Albistea entzun

'Sisiforen paperak': galdekatua hizkuntza denean

'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxieran oinarritutako obra estreinatuko du Tanttakak hilaren 19an eta 20an, Gasteizen. Harkaitz Canok idatzi du, eta Fernando Bernuesek zuzendu.
<em>Sisiforen paperak</em> obrako hainbat aktore, atzoko entseguan.
Sisiforen paperak obrako hainbat aktore, atzoko entseguan. A. CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2020ko azaroak 14 - Urnieta

Argiz idatzitako bi hitz atze-oihalaren gainean: Sisiforen paperak. Izenburua bi aldeetara irekiz, zuzendaria atera da erditik, Fernando Bernues, atzean dauden aktoreekin azken hitzak egin ondotik. «Prest». Isiltasun une bat. Eta zuzeneko gitarra elektriko baten notekin atera dira lehen aktoreak. Zazpi, egunkari bateko langileak denak. «Gaur orban beltzak azaldu dira Kontxako hondartzan». Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe antzokian daude, estreinaldiaren bezperako entseguetako batean. Handik oso kilometro gutxira dago Martin Ugalde kultur parkea, Andoainen; han abiatu zuen Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako operazioa 2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo epailearen aginduz. Urte hartan zerbaitek krak egin zuen Bernuesengan. «Banekien egunen batean kontatu beharko nuela». Laster agertuko da komisariaren aldea eszenan, beste hiru aktore epaile eta polizien rolean. «Beti dago orban beltz bat hasieran».

Krak hura Madrilen sentitu zuen Bernuesek. 2003a zen, eta urte hartako Musikaren Sarien emanaldia zuzentzea egokitu zitzaion, Mario Gasekin batera. Ezaguna da irudia: Egunkaria-ren aldeko kamiseta urdina soinean, kanturik onenaren saria jasotzera altxatu zen Fermin Muguruza, eta, hedabidearen itxiera salatzen hastean, txistu jo zioten. «Martxelo [Otamendi] ere han zegoen. Ni kontrol gelan nengoen, eta gogoratzen dut ohartu gabe hasi zitzaizkidala malkoak erortzen. Orduantxe jakin nuen egunen batean horretaz hitz egin beharko genuela. Gero, sententzia atera zenean, pentsatu nuen: non dago txistu jo zuen jendea?».

Duela lau urte heldu zion, bada, itxierarenak agertokira eramateko asmoari —«gure historia demokratikoan egin den basakeriarik handienetako bat da»—, eta Harkaitz Canorengana jo zuen horretarako, testua idatz zezan. Ordutik hona bertsio ugari izan dituzte esku artean, azken hau zutituz joan diren arte. Kazetaria eta polizia. Elkarrizketa eta galdeketa. Dialektika horretan jarri zuen fokua Canok, galderak egiten zaildua dena galdekatu bilakatzen den unean, eta horrek eman dien jokoa nabarmendu du Bernuesek: «Egunkaria-ren itxiera kontatzeaz gain, kazetaritzaren funtzioaren eta bestelakoen gaineko galderek dute pisua, baita pertsonaien dimentsio humanoak ere. Nola lotzen den hori dena».

Hala, kartoizko apalen aurrean sakabanatutako mahaien artetik mugituko dira pertsonaiak, erredakzioarena eta komisariarena den lur berean. Bernues: «Bi eremuak oholtzan elkarrekin bizi zitezen nahi genuen. Horregatik, badira mamu moduko agerpenak ere, batarenak bestean, eta alderantziz». Bikoiztasun horrek ekarri du ekintza publikoarengandik oso gertu kokatzeko erabakia ere. Bi planotan pentsatu dute hori ere: pasarte batzuk beste batzuk baino aurreragotik kontatuz. «Asko gustatzen zitzaidan bestearen memoria presente egingo zuen esparru bat sortzearen ideia. Gauzak gogoratzen ditugun moduan erreskatatu ahal izateko, ez delako beti bat etortzen egiaz gertatu zenarekin». Aurre-aurrean agertuko dira kazetariak, esaterako, obra ixtean eta irekitzean, errenkadan. Mireia Gabilondo aktoreak azpimarratu ditu bi une horiek: «Nola gertatu zen gogoratzen dute, eta ondo jasotzen dute non gauden gaur, eta zergatik hitz egin behar den honetaz».

Errealitate paraleloak

Bi giroen arteko fusioa ere goraipatu du Gabilondok, Canok hasieratik planteatu zuen «gako bat» izan delakoan. «Aldi berean ikusiko dira erredakzioan nola ari diren eguneroko lanean, eta, bitartean, epailea zein poliziak nola dituzten atzetik, besteek arrastorik izan gabe. Polita da nola erakusten den errealitatearen alde paralelo hori». Instrukzio epailearen rola jokatzen du berak obran, izaera zurruneko pertsonaia, hasieran menpeko dituen polizien susmoekin guztiz fidatzen ez bada ere —ETAri dirua ematen dion egunkaria dela ikerketapean dutena: Elea—, tesi hori irmo defendatzen amaituko duena. «Badakigu zer sufrimendu izan zen hura, eta bat-batean zer eta ni naiz dena eragin zuena; baina polita izan da, gaiztotzat ditugun pertsonaiak ere oso ondo defendatu behar direlako agertokian, indarra eta sinesgarritasuna izango badute».

