Lourdes Fernandezek utzi egingo du Azkuna zentroko zuzendaritza

Inigo Astiz
2018ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Atzo egin zen ofizial: Lourdes Fernandezek Azkuna zentroko zuzendari izateari utziko dio. Badahilabete inguru zuzendaritza uzteko asmoa zuela, eta emana zien erabakiaren berri Bilboko Udalari eta Azkuna zentroko administrazio kontseiluari ere. El Correo egunkariak ere aurreratu zuen Fernandezen nahia. Zentroko kontseiluaren bilkura egin zuten atzo, eta Fernandezen erabakia zen gai zerrendan lantzeko puntuetariko bat, baina azkenean ez zuten denborarik hartu haren ordezkoaren hautaketari buruz aritzeko, eta, jakinarazi zutenez, haren izendapenak «asteak» hartuko ditu.

Fernandezek 2012an hartu zuen kargua. Madrilgo Arco azokako zuzendari izandakoa zen lehenago, eta Azkuna zentroko zuzendari izateko eskaintza egin zion Iñaki Azkuna alkateak. Geroztik, sei urte egin ditu kultur, aisialdi eta kirol zentroko zuzendaritzan, eta kudeaketa lanak bazter uztea proposatu die orain udalari eta administrazio kontseiluari. Izan ere, utzi egin nahi du zuzendaritza, baina ez du guztiz eten nahi zentroarekiko harremana. Zehaztua duenez, aholkularitza artistikoa egiten jarraitu nahi luke Azkuna zentroarentzat.

«Erreferentziazko» izena

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak pena adierazi du El Correo egunkarian, baina ez du Fernandezen ordezkoaren izenik aurreratu. «Kulturaren munduari lotuta» egongo dela adierazi du, eta zehaztu du artearen esparruan «erreferentziazko» norbait izango dela. Gainera, ez du «kudeatzaile profila» izango.

Atzoko bilkuran landu gabe gelditu zen ordezkoaren gaia. 2017ko diru kontuez eta 2018ko aurrekontuaz aritu ziren, eta, gai zerrendan zegoen arren, Azkuna zentroari buruzko Lehen Plan Estrategikoaren gaia ere aipatu gabe utzi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.