eta kazetariaren ustean, sasoi hartan idazleek eta editoreek egindakoa omentzea du helburu liburuak; eta, bide batez, asmo «aldarrikatzailea» ere badauka. «Memoriaren berreskurapenean, badirudi dena hildakoetara bakarrik mugatzen dela. Errepresio kulturala eta linguistikoa aintzat hartu behar dute memoriaren elkarte eta taldeek. Zer da zentsura, errepresioa ez bada...».

Mari Jose Olaziregi EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak ondu du hitzaurrea, eta, atzo Donostian egindako aurkezpenean jakinarazi zuenez, Torrealdaik 1991n defendatu zuen doktore tesiaren «argitaratu gabeko» eranskin bat da liburua, «jatorrian». Tesi haren izenburua: La censura gubernativa y el libro vasco (1936-1983): Análisis de los informes del Lectorado (Gobernuaren zentsura eta euskal liburua (1936-1983): Irakurletzaren txostenen analisia). Olaziregik argitu zuen oraingo lana «dibulgatiboa» dela, baina «oinarri oso sendoa» duela. Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan (MHLI) ikerketa taldeko buruaren hitzetan, Torrealdaik askotan esaten du ezin direla kalkulatu zentsuraren kaltearen ondorioak. «Esaten du ezin dela kalkulatu zer min egin duen, zer-nolakoa izan den sarraskia euskal kulturari egindako jazarpenean».

«Bibliokaustoa»

Gerrak eztanda egin eta berehala hasi zen zentsura. 1936ko abuztuaren 11n Tolosako plaza batean egindako «bibliokaustoaren» edo liburu erreketaren argazki bat eraman du Torrealdaik liburuaren azalera. Egilearen esanetan, frankismoarentzat «kultur hizkuntza bakarra» espainiera zen. «Besteak txokoko hizkuntzak ziren, intimoak, gehienez ere sentipenak adierazteko balio zutenak; ez, ordea, burua erabiltzeko, hizkuntzaren transmisioa egiteko».

Frankismoaren aldeko prentsak ere jokatu zuen rol bat. Torrealdaik atzoko aurkezpenean gogoratu zuen zer argitaratu zuten Arriba España egunkarian 1936ko abuztuaren hasieran: «Kamarada: judaismoa, masoneria, marxismoa eta separatismoa zapaltzeko eta txikitzeko obligazioa duzu. Txikitu eta erre haren egunkariak, aldizkariak, liburuak eta propaganda». Hori hala izanik, Torrealdaik ironiari heldu zion: «Horrelaxe sortu zen Francok adierazpen askatasunaz zuen irizpidea».

Eta frankistek «izugarrizko aparatua» sortu zuten. Ikerketa lanaren egileak Hego Euskal Herriko delegazioei erreparatu die: 64 pertsonak zuten ardura liburuak, aldizkariak, irratiak, filmak eta beste «kontrolatzeko». «Hasierako garaietako militarrak kenduta», gainontzekoak «formatutakoak» ziren, «unibertsitatetik edo seminariotik igarotakoak». Bizkaiko delegazioan, Jose Antonio Zarzalejos izan zen buru zortzi urtez. «Biktimen esanetan, egon den gaiztoenetakoa zen».

Horrekin lotuta, Olaziregik «itzulpen filtroei» egin nahi izan zien azpimarra: «Itzulpena nolakoa, horrek erabakitzen zuen ebazpena». Torrealdaik nabarmendu zuen euskararen zentsoreek «botere bikoitza» zutela. «Haren ebazpenak indar handia du, besteek ezin zutelako horren egiaztapenik egin». Zentsoreen euskara maila «eskasa» zen: «Arrotz, orgulloso itzuli zuten; askapena, olvido; hots, frio; itzal, bandera; jasan, levantar».

Sasoiko intelektualei ere toki bat egin die Torrealdaik liburuan. «Frankismoa legitimitate defizit handi batekin sortu zen, noski. Orduan, intelektualen premia handia zuen». Uste den baino «askoz ere gehiago» erakarri zituen. «Pila bat ziren, izen oso inportanteak, eta gizartera zein Europara begira funtzio legitimatzaile oso inportantea zuten».

Horrenbestez, franskismoko testuingurua eta praktikak kontuan hatuta, iruditzen zaio «zor handi bat» dagoela «kulturaren gau ilunean» lan egin zutenekiko. «Omenaldirik onena da egin zuten lana ezagutzera ematea eta txalotzea».

«Zentsura likidoa»

Beste «era batekoa» da, baina Torrealdaik pentsatzen du egun ere zentsura dagoela. «Zentsura likidoa da, toki guztietan dago presente. Lerro editorialaren izenean sar daitezke zentsura mota asko». Adibidetzat jar daiteke, bere iritzian, «Espainiako prentsak» Kataluniako auzian egindakoa: «Alderdi positiboak sekula agertzen ez direnean, bakarrik negatiboak agertzen direnean.... Zentsurak horixe egiten zuen».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Ramontxu Berri tabernan egondako 683 laguni egin ziete proba, atzo ©Gorka Rubio / Foku

Hego Euskal Herrian, 492 positibo

Berria

Pertsona bat hil da Nafarroan, uztailaren 15etik lehena. Uztailaren 27tik abuztuaren 3ra Galdakaoko Muguru tabernan izan ziren 420 laguni PCR proba egingo diete, eta Donostian PCR-ak egiten jarraituko dute Ramontxu Berriko bezeroei.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iragan astelehenean, Gasteizen ©Jaizki Fontaneda / Foku

«Erantzukizunerako» deia egin du Iñigo Urkulluk

Joxerra Senar

Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ohartarazi du «denen artean ahal den guztia» egin behar dela lehen olatuan bizitako egoera dramatikora ez itzultzeko.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eragile guztiekin biltzeko eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari

Olatz Esteban Ezkati

538 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, iragan astean halako bi. Ospitaleratzeak ere bikoiztu egin dira egun batean: 103 pertsona daude erietxean.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna