Koronabirusa

Beste zazpi hildako eta 60 positibo berri baieztatu dituzte Hego Euskal Herrian

Asteburuan proba gutxiago egin dira, eta horrek eragina du datuetan. Erakundeek eskatu dute fase berrian ere babes neurriak betetzeko

Paulo Ostolaza.
2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Koronabirusaren ondorioz beste zazpi lagun hil dira Hego Euskal Herrian, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egindako datuen azken eguneraketaren arabera. Positibo berriak, berriz, 60 izan dira; horietako 24 baieztatu dituzte PCR proben bidez, eta gainontzeko 36ak test azkarren bidez.

Joan den aste osoan, egunean 500 eta 600 positibo inguru baieztatu zituzten osasun zerbitzuek. Datu horiekin alderatuz, bikainak dirudite atzokoek, baina ezinbestean kontuan hartu behar da asteburuak zer eragin duen datuetan. PCR testak eta test azkarrak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritza egunean 8.000 eta 10.000 proba inguru egiten ari da normalean; igandean, ordea, 1.493 PCR eta 602 test azkar egin zituen. Horregatik, tentuz aztertu behar dira datuok.

Hobera egin duena ospitaleratuen datua da: Hego Euskal Herrian 34 lagunek utzi zuten ospitalea herenegun. Dena den, oraindik 568 pertsona daude ospitaleratuta, horietako 99k zaintza intentsiboetako unitateetan. Lurraldeka, Bizkaian dagoospitaleratu gehien:275; Nafarroan 144 dira, Araban 89 eta Gipuzkoan 74.

Neurriak mantendu

Datuak ikusita eta fase berriaren hasiera kontuan hartuta, antzeko mezua igorri zuten atzo Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren ustez, egoerak «inoiz baino garrantzitsuago» bihurtzen ditu babes eta prebentzio neurriak: «Konpromiso kolektibo eta indibidualean ezin dugu pauso bat bera ere atzera eman».

Javier Remirez Nafarroako presidenteordeak ere neurriak betetzearen garrantzia azpimarratu zuen atzo: «Bide honetan jarraitzen badugu, laister igaroko ditugu fase guztiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.