Hizkuntza eskakizunak

SENTENTZIAK

2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetan, sententzia ugari eman dira administrazioek lan deialdietan eta kontratazioetan ezarritako hizkuntza eskakizunen inguruko araubideen kontra. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan daude aurreratuen araubide horiek, eta, hain justu ere, hiru herrialdeetako administrazioek jaso dituzte aurkako sententziak. Horra ebazpen batzuk:

2021eko maiatza. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen «diskriminatzailea» zela Irungo udaltzain lanpostuetarako euskaraz jakitea eskatzea. Hamabi udaltzain hartzeko deialdi batean ezarri zuen udalak euskara eskakizuna, baina partikular batek auzitara jotzea erabaki zuen. Argudiatu zuen eskaria «diskriminatzailea» zela euskaraz ez dakitenentzat. Irungo Udalak helegitea jarri zuen epaiaren aurka, baina iazko irailean jakin zen Espainiako Auzitegi Gorenak ezetsi egin zuela helegitea, forma akatsa iritzita.

2022ko otsaila. Gasteizko epaile batek ebatzi zuen «diskriminatzailea» dela 45 urtetik gorako funtzionarioei euskara eskatzea. Hizkuntza eskakizuna ez betetzeagatik Laudioko Udalean lanpostua galdu zuen langile batek abiatutako auzibideari erantzun zion horrela. Sententzian eman zituen hainbat argudiok haserre handia piztu zuten; besteak beste, argudiatu zuen euskara «zaila» dela: «Munduko hizkuntzarik zailenen artean bosgarrena».

2023ko urtarrila. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Barakaldoko Udalaren (Bizkaia) aurkako sententzia bat eman zuen, eta ebatzi zuen ezin ziela euskaraz jakitea eskatu azpikontratatutako zerbitzu bateko langileei. Epaiaren arabera, ezin zaizkie eskakizun berak «inposatu» langile publikoei eta enpresa pribatu batentzat beharrean ari direnei. Barakaldoko Udalak 2021ean egindako lehiaketa publiko baten kontra egin zuen, zehazki, sententziak. CCOO sindikatuak jo zuen auzitara hizkuntza eskakizunen aurka. Hil horretan bertan, Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 2. Epaitegiak, UGTk abiatutako auzibide bati erantzunez, ebatzi zuen «diskriminatzailea» dela udaltzainen lan poltsan dauden poliziei euskara maila bat eskatzea, eta esan zuen Arkautiko akademiak ehun bat hautagai berronartu behar zituela.

2023ko martxoa. Uliazpi fundazioak 34 zaintzaile kontratatzeko hasitako prozesuaren kontrako ebazpena eman zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, hainbat langilek abiatutako auzibideari erantzunez. Kontratazio prozesu horretan, erabaki zen 32 zaintzailek euskaraz jakitea: B2 titulua eskatzen zitzaien. Beste bi postuetan meritu gisara baloratzea onetsi zen. Epaiak ebatzi zuen, ordea, ezin zirela «lehenetsi» euskara normalizatzeko planaren bidez ebatzitako neurriak; «oinarrizko eskubideen» urraketa bat ikusi zuen jokabide horretan. Alor publikoa da fundazio horrena ere: Gipuzkoako Diputazioaren erakunde autonomo bat da; adimen urritasuna dutenei ematen die arta. Asteonbertan, berriz, beste epai bat ezagutu da, otsailekoa. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiarena da hori ere: ebatzi du «inposizioa» dela eskolako garraio zerbitzuak emateko kontratazio publiko baterako hautatu den enpresa bateko langileei euskaraz jakitea eskatzea administrazioarekiko hartu-emanetarako. Tankera horretako lehen sententzia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.