KRITIKA. Antzerkia

Ekaitz izoztua

Agus Perez.
2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun

'Tempest Project'

Egilea: William Shakespeare. Moldaketa eta zuzendaritza: Peter Brook eta Marie-Helene Estienne. Kantak: Harue Momoyama. Argiak: Philippe Vialatte. Lekua: Gasteizko Principal antzokia. Eguna: Urriak 27.

Gasteizko antzerki jaialdian izan dugu Peter Brook handiaren Tempest Project ikusteko aukera, baina haren sorrera 2020ko otsailean bilatu behar dugu, orduan eman baitzen Shakespeareren Ekaitza-ren inguruko tailer bat Brooken antzoki mitikoan. Brook aurten zendu da 97 urterekin, eta horregatik jo dezakegu lan hau bere azken obratzat, baina haren bizitzeko eta ekiteko gogoa ikusita, nik esango nuke beste sorkuntza asko plazaratzeko asmotan zebilela oraindik.

Aurrera jarraitu baino lehen, azpimarratzekoa da lan osoaren sortzaile kidea Marie-Helene Estienne dela. Estiennek 40 urtez jardun du Brooken alboan, sortzaile, idazle eta zuzendari kide, eta adibide horren inguruan Franca Rame/Dario Fo bikote artistikoa datorkit burura. Denborak argituko du nor zen nor dualtasun horietan. Hortaz, interes handiko pieza baten aurrean aurkitu gara, baina horrek ez du esan nahi, berez, gure interesa piztu duenik.

Brooken irizpide artistikoei jarraituz, espazio ia hutsean ikusi ditugu antzezleak, agertokiko albo banatan egurrezko bankuak zeudela. Makil luze bat, zumezko haga batzuk eta erdian jarritako arroka moduko bat izan dira elementu eszeniko bakarrak, eta soiltasun horretan gertatu dira argumentuaren eszenak, frantses jasoan eta atzealdeko pantailan gaztelaniazko itzulpena proiektatzen zela.

Bestetik, esperimentu honetarako asko sinplifikatu da jatorrizko argumentua, funtsezkoa ez zen eszena eta pertsonaia oro ezabatuz, eta emanaldiaren iraupena ordubete eta erdian utzita, ez ordubete eta laurdenean, iragarrita zegoen bezala. Zer daukate antzezlariek denboraren konputuarekin? Erlojuaren egunean ez ote ziren eskolara joan? Zergatik irauten dute antzezlan aspergarriek —beruna bezain astunek bereziki— iragarritakoa baino ordu laurden bat edo, are, ordu erdi bat gehiago?

Baina buelta gaitezen eszenaratzearen kontuetara. Purutasunaren izenean, beltza izan da kolore bakarra jantzietan —zuri edo krema koloreko ukitu batzuekin—, tonu berekoak izan dira argi monotonoak, eta urruneko kanta apal batzuek sortu dute endredo-komedia honetako soinu-giroa. Biba alaitasuna! Hala ere, hori guztia onargarria litzateke kontzeptualtasun ustez sublimearen bilaketan, baina kontua da pertsonaiengan jarrera erabat hotza, emoziorik gabea eta estatikoa nagusitu dela, halako moldez non begiak itxita ere ikusleok ez genuen ezer galtzen taula gaineko ez-ekintza eszenikoaz. Gero esango digute antzerkiak ikusleak galtzen dituela. Ez da harritzekoa gero, ikusleen lepora egindako esperimentuen bidetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.