Edurne Larrañaga. G7 Ez plataformako kidea

«Duintasunaren alde eta prekaritatearen aurka egiteko elkartu gara»

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Maider Galardi
Irun
2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Azaroan abiatu ziren G7 Ez plataformako lehen bilerak, eta, azken hilabeteotako prozesuaren ostean, 49 eragilek kontragailurra aurkeztu zuten atzo. Antolatzaileetako bat da Edurne Larrañaga, LAB sindikatuko kidea eta plataformako parte hartzailea. Hilabeteotan jositako «konfiantzak» eta azken urteetan Euskal Herrian «piztutako» mugimendu sozialek «berezi» egingo dute kontragailura, haren ustez.

Miarritzen izango da aurten G7koen goi bilera. Zer aldarrikatuko duzue kontragailurrean?

Erronka handia da gailurra Euskal Herrian egitea, guk baditugulako antolatuta hainbat borroka sektore: dela inperialismoaren aurka, dela heteropatriarkatuaren aurka, dela kapitalismoaren aurka... Azken urteetan ikusi dugu mugimendu sozialen suspertze bat: pentsiodunena, migratzaileei harrera egiten dietenena... Horregatik batu gara prekaritatearen aurka eta duintasunaren alde. Eredu berri bat aldarrikatzen dugu. Hiru helburu nagusi ditugu: G7ak aldarrikatzen duen kapitalismo horri ezetz esatea, alternatibak badaudela erakustea, eta horiek guztiak batzeko topagune izatea kontragailurra.

Irunen eta Hendaian egingo dituzue jardunaldiak, Miarritzeko ingurua segurtasun neurriek hartuta egongo baita. Setioa salatu duzu zuk.

Guneak atontzeko, harreman iraunkorrean egon gara instituzioekin, baina salatu behar dugu agintariek oztopoak jarri dizkigutela, azken unera arte ez baitigute azpiegitura guztia bermatu. Halere, gure xede nagusia da hona etortzen direnek diskurtso politikoan sakontzeko aukera izatea. Gainera, guretzat badu sinbologia berezi bat, ez-mugan baikaude; existitzen ez den muga honetan gaudelako.

Miarritze inguruan ere protesta egingo duzuela iragarri duzue, ezta?

Gure oinarriak dira borroka ideologikoa, masa mobilizazioa eta desobedientzia zibila. Adostu dugu bide baketsuak bakarrik erabiliko ditugula, baina interesgarria iruditzen zitzaigun Miarritzeko segurtasun neurrien muga kolorez janztea. Ez dugu legerik hautsiko, baina egingo dugu desobedientzia zibilean oinarritutako mobilizazio jendetsu bat.

Hainbat eragile aritu zarete plataforma sortzen eta kontragailurrari forma ematen. Nolakoa izan da prozesua?

Ipar Euskal Herritik ailegatu zitzaigun deialdia. Lehen bilera horietan adostu genituen lanerako printzipio batzuk, eta manifestu bat osatu genuen, guztiok babestuko genuena. Apurka joan gara egitaraua osatuz, adostasunean oinarrituta. Askotariko eragileak gara, eta partekatzen duguna jaso dugu egitarauan. Aniztasun hori gehigarria da guretzat; gainera, kontuan hartu behar da Ipar eta Hego Euskal Herriko eragileak gaudela. Nazio bat gara, baina praktikan gutxi dira antolaketari dagokionez nazio mailako egitura dutenak. Hau eredu da.

Prozesu luzea izan da?

Prozesu guztiek ekartzen dituzte irakaspen asko, eman eta hartu egin behar baita guztiok irabazteko. Oso aberatsa izaten ari da politikoki, baina baita emaitzan ere.

49 eragilek osatzen duzue plataforma. Espero duzue beste atxikimendurik?

Hainbat eragilek hartzen dugu parte kontragailurra antolatzeko bileretan. Eta, gainera, Frantziako Alternative G7 plataformakoekin ere izaten ditugu koordinazio bilerak, nahiz eta haiek beraien bilera propioak dituzten. Elkarlan horrek balio du elkarren arteko konfiantzak eraikitzeko; halere, beste eragile batzuen atxikimendua ere jasotzen ari gara egunotan, batik bat Hego Euskal Herrian, eta datozen egunetan emango dugu horien berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.