Kolonbia. Lider sozialen hilketak

Nonbait balego bakea...

Estatuak eta FARCek bake akordioa sinatu zutenetik, giza eskubideen ehunka defendatzaile hil dituzte Kolonbian. Gainera, erail dituzten FARCeko gerrillari ohien kopurua gehitu behar zaio estatistika gordin horri —ehun baino gehiago dira—. Eraso kopurua handitzen ari da, eta sarraskiak ez du eteteko itxurarik.

Kolonbiako lider sozial batzuk Cristal Paez nasa indigenen babeslekuan elkartuta, joan den uztail amaieran. JON ARTANO IZETA.
Jon Artano Izeta.
Cristal Paez
2019ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Hil ala biziko arriskutik ihesi heldu ziren Bilbora. Urte erdi eman dute osatzen, gogoetan, ikasten eta negar egiten Miribilla gaineko pisu batean. Euskal Herriko abaroa utzita ostera ere beren lurrean dira, ostera ere hil ala biziko arriskuan. Eusko Jaurlaritzaren babes programan egon eta gero Kolonbiara itzuli diren lider sozialek aurkitu duten panoramak bake bidean behar lukeen herrialde baten erradiografia gordina osatzen du.

Itzuli zirenetik, lehenaz gain gaiztotua aurkitu dute landa eremuko egoera. Cauca departamentukoak dira Bilbon egon diren hiru ekintzaileetatik bi. Ez da giro han. «Hil dizkiguten bi kide ereitetik itzuli gara». Nasa herriko kideek erein aditza darabilte lur emateez aritzeko. Raquel Trujillo Mestizoren (Cristal Paez, Kolonbia, 1988) gertuko sei kide hil dituzte bost aste eskaseko epean, eta beste dozenaka zuzenean mehatxatu dituzte: «Declaramos objetivo militar a todos los izquierdosos hijueputas» (Helburu militar izendatzen ditugu ezkertiar putaseme denak).

Arrano Beltzak talde paramilitarrak zabaldu duen eskuorriaren lehen esaldia da hori. Gero, hamasei lagun aipatzen dituzte, izen eta abizen. Trujillo ere bai. Beretzat, eta zerrendako beste bi emakumeentzat, beste zemai bat propio: «[…] a las mujercitas que se creen valientes vamos a ver como se portan cuando nos las llevemos a hacer cocitas» (sic). Erail aurretik bortxatu egingo dituztela, alegia.

Kartelak, paramilitarrak...

«Egoera ikaragarri zaila da, baina gure lana ezin dugu utzi», dio ekintzaile gazteak. «Kontu handiagoz gabiltza, eta babes estrategia espiritualak lantzen ari gara gure zaharrekin. Zer gehiago egin dezakegu?». Cristal Paez nasa indigenen babeslekuko gobernadorea izan da oraintsu arte Trujillo. Kolonbiako hedabideek zabaldu dute azkenaldian Mexikoko droga kartelak dabiltzala kokaina trafikoaren kontrola hartu nahian. Trujillok dio hiltzaileak berberak direla, eta «komenentziara» aldatzen dutela panfletoen sinadura. «Sinaloako kartela, EPL, Arrano Beltzak... Izena aldatzearena estrategia baino ez da, nahasmena eragiteko. Gure babesguneko bulegoetan FARCeko zutabe baten mehatxuzko pintaketak aurkitu ditugu; beldurtzea da helburua». Zergatik hazi da hainbeste bortxakeria azkenaldian? «Lurraldea defendatzeko guardia indigena indartzen aritu garelako, eta herriz herri, auzoz auzo, etxez etxe ari gara jendearekin hizketan. Ez zaie gustatu, eta jopuntuan dute guardia indigena, eta jopuntuan gauzkate gu».

Dozenaka kilometro gutxi batzuk bailaran behera, komunitate beltzen ordezkari da Rossana Mejia Caicedo (Caloto, Kolonbia, 1974). Bera ere Bilbon izan da, bera ere bueltatu berri da, eta berak ere egoera okerragoa aurkitu du: «Tentsio handia sumatzen da lurraldean». Atzetik segika dituela igarri du Mejiak. «Estatuaren segurtasun indarretako kideak dira. Nire inguruan isiltasun kezkagarri bat sumatu nuen hasieran, baina segituan jabetu nintzen zer gertatzen zen. Auzokide ditut zelatariak; gurearen alboko etxebizitzak alokatu dituzte». Kolonbiako lider sozial askoren paradoxa da Rossanak bizi duena: estatuak emandako bizkartzainak bera babesten, eta estatuko agenteak jazarpenean ezkutuka. «Nire segurtasunaz arduratu behar dutenak eta atzetik ditudanak txolartean sumatu izan ditut, eta, jakina, horrek bizkartzainekiko konfiantza kendu dit».

