Literatura. 'Disoluzio agiriak'

Desegindakoarekin zimenduak sortzea

Egilea: Jose Luis Otamendi. Argitaletxea: Susa.

Aiora Sampedro -

2019ko martxoak 31
Egileak argitaratu dituen azken poema-lanen ildotik dator Jose Luis Otamendiren Disoluzio agiriak bilduma poetikoa. 2014. urtean argitaratu zuen Kapital publikoa liburuan nahiz 2007ko Erlojuen mekanika lanean jadanik agertzen diren giro soziopolitikoaren eta ni poetikoak kolektiboarekiko duen harremanaren inguruko hausnarketek dute zentraltasuna azken lan honetan ere. Disoluzio agiriak, baina, poetaren helduarotik osatutako olerki-sorta da; datozen belaunaldiei uzteke gauden munduaz jarduten duena. Bide batez, Xabier Gantzarainek ondutako azaleko irudi anbiguoak iradokitzen dio irakurleari lehen bistara izenburuaren nondik norakoa; berdin-berdin balio dezake uraren eta hondarraren arteko disoluzioa gogoratzeko nahiz ekaitzaren aurreko itsaso barearen uneak iradokitzeko.

Disoluzio agiriak izenburuak berak adierazten du idazlearen intentzio aitorpena izango dena: deseraikitako mundu-ikuskeratik beste proposamen berri batzuk egingo ditu idazleak, eraitsitakoa eraikitzeko asmoz; betiere, egileak hain berezkoa duen existentzialismotik idatziz. Hala ere, poemetan zehar jarrera derrotistak baztertzen badira ere, ezin ukatuzkoa da ahots poetikoan munduarekiko begirada pesimista gailentzen dela. Pesimismotik irteteko tresna ezinbestekoak bilakatzen dira bilduma honetan ironia eta autoironiaren erabilera. Adibidez, Deklarazioa pieza finean.

Poema batean baino gehiagotan hausnartzen du ni poetikoak gizartean batera egokitu diren belaunaldien arteko gatazkez. 60ko hamarkadetako iraultzak eragin zituzten belaunaldien eta aberriaren eraikuntzaz baino, kausa globalez arduratuta dauden belaunaldien arteko zubia josteko beharra duen poeta, marxismoaren lekua bilatzen saiatzen da postkolonialismoaren eta feminismoaren aroari helduz, gaztaroko garaietako idealismoa berrirakurri eta behar berrietara egokituz.

Gainera, Jose Luis Otamendiren azken garaiotako poesian gailentzen den giro soziopolitikoaren eta ni poetikoaren inguruko harremanaren inguruko gogoetak gailentzen direla esan badugu, poema-liburuan zehar herri forma hartzen duen kolektiboaren irudikapena aniztasunak ezaugarritzen du hobekien: aipatutako postkolonialismoari eta feminismoari jarraikiz, hainbat forma hartzen dituzten herritarrez osatutako kolektiboa irudikatuko da: baserritarra, etorkina, hiritarra, langilea, euskalduna, euskal herritarra, atzerritarra, eta abar.

Amaitzeko, ez nuke aipatu gabe utzi nahi ni behintzat gehien ukitu nauen alderdia: poemagintza narratiboa da Otamendik bilduma honetan jorratu duena. Ahapaldietan barrena garatzen ditu egileak ezereza berreraikitzeko hautematen dituen formak, ia era esperimental eta iradokitzailean. Baiki, horregatik bilakatzen da hain irakurketa indarberritzailea, esperimentaziorako eta ekintzarako gonbita bihurtzen baita, hain zuzen.