Jose Luis Otamendi

«Corpus hori non dago? Ondasun hori guztia eskura al du euskaldunak?»

GORKA RUBIO / FOKU.
2020ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
«Alde batera, balio du ikusteko bakarrak ez garela. Hortik ateratzen dut, batetik, umiltasuna, eta bestetik, badela tribuaren berben kezkaren inguruan mugitzen den talde bat. Gero, galdera sortzen zait corpus hori non dagoen: euskaldunak ba al du eskura, erabilgarri, ondasun hori guztia?

Poesiari gehiegitan arreta ez zaio ematen. Eta normala. Bizi garen mundu hau gehienbat produktibista da. Niri batzuetan etortzen zaidan ideia da poesia, azpigenero gisa, konparatu litekeela jendartean lan erreproduktiboak betetzen duen rolarekin. Ez ote da zaintza lanak edo etxeko lanak edo hain ikusgarriak ez diren baina beste lan batzuk egiteko hain funtsezko eta ezinbesteko diren lan horien pareko? Ikusgarritasun aldetik ez ote gauden behe samarrean, alegia. Burutazio bat da.

Mila azpildura eta zimur begiratzeko bidea eman dezakete datu horiek.Poesia liburu horietatik guztietatik zenbat dira libreak? Sarietatik, beketatik ez datozenak? Eta beste hainbat ezpaletatik ere egon liteke zer begiratua: generotik, lurraldetasunetik, lanbidetik... Interesgarria egin zait hau ere: hiru belaunaldi lanean ari dira. Ahotsen ugaritasun hori. Azaletik ikusita, normaltasun itxura bat eman dezake horrek. Datu bitxia da azken urteetan hamalau poeta gazte agertzea. Zaindu behar ditugu. Garai batean, dezenteko kezka zen segidaren inguruan. Iraupenaren karelean dagoen hizkuntza izanik, beti dago segidaren beldur hori. Ematen du orain ugarixeago ote den, ahots berriak gehitzen ari ote diren.

Handinahi izan nahi gabe, baina literatura gabeko hizkuntza baten herririk posible al da? Ni ezezkoan nago. Etxepare izan zen krisi eder hau paperera ekarri zuena, eta bide horretan jarraitu nahi genuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.