Veronica Lopez Estradak ez du bizkartzainik. «Gure segurtasun arazoa estatua da; horregatik ez dut sekula onartu beren 'babesik'». Hamarkada batez, Estrada buru-belarri aritu da borroka sozialetan, Medellinen, azken urteotan preso politikoei laguntzeko komite batean. «Konplikatua izaten ari da itzulera... Inguruko zenbait militante atxilotu dituzte, eta kideek gordean bezala naukate; ez dago argi zer lan egin ahal izango dudan...».

«Presidentea naizenez…»

Uztail hondarrean, aspaldiko mobilizazio egunik handiena egin zuten Kolonbian, lider sozialen erailketak salatzeko. Karibeko Cartagena hirian zen Ivan Duque presidentea, eta manifestazioan parte hartzekoa zen. Ezin izan zuen. Harresitutako erdigune historikoan bistaratu ahala, herritarrek asesino!-ka hartu zuten, oihu batean. Berehala udaletxera sarrarazi zuten, babesleku bila. Alvaro Uribe presidente ohia ez zegoen han, baina haren aurka ere egin zuten oihu, Uribe, paraco, el pueblo está berraco! (Uribe parako paramilitarra, herria haserre dago). Hamabi hilabete bete berri dira Duqueri presidentearen xingola jantzi ziotenetik; agintea hartu zuenik, baina, ez du apenas inork uste. Hedabideetako iritzi emaileena eta kaleko hotsa berbera da: politikari gaztea Uribe ahalguztidunaren eskutik dabil. Udan, sare sozialetan hautsa harrotu du Uribek berak irratiko elkarrizketa batean izandako lapsusak: «Kolonbiako presidentea naizenez gero...».

Lider sozialen erailketen atzean, droga trafikoaren kontrolaz gain, industria proiektu erraldoiak egon ohi dira. Alor horretan, Duquek neurri erabakigarriak hartu ditu Nariño jauregian egin duen estreinako urtean: frackinga legeztatzeko proiektu bat aurkeztu du, adibidez, hauteskunde kanpainan justu kontrakoa esan arren. Bestalde, natur baliabideen esplotazioak hasi aurretik eskualdeek galdeketak egiteko duten eskubide konstituzionala zaildu du, propio sortu baitu zerga bat era horretako plebiszituetarako. Gainera, gobernua tematuta dago koka soroetan glifosato aspertsioak berriz egiten hasteko, auzitegi konstituzionalak 2015ean galarazi zuen arren herbizida horrek minbizia sor dezakeela eta.

Trujillok azaldu du beren eskualdea begiz joa dutela: «Pazifikoa eta Orinokia eremuak batzeko, tunel bat egin nahi dute, gure lurraldea zulatuta. Bestalde, hainbat baimen eman nahi dituzte meatzaritza eta petrolio esplotazioetarako». Mejiaren eskualdean, beheko lautadan, azukre kanaberen monolaborantza da arazorik larriena: «Kanabera soroz inguratu gaituzte; itoarazi egin nahi gaituzte, etsi eta alde egin dezagun».

Atzerriko egonaldia emozionalki gogorra da, eta itzulera ere ez da samurra. «Energiaz gainezka eta lanari ekiteko amorratzen itzuli, eta latza da; alde batetik, hemen jazo diren denak kolpetik jakitea, eta, beste aldetik, lan martxa arruntari ezin heltzea», dio Lopezek. «Egun bete-beteak izatera ohitua nago ni, lana eta militantzia uztartuz; orain, berriz, ia erabat geldirik naukate, eta oso gogorra zait hori onartzea. Psikiatrarekin saio batzuk egin ditut, eta hark emandako botikek baretasun pixka bat ematen didate, baina botiken eraginpean zaudela onartzea ere ez daerraza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.