Fernando Rua

Ilusioaren balkoira igo nahi du berriz

Ibilbide luzea osatutako arraunlaria da Fernando Rua. Aurten Oriorekin ariko da, eta «betiko desira» bete ahal izango du gisa horretara. 1996ko Kontxako Banderako ospakizunetan piztu zitzaion horiz jarduteko grina: «Iltzatuta geratu zitzaidan ordukoa».

Fernando Rua ababorrean, istriborrean Mikel Arostegi duela. JOSU. Z.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Gorengo mailako estropadak non, han aritu izan da Fernando Rua (Moaña, Galizia, 1975) azken hogei urteetan. Ondo aritu ere: egun lehian ari diren arraunlarietatik garaipen zerrendarik onenetakoa duena da. Tostako arraunlariak desiratu ditzakeen garaikur guztiak eskuratu ditu. Aurten, bere kirol ibilbideko beste nahi bat erdietsiko du: Oriorekin aritzea. Izan ere, aspaldikoa da Ruak horiz janzteko duen irrika: «Kontxako Banderan lehen aldiz aritu nintzenean, 1996an, oso ondo aritu ginen Tiranekin. Bigarren igandean irabazi arren, Oriok lortu zuen bandera. Gu hango ostatuan geunden, eta [udaletxeko] balkoira igo ginen haiekin. Ikaragarria izan zen; iltzatuta geratu zitzaidan, eta, ordutik, Oriorekin aritu nahi izan dut noizbait».

Orain 26 urte piztutako ilusioak iraun egiten dio Ruari, eta eskertuta hitz egin du. Urte hartakoa ekarri du hizpidera; Tiranek irabazi zuen 1996ko Espainiako Traineru Txapelketa, Oriori ehunenekoengatik aurrea hartuta: «Eta pentsa, hilabete geroago, ehunka lagunen aurrera igo gintuzten. Hango jende uholdea... Hura gogoan geratu zitzaidan, hemen [Galizian] ez baita horrela bizi».

Hogei urtetik gorako desira beteko du aurten. Joan zen urtarrilaz geroztik Jon Salsamendiren esanetara ari da Moañakoa. Lehen ere elkarrekin aritu izanak «erraztu» egin zien harremana. Arrauna uzteko erabakia hartua zuen, baina entrenatzaileak deitu zion. Ezetz esan zion hasieran, harik eta urtarrilean baiezkoa eman arte. Gisa horretara, Orioren izena gehituko du aurrez luzea den zerrendara: Tiranen, Meiran, Astilleron, Bermeon, Vila de Cangasen eta Santurtzin aritu da bere kirol ibilbidean.

Orain bide berri bat abiatu du, eta pixkanaka klubera egiten ari da. Izan ere, Galizian egiten ditu entrenamendu gehienak, han baitu bizimodua: familia eta lana. Batean aritzen da beharrean, eta lehorreko entrenamenduekin uztartzen du hori. Gero, bi astean behin egiten du Oriorako bidaia, asteburuetan uretako lan saioak egiteko: «Ohituta nago: zazpi urte egin nituen Astilleron, beste zazpi Bermeon, Santurtzin hiru... Urte horietan guztietan joan-etorrian ibili naiz».

Urte asko garaipen gehiagorekin uztartuta, zaila da hasi berriaren ilusioa mantentzea. Ruak lortu du, ordea: «Gogoa behar da. Odolean eraman behar da, baina rockero zaharrak asko dira. 1996ko talde hartatik segitzen dute batzuk: «Susok, Hermelok, Tomasek...». Arlo fisikoan, urteak igaro ahala helburuak egokitu beharraz mintzatu da arraunlari galiziarra: «Orain, umorea eta esperientzia eskain ditzaket», esan du, barrez.

«Ikaragarria da»

Ruak lehen hilabeteak ditu Orioko arraunlari gisa, baina jadanik igarri du herri horretan dagoen zaletasuna: «Ikaragarria da. Benetan diotsut: ni klub askotan aritu naiz, baina hangoa ezberdina da. Oso abegikorra da jendea, oso ona. Hori da hasieran antzeman dudana».

Klubean ez-ezik, herri osoan igarri du estropadetarako joera. Ruak azaldu duenez, jendearen begiradetan antzeman egiten da ezagutzen dutela: «Esperientziaduna izaki, agian errazagoa da ezagutzea. Baina argi dago: kirol nagusia arrauna da».

Agerikoa da hori udako sasoian, orduan jokatzen baitira traineruen ligak. Arraunlariak buru-belarri ari dira denboraldia prestatzen, eta orain arte egindako probetan emaitza onak lortu ditu Oriok. Hala esan du Ruak: «Martxoan, Castroko [Espainia] jaitsiera irabazi genuen, Bermeoren aurretik, eta San Pedron laugarren sailkatu ginen, baina bigarrenarengandik oso gertu geratuta». Ilusioa da lanean aritzeko ezinbesteko osagaia, Galiziako arraunlari beteranoaren arabera: «Hori kenduko digunik ez dago. Ez niri bakarrik: denei, esango nuke. Bestela, zer ote litzateke arraunean aritzea?», nabarmendu du.

Uztailaren 2an abiatuko da aurtengo Eusko Label liga, Bilbon. «Zerbait polita egiteko moduan» ikusten du Orio: «Oraingoz, ez gara batere gaizki ari». Txukun ibiltzeko aukerak izan ditzake Salsamendiren taldeak. Hain justu, prestakuntza udara begira egiten ari dira: «Nire helburua ahalik eta gehien aritzea da. Eta, gero, banderaren bat lortzen bada, ederki. Eta zenbat eta gehiago izan, hobeto. Eta banderarik garrantzitsuenak baldin badira... Zer esanik ez».

Bandera da arrauneko garaikurra. Leku askotan, herri bakoitzeko traineruek beren udaletxeko balkoian ospatzen dituzte garaipenak. Hala egiten dute Orion ere, «aliron, aliron» abestuz bandera haizatuta. Ruari horixe gustatuko litzaioke gehien aurtengo udan. Ilusioaren balkoira igo nahi du berriz, orain 26 urte bezalaxe.Oraingoan, baina, elastiko horia soinean duela egin nahi du hori. Lortzen badu, lehen aldikoa bezain ondo oroituko du etorkizunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.