Ezohiko aktore kopurua ariko da agertokian, eta horrek ere berezi egin du proiektua, Gabilondoren ustetan. Haren alboan azalduko dira, bada, Anjel Alkain, Joseba Apaolaza, Kepa Errasti, Olaia Gil, Asier Hernandez, Asier Hormaza, Dorleta Urretabizkaia, Iñigo Azpitarte, Alexandru Stanciu eta Iñaki Rikarte. Gabilondok, gainera, Aizpea Goenagarekin partekatuko du pertsonaia gaztelaniazko bertsioan, eta berdin Apaolazak Mikel Losadarekin. Eszenografiaren arduradun Ikerne Gimenez ere agertuko da oholtzan, gitarrarekin trantsizioak eginez, intentsitatea modulatuz.

Kazetari heldu berria, beteranoa, kiroletakoa, zuzentzailea, polizia gogorra, ustez ez hain gogorra... Horien artetik bereziki bi ezagutuko ditu ikusleak: Karmelo Beramendi Tolosa egunkariko zuzendaria (Errasti) eta Torregarai Administrazio Kontseiluko lehendakaria (Alkain). Egunkaria-ko auzipetuetako askok salatu zuten eran, torturatuak izango dira biak antzezlanean, obrako unerik gordinenetan. «Este viaje va durar como cinco días. Créame, todo el mundo se acaba bajando, pero usted elige en qué estación».

Solasa solasari josiz egingo du aurrera obrak, erritmo biziz eta tonua gogortuz, ateraldi txinpartatsu eta gogoetatsu atergabeekin. Zer den tortura, zer den elkarrizketa on bat. Baita parrandaren bat ere, eta egunkariko langileak Mendian gora haritza kantatzen, Egunkaria auziko irudiak oholtzaren hiru paretetan ikusi bitartean.

«Errealismo handiko obra»

Lantaldearen tamainak erakusten du ekoizpen handi bat izan dela Tanttakarena. «%100 publikoa», Bernuesen hitzetan. Lau antzokik sustatu dute: Bilboko Arriagak, Gasteizko Principal antzokiak, Donostiako Viktoria Eugeniak eta Espainiako Zentro Dramatiko Nazionalak —horrek jarri du ia diruaren erdia—. Gasteizen estreinatuko dute, hilaren 19an eta 20an, eta handik Bilbora egingo du, ondoren Donostiara, eta Madrilera ere helduko da apirilean —gaztelaniazko bertsioaz gain, jatorrizko elebiduneko bi saio ere egingo dituzte han—.

Falta diren hariak fintzen dabil orain taldea, eta azken entsegu horietako batera gonbidatu zituzten atzo Euskaldunon Egunkaria-ko eta BERRIAko zenbait langile zein hurbileko. Tartean, Martxelo Otamendi, bi egunkarietako zuzendaria. «Errealismo handiarekin egindako obra bat da, batik bat torturari lotutako alde guztia. Kontatzen duten gordintasunarekin kontatzea oso konplikatua da, eta lan bikaina egiten dute. Asko hunkitu naute». Kazetariaren langintzari buruzko lana dela ere azpimarratu du: «Oso ondo islatzen ditu gure ofizioan dauden tasun eta keriak. Erredakzio baten erradiografia polita egin dute». Eta desio bat: «Egunkaria-ren kontrako bi operazioen ondoren Donostia bete zutenek antzokiak betetzea orain».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Irrintzi eta Jose Ibarrola Agustin Ibarrolak margotutako 'Gernka' koadroa atzean dutela ©Aritz Loiola/ Foku

Ibarrolaren 'Gernika' erakutsiko du Bilboko Arte Ederren Museoak

Iñigo Astiz

Agustin Ibarrolaren 'Gernika' koadroari eta haren testuinguruari buruzko erakusketa zabaldu du Bilboko Arte Ederren Museoak. Erakundeak 1980ko hamarkadan Picassoren 'Gernika' hartzeko aurkeztutako aurreproiektua ere jarri dute ikusgai.

Piarres Xarriton, Durangon, Euskal Idazleen Elkarteak omendu zuelarik, 2008an. ©ANDONI CANELLADA /FOKU

Xarriton, ametsen obratzailea

Ainize Madariaga

Egun betetzen da mendea Piarres Xarriton sortu zela. Gaztetatik abertzale borrokatua izan zen, eta tai gabe aritu zen gazteriaren eta euskararen alde. Parisko euskal etxea sortu zuen, bai Ipar Euskal Herriko Udako Euskal Unibertsitatea ere. Apeztu bazen ere, gero sekularizatu zen. Euskaltzaina izan zen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.