Ekarpen bat eskubideak babesteko

Espainiako Zigor Kodea disidentzia politikoaren diskurtsoa «mugatzeko» erabiltzen dela salatu du jurista talde batek. Adierazpen askatasuna oinarri hartuta, legea erreformatzeko proposamen alternatibo bat egin dute.

Erlijio sentimenduak iraintzeagatik akusatutakoei babesa emateko manifestazio bat, Sevillan (Espainia). J. M. VIDAL / EFE.
Edurne Begiristain.
2019ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Kezka batetik abiatuta egin dute hausnarketa: disidentziaren diskurtsoa «mugatzeko» erabiltzen ari da indarrean dagoen legedia. Eta, kezka horretan oinarrituta, adierazpen askatasunarekin talka egiten duten delituak erreformatzeko proposamen bat landu dute. Adierazpen delituak arautzeko proposamen alternatibo bat izena du Politika Kriminaleko Ikasketa Taldeko ehun bat juristak sinatutako txostenak. Tartean, Euskal Herriko hainbat epaile, fiskal eta unibertsitateko zuzenbide irakasleak daude: besteak beste, Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusi ohia, Urko Gimenez Ortiz de Zarate Bilboko instrukzio epaitegiko epailea eta Jon Mirena Landa EHUko Zigor Zuzenbideko irakaslea.

Uste dute adierazpen askatasunaren egoera «kezkagarria» dela Espainian, txostenarekin batera idatzi duten manifestuan jaso dutenez. Hainbat delitu arautzeko Espainiako Zigor Kodean egindako erreformek murriztu egin dituzte oinarrizko eskubideak, eta«askatasunen kaltetan» lehenetsi da herritarren segurtasuna, adituek diotenez. Adierazpen askatasunaren eta babestu beharreko bestelako interesen arteko oreka «labainkorra» izanik, azken hamarkadetan epaitegiek zigor arauei buruzko «irakurketa hedakorra» egin dutela diote sinatzaileek.

Horren ondorio zuzenak bi izan dira, haien ustez: batetik,zigor motak etengabe handitu direla adierazpen jarduerak zigortzeko, eta, bestetik, definitzeko zailak diren «kontzeptu metajuridikoak» erabili izan direla giroa, gorrotoa,areriotasuna eta antzekoak arauaren irakurketa hedakorra errazteko. Zigor Kodearen 510. artikulua jarri dute, besteak beste, joera horren adibidetzat artikulu horrek gorroto delituak zigortzen ditu, eta ohartarazi dute azken urteotan auzitegiek adierazpen askatasuna mugatu dutela, bereziki sare sozialen bitartez zabaldu diren adierazpenak «jazarrita». Sinatzaileen ustez, ordea, datuek erakutsi dute adierazpenik gehienek ez dutela loturarik izan gorroto delituekin, eta horiek jazarri izanak nabarmen urratu duela adierazpen askatasuna

«Estatuak ez luke mugatu behar diskurtso ideologikoaren edukia, eztabaidan, kritika askean eta pluraltasunideologikoan oinarritzen delako erabaki demokratikoen zilegitasuna». Adierazpen askatasunaren defentsa sutsua egin du Laura ZuñigaRodriguez Salamancako unibertsitateko Zigor Zuzenbideko katedradunak eta txostenaren sinatzaileak. Zuñigaren ustez, kezkagarria da kritika politikoa isiltzeko asmoz Zigor Kodeaz egiten ari den «gehiegizko erabilera», eta iritzi dio «bere burua demokratikotzat duen estatu batek» ezin dituela oinarrizko eskubideak mugatu. «Gizarte demokratiko batean kritikarako aukerak zabalik egon behar du, eta tokiz kanpo dago Zigor Kodea erabiltzea dugun gerra ideologikoa elikatzeko».

510. artikulua ezbaian

Ideia hori nabarmendu dute, halaber, txostenean. Sinatzaileek «kezkagarritzat» jo dute adierazpen askatasunaren egoera Espainian bereziki Zigor Kodearen bitartez askatasunak murrizteko joera aipatu dute, eta eskubide hori zabaltzearen alde egin dute. «Herritarren segurtasuna aitzakia hartuta, diskurtso disidenteak desagerrarazi eta kontakizun ofizialak inposatzen dira». Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentzia oinarri hartuta, adierazpen askatasunaren alde argi eta garbi egin dute dokumentuan: «Demokraziak ideologia eta planteamendu guztiak onartu ez ezik, adierazpen askatasuna ere bermatu behar du, baita diskurtsoa iraingarria edo gogaikarria denean ere».

Konstituzionalaren jurisprudentziak, baina, hainbat muga ezarri dizkio adierazpen askatasunari, esaterako, gorrotoaren diskurtsoarekin. Oinarrizko eskubideen aurkako delituen barruan dago gorroto delitua, Zigor Kodearen 510. artikuluak arautzen duena. Eta urtebete eta lau urte arteko espetxealdiarekin zigortzen ditu, besteak beste, jokabide hauek: bereizketa, gorrotoa edo indarkeria eragitea, zuzenean edo zeharka, talde baten edo haren parte baten aurka edo pertsona jakin baten aurka, talde horretako partaide izateagatik. Halaber, zigortu egiten ditu genozidio delituak edo erlijio, etnia, jatorri, sexu, desgaitasun, gaixotasun edo sexu orientazio jakin bat dela medio taldeen edo pertsonen kontra egindako delituak ukatzea jendaurrean, edo delitu horien gorazarre egitea.

