Olaizola II.a 22. Bengoetxea VI.a 13

Txapelduna sendo hasi da

Olaizola II.ak ligaxkako aurreneko puntua lortu du erakustaldia emanda.Bengoetxea VI.ak ondo eutsi dio hamahirunako berdinketara arte

Olaizola II.a pilota eskuinez astintzen, Bengoetxea VI.aren aurrean. I. URIZ / ARP.
2014ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Iraupena. 73 minutu.

Pilotakadak. 231.

Sakez. Olaizola II.ak bat; eta Bengoetxea VI.ak hiru.

Pasak. Olaizola II.ak bat; eta Bengoetxea VI.ak bat.

Markagailua. 0-5, 2-5, 2-7, 4-7, 4-9, 5-9, 5-11, 10-11, 10-12, 12-12, 12-13, 12-13 eta 22-13.

Bestelakoak. 750 ikusle inguru Labrit pilotalekuan, Iruñean. Apustuak Olaizola II.aren alde atera ziren, 100-60ri.

Neurria hartua dio Olaizola II.ak lau t'erdikoari. Zazpi txapel jantzi ditu lehia horretan, azken hirurak jarraian, eta aurtengo txapelketako final-laurdenetako ligaxkari ere ezin hobeto ekin dio. Goizuetarrak erakustaldia eman zuen atzo Labrit pilotalekuan, Bengoetxea VI.ari 22-13 irabazita. Final-laurdenetako ligaxkako aurreneko puntua eskuratu zuen.

Kostatu zitzaion, hala ere, Olaizola II.ari piloteoan nagusitzea.Partidaren hasiera estua izan zen, eta 14-13kora arte ez zen aurretik izan goizuetarra. Bengoetxea VI.ak erritmo bizian jokatzen ekin zion partidari eta min handia egin zion aurkariari. Olaizola II.a deseroso zebilen kantxan, piloteoan agindu ezinik, eta ia une oro leitzarraren aire jokoaren menpe. Bengoetxeak VI.ak erraz bilatzen zituen zuloak tantoa bukatzeko, Olaizolari frontisagero eta txikiagoa egiten zitzaion bitartean. Leitzarra 5-11 jarri zen aurretik, baina jarraian egindako bi hutsek —txapapera bota zituen bi pilotakada— arnasa eman zioten iazko txapeldunari.

Sakea hartuta, hamahiruna berdintzea lortu zuen goizuetarrak, eta behin aurrea hartuta bide motzetik jo zuen 22ra. Olaizolak Olaetxearen aurka neurtuko ditu indarrak datorren ostiralean Donostian. Biak dira sailkapenean buru, Olaetxeak ere 22-13 hartu baitzuen mendean Ezkurdia herenegun, Altsasun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.