Jeanne Moreau

Lur zati soila emankor egin zuen lorezaina

Aktore eta zuzendari frantsesa 89 urterekin hil da, etxean; 'Frantziako zinemaren dama' esaten zioten, eta 'nouvelle vague' mugimenduaren musetako bat izan zen. Hainbat sari jaso zuen.

AURELLIE AUDUREAU / EFE.
Maialen Unanue Irureta.
2017ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Antzerkian egin zituen lehen urratsak Jeanne Moreauk aktore gisa (Paris, 1928 - 2017): 1947an izan zen, La terrasse de midi lanarekin. Hura izan zen bere ibilbide luze eta emankorraren hazia, bi hamarkada bete gabe zituela artean: ehundik gora pelikulatan parte hartu zuen 65 urtean. Frantziako zinemaren dama ezizena izerdi eta meritu ez gutxirekin eskuratu zuen.

Batez ere, aktore lanetan aritu zen Moreau. Lan andana egin zuen jaioterrian zein nazioartean, baina etxean bertan sortu zen nouvelle vague mugimendu eraginkorrari eskaini zion bere ibilbidearen zati handi bat. Mugimendu horren ikur eta musa izan zen, aldi berean. 1960ko hamarkadan izan zuen bere ibilbide profesionalaren aldirik emankorrena. François Truffaut eta Louis Malle zuzendarien aginduetara aritu zen, esaterako; baita joera horren ondorengotzat jotako Andre Techinerenetara ere. Moreaurena zen rol nagusia Truffauten Jules eta Jim (1962) eta La mariée était en noir (1967) pelikuletan; berdin Malleren Les amants (1958) filmean. Hain zuzen ere, Moreau azken horrekin egin zen ezagun Frantziaren mugetatik harago.

Sona handiko zinema zuzendari gehiagorekin ere lan egin zuen, gainera: tartean dira Orson Welles, Michelangelo Antonioni, Elia Kazan, Wim Wenders, Jean Renoir, Peter Brook, Tony Richardson eta Luis Buñuel.

1976an aurkeztu zuen Moreauk zuzendari gisa egindako lehen lana: Lumière. Lau emakumeren arteko harremanak zituen ardatz. Hiru urte geroago etorri zen L'Adolescente, Simone Signoret protagonista aritu zena. Horrez gain,1983an dokumental bat ere egin zuen Lillian Gish aktore estatubatuar eta zinema mutuaren garaiko izarrari buruz. Frantziako Arte Ederren Akademiako kide izendatu zuten lehenengo emakumea izan zen, 2001ean. Eta, horrez gain, andre aktore bakarra izan da Cannesko zinema jaialdian epaimahaiburu gisa aritu dena bitan.

Egindako lanari aitortza

Orson Wellesek bultzatu ei zuen Moreau zinema zuzendaritzara. Munduan zenik eta emakumezko aktorerik onena zela esan zuen Wellesek. Bizi zela hainbat sari jaso zituen, eta, beraz, baita aitortza ere: emakumezko aktore onenaren saria Cannesko jaialdian Moderato cantabile filmagatik (1960); emakumezko aktore onenaren Moliere saria Le recit de la servante Zerline filmagatik (1988); atzera begirakoa New Yorkeko MOMAn (1994); Europako Zinema Akademiak haren ibilbideari emandako saria (1997); Berlingo Urrezko Hartza ibilbide osoari (2000) eta Cannesko Ohorezko Urrezko Palma (2003), besteak beste. Donostia Saria ere eskuratu zuen, 1997ko Zinemaldian.

Bizitza lur zati soil bat zela zioen, norberak bere eskuekin landu beharrekoa; berea amaitzean, lur zati soila zena lorategi eder bat izan zedila nahi zuen Moreauk. Lortu ere, lortu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.