Juristek, ordea, zalantzak dituzte artikulu horren edukiarekin, uste dutelako ez dela zilegia sentimendu batzuk«kriminalizatzea» beste batzuk babesteagatik. 510. artikulua «neurriz kanpo» dagoela iritzi dio Antonio Fernandez Hernandez Valentziako Jaume I Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko doktoreak eta Politika Kriminaleko Ikasketa Taldeko kideak. «Gehiegizkoa da garrantzi gutxiko jarrerak gorroto delituagatik zigortzea. Halako zigorrak, gainera, etsipena sortzen ari dira gizartean».

Zuñigaren iritziz, berriz, kezkagarria da auzitegiek pentsamendu eskubidearekin lotutako eskubideak jazartzeko hartu duten joera. «Argi dago adierazpen guztiak ez direla onargarriak, eta beharrezkoa dela errespetuaren muga jartzea, baina muga hori lausoegi bilakatzen da adierazpen askatasuna murrizten denean». Haren ustez, justiziak baditu «bestelako tresnak» halako jokabideak arautzeko.

Proposamen berria

Horiek hala, Zigor Kodearen «sakoneko erreforma» bat proposatu dute adituek, adierazpen askatasunarekin lotutako delituak despenalizatzeko. Delituak, soilik, lau irizpideei jarraituta arautzea proposatu dute: ahaliketa gutxiena erabiltzea, legezkotasuna eta zehaztasunez jardutea arau «lauso eta zehaztugabeak» saihestuz, kaltearen eta materialtasunaren arabera arautzea, eta proportzionaltasun irizpideak erabiltzea.

Gogoeta horretatik abiatuta, adierazpen askatasunarekin lotutako delituak arautzeko proposamen alternatibo bat landu dute, eta aldaketak planteatu dituzte Zigor Kodeak arautzen dituen ondorengo hiru delituetan: irain eta kalumnia delituak, gorrotoa eta terrorismoa goratzekoak, eta erlijio sentimenduen aurkakoak.

Irain eta kalumnia delituei dagokienez, eskatu dute bertan behera uzteko Espainiako monarkiaren, Espainiaren eta Espainiako sinbolo eta irudien aurkako irain delituak, adierazpen askatasunaren, kritika politikoaren eta aniztasun ideologikoaren baitan daudelako. «Estatus publikoa duenak kritikatua izateko aukera handiagoa dauka, eta, beraz, zentzuzkoagoa da proportzionaltasun irizpideari jarraituta, jurisdikzio zibilak esku hartzea irainak edo kalumniak egiten diren kasuetan», dio Fernandezek.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak behin baino gehiagotan zigortu du Espainia, koroari buruz duen araudia auzitan jarrita. Espainiako errege-erreginen argazki bati su ematea adierazpen askatasunaren eta kritika politikoaren eremuan sartzen dela ebatzi izan du Europak, Espainiako auzitegiek hartutako erabakiak zuzenduta. Besteak beste, Espainiak Arnaldo Otegi zigortu zuen 2005ean, esateagatik Juan Carlos Borboikoa zela Euskaldunon Egunkaria itxi ondoren bertako arduradunek jasandako torturen erantzulea. Estrasburgok, ordea, arrazoia eman zion Otegiri 2011n, eta ebatzi Espainiak haren adierazpen askatasuna urratu zuela. Ebazpen hori gogoan hartu du Zuñigak: «Europak argi esan du koroaren gehiegizko babesak ez duela tokirik zuzenbide estatu batean, eta adierazpen askatasuna urratzen duela Espainiako araudiak».

Terrorismoa goratzeko delituan ere aldaketak proposatu dituzte. Funtsean, ondorengo biak: terrorismoaren biktimen aurkako irainak Zigor Kodetik kentzea, eta apologia delitua terrorismoa goratzeko delituetatik banatzea.

Erlijio sentimenduen aurkako delituetan ere zer aldatu badagoela iritzi diote juristek. Irmoak dira delitu horri dagokionez, eta «guztiz desagertzearen» alde egin dute. Uste dute erlijio sentimenduen aurkako edozein adierazpen edo sinesmen, adierazpen askatasunaren barruan kokatu behar dela, eta halakoek ez dutelakalterik eragiten, «nahiz eta batzuentzat gogaikarriak izan».

Gorroto delitua, berriz, disidentzia politikoa eta adierazpen askatasuna kolokan jartzeko erabiltzen dela salatu dute. Kritika hori egin du Fernandezek: «Ez dator bat zigor zuzenbidearen izpirituarekin, adierazpen akastasuna murrizten ari delako». Hala, delitu hori soilik kasu batean zigortua izateko proposatu dute juristek: talde edo elkarte bateko kideen aurka eta horiek baztertzeko asmoz, delitu bat egitera jendaurrean bultzatzen denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.