Izenean gera dadila

Bigarren partida jarraian jokatuko du Realak Anoetan; Valentzia izango du aurkari oraingoan. Sandro deialdian da, lesiotik osatuta

Jon Ander De la Hoz.
2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Valentzia hartuko du Realak Anoetan, gaur eguerdian. Lehen begiratuan kontrario gogorra da, sailkapenaren goiko postuetan egotera deitutakoa, baina orain artean jokatutako jardunaldietan ez du eman esperotako mailarik:hamaseigarren da, sei punturekin, eta oraindik ez du irabazi. Egoerak hala jarraitzea nahi du Asier Garitanok. Atzoko agerraldian azpimarratuzuenez, «jokalari onak» ditu aurkariak, eta hobera egin behar luke denboraldiak aurrera egin ahala: «Inbertsio handia egin dute; Txapeldunen Ligan dago taldea, eta ligan goraka joan beharko luke». Halere, Garitanok azaldu du une honetan «pixka bat larri» dabiltzala, eta Realak hori «aprobetxatu» nahi duela; taldearen izenak izanik ez hartzea, alegia. Anoetan ez, behintzat.

Garitanoren adierazpenek badute zentzurik. Lehen sei jardunaldietan partidarik ez du irabazi Valentziak, eta horrek kezka sortu du klubaren inguruan. Alabaina, umorez hartu du kontua Marcelino Garcia Toral entrenatzaileak: «Alcoyanok baino gehiago berdintzen dugula esango digute». Prestatzailea ez da aulkian eseriko, zigortuta baitago.

Gaurkoa lau egunean Anoetan jokatuko duen bigarren partida du Realak, Rayoren aurka aritu baitzen asteartean. Eskas aritu ziren orduan (2-2), eta hobeto jarduteko asmoa dute oraingoan. Erlaxazioa albo batera utzi nahi du Garitanok: «Valentziak talde ona du, eta burua ez du izango beste txapelketa batean, ezta beste partida batean ere. Aurkari gogorra izango da». Nolanahi ere, bergararrak uste du bere taldea ondo prestatuta dagoela: «Nahiko gustura nago gauzak nola joan diren ikusita. Gustatuko litzaidake horrenbeste lesio ez edukitzea, baina uste dut indartuta aterako garela honetatik. Gaurkoz, ez dut kezkarik».

Sandro Ramirez deialdian sartu du entrenatzaile bergararrak. Azken asteetan min hartuta egon da aurrelaria, eta jokatzeko moduan dagoela ebatzi dute azken orduan: «Pentsatzen genuen ez zela partidarako iritsiko, baina azken bi egunetan asko hobetu du. Lagundu egingo gaitu». Gainontzean, azken deialdiko jokalari berak daude neurketarako zerrendan. Nais Djouahra da salbuespen bakarra: bigarren taldearekin ariko da harrobiko jokalaria.

Garitanok azaldu zuenez, hamaikakoa «erabakita» dauka, baina ez zuen haren berririk eman nahi izan. Beraz, ikusteko dago nor jarriko duen atean.

Azken partidetan trakets aritu da Geronimo Rulli, baina haren aldeko apustuari eutsi egin dio bergararrak. Alabaina, «taldearentzat onena dena» egingo duela azaldu zuen entrenatzaileak, eta litekeena da Miguel Angel Moyak sasoiko lehendabiziko partida jokatzea.

Halaber, Asier Illarramendiren inguruan ere mintzatu zen prestatzailea. Azken bi jardunaldietan aulkian eseri du mutrikuarra, eta esan zuen «taldearen onura» duela helburu: «Kirol arrazoiak dira; ez dago bestelako arrazoirik».

REALA-VALENTZIA

Reala. Moya; Zaldua, Aritz Elustondo, Hector Moreno, Kevin Rodrigues; Illarramendi, Pardo, Zubeldia, Merino; Oiartzabal eta Willian Jose.

Valentzia. Neto; Vezo, Diakhaby, Gabriel Paulista, Lato; Soler, Kondogbia, Parejo, Txerixev; Rodrigo eta Batshuayi.

Epailea. Gil Manzano.

Lekua. Anoeta (28.995 ikusle).

Ordua. 13:00etan (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.