Albistea entzun

Joxemiel Bidador egungo euskal apologista bezala dagerkigu

Fito Rodriguez - Idazlea

2015eko urriak 7

Manuel Larramendiri buruz Euskaldunon Egunkaria-n idatzitako artikuluan (1995-5-5) Joxemiel Bidadorrek Andoaingo idazle eta euskal apologistaz honela zioen: «Lantxo honekin, bestela, Larramendi lehengo euskal folklorista bezala dagerkigu, Iztuetari aurre hartu ziolarik».

Larramendiren antzera, Joxemiel Bidador irakasle, idazle, historialari eta folklorista izan dugu baina, Larramendik ez bezala, euskaraz. Eta ez da ñabardura txikia, gero.

Egia esanda, Andoaingo apologistak kalitate handiko euskarazko poesia eta prosa orriak utzi bazizkigun ere, bere proposamenak gazteleraz idaztea hautatu zuen, euskalduna izan arren, euskararen etsaiei bere hizkuntzan aurre egin ahal izateko. Bidador, aldiz, euskara eskuratu behar izan zuen eta haren arerioei aurre egin nahian, euskal gaiak euskaraz ikertzen eta zabaltzen aritu zen bizi bitartean. Halere, euskara ez zuen soilik erabili miaketa nahiz hedapen lanerako baizik eta olerkiak idazteko ere, barrenak kanporatzeko, alegia. Esan dezagun, bada, «ulertzen ez digutelarik, hasten gaituzte ulertzen».

Urriaren hamarrean omenduko dute Iruñean berari buruz idatzitako eta taularatutako Pastorala dela medio. Euskal kulturak eman beharreko eta merezitako gorazarre hura kolokan jartzen ez duenak omenaldiaren modua zalantzan jartzen duena egon, badago. Alegia, Josemiel Bidadorren itzalaz aritzeko egokiena al da Pastorala jokatzea? non, eta Iruñean? ez al da folklorikoegia?

Baina Bidadorrek folklorea maite zuen, ordea. Baita haren bidezko jakinduria aztertzea ere. Berak aldarrikatu zuen Larramendi folklorista gisa eta, nago, bere burua ere ildo bereko jardunean kokatu nahi izan zuela, herri kulturaren peskizan jakinminak behartutako ikerketan.

Izan ere, Bidadorrengan elkartzen baitziren herri jakintzan murgiltzeko funtsezkoak diren bi ezaugarri: erudizioa eta gertutasuna. Ohikoak izaten diren iturburuetatik haratago, batere prestigio akademikorik ez daukaten ikerketagaiei kasu egin, antzerako beste batzuekin erkatu eta lortutako ondorioak zabaltzeko behar adinako herri hizkuntza gaitasuna eduki.

Pastorala izan beharrean, berarentzako omenaldia liburu bat argitaratzerik edo idazleen agerraldi publikorik egitea defendatzen duenik bada, oraindik ere, aipatu bi ekimen haiek honezkero buruturik badaudela ahaztuta. Gainera, adierazitako mota horietako omenaldietan Pastoralak duen oinarri herritar «folklorikoa» ez ohi da izaten eta hura dugu, azkenik eta gero, Joxemiel Bidadorren izanarekin eta eginarekin bat datorrena.

Bai horixe!, ertaroko antzerki modukoa den Zuberoko Pastorala izan ohi da aspaldidanik folkloristentzako eztabaidagaia. Batzuek aipatu herri folklore horretan joera arkaiko oso zaharrak ikusten zituzten bitartean besteek, ordea, molde zaharrak imitatuz duela gutxitik hona landutako ohitura kulturala dela diote.

Euskara bera ere ez dela horren zaharra dioten ustezko ikerlari «desmitifikatzaile» berdinek aipatu egiten dute Pastoralen jatorria ez dagoela argi eta, dokumentuen faltan, ezin dela ziurtatu haien sorgaraia.

Aizak, Joxemiel, hi gabe, euskal herri kultura maite duten hire tankerako folklorista eruditoak behar ditiagu! Ez diat uste erdaraz euskal apologia idazten berriro hasi beharko denik, horretarako Larramendi bat aski!, baina hire oroimenez Pastorala taularatzea Iruñean ez zegok gaizki.

Tradizioaren zaintzaileek zein «desmitifikatzaileek» ere Zuberoaz kanpo manexek sortutako Pastorala ez dela benetako Pastorala esan dezaten behintzat.

Ez Joxemiel, ez haugu mitifikatuko, honezkero herri kondaira haiz eta!

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arrosarioa
 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.