Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Iritzia Eman ta zabal zazu

Publizitatea

Iritzia

Eman ta zabal zazu

 

2017-09-13 / Aitor Montes Lasarte - Familia medikua

Eman ta zabal zazu. Unibertsitatearen helburua ezagutzaren sorkuntza eta zabalkuntza da. Unibertsitatea da jakinduriaren jagolea, kulturaren gordailua, pentsamendu kritikoaren babesgunea. Aldi berean, zalantzarik gabe, etorkizuneko profesionalak sortu behar ditu, aldatuz doazen gizartearen beharrei erantzun egokia emanez. Munduari begira, tokian tokiko ezaugarrietara zein baliabideetara moldatuz, bere neurria eman behar du.

Ez dago guztion neurriko zapatarik, eta unibertsitatea ez da salbuespena. Izan ere, guztion beharrak ez dira igualak. Sabela betea duenarentzat besteak hor konpon.

Pentsamendu kritikoa ezagutzaren hala nola ikerketaren zein ebidentziaren oinarrietako bat da. Argiaren sustarra. Pentsamendu hitzak zera esan nahi du: kritika argudioekin zizelkatu behar dela, datuekin irudikatu. Horrela ez bada, barrenetik ateratzen denak ez dauka mamirik. Errua aldamenekoari botatzea, adibidez, batez ere ahulari, ezberdinari. Norberaren aurreiritzien eta gabezien irudikoa, gatzik eta piperrik gabekoa.

Haranburu jaunaren kritika gordina irakurtzeko aukera izan dugu, euskal unibertsitatearen maila eskasaz kezkaturik berau. Kezka baino, egoerari aurre egitea baino, konponbideak bilatzea baino, herra zabaltzeko asmoa antzematen zaio. Millan Astray dakarkit gogora: hil bedi argitasuna, gora heriotza!

Medikua naiz, eta unibertsitatean hasi zen nire ibilbidea. Garrantzi handikoa da osasun langileon prestakuntzan duen erantzukizuna. Gure eremuaren neurriko profesionalak sortu behar ditu, mailarik gorenekoak, betiere pazienteen onerako. Azken batean gure xedea hori baita: pertsonak artatzea.

Euskarari bota dio errua. Izaera gabekoa bailitzan. Euskara euskaldunak dira, euskaraz hitz egiten duten pertsonak. Egunen batean osasun laguntza beharko dutenak. Emakumeei bota ziezaiekeen errua, izan ere unibertsitatea feminizatu da, maila galduz aldi berean. Baina gaur egun horrelakorik esatea ez da onargarria. Esan gabe doa korrelazioak ez dakarrela kausalitatea, eta hori ez dela egia. Egiak, ordea, ez dio ardura, pentsamendu kritikoa albo batera laga du Haranburuk. Ezagutza eta gaitasunari bizkarra emanez, euskararen normalizazioari lehentasuna eman diogula dio, kalitatea kaltetuz. Korrelazio faltsua. Gizartearen beharrak, esaterako, ez ditu kontuan hartu. Bere sinesmen, ideien eta nahien araberako unibertsitatea du gogoko, kalitatezkoa. Identitateaz eta mugaz haragoko unibertsitatea nahi du berak, eraikuntza nazionalari tokirik emango ez diona.

Osasun profesional guztion betebeharra eremuaren eta pertsonaren araberako zerbitzua eskaintzea da. Eskaini eta ez inor eskatzera behartu. Pertsona da ardatz. Euskal Herria eremu eleaniztuna da; gaztelera ez da hizkuntza bakarra, eta osasungintzaren helburua ezin daiteke izan hizkuntza baten hedapena, gurean gaztelera. Osasun arreta eman behar da, ez gaztelera zabaldu. Estatuaren batasunerako edo independentziaren aldeko politikak kontsultategitik at utzi behar dira.

Gauza jakina da (Haranbururentzat ez antza) osasun laguntza pazientearen hizkuntzan eman behar dela. Horrela dio indarrean dagoen eta eskura daukagun ebidentzia zientifikoak. Izan ere, ebidentzian oinarrituriko osasun jarduera eta pertsonan ardazturiko arreta dira gaur egungo medikuntzaren paradigmak. Eremu elebidunetan mediku elebidunak lortzea lehentasuna bilakatu da. Gurean, euskaraz ere lan egin dezaketenak, Haranburu jauna. Komunikazioa baita medikuaren tresnarik garrantzitsuena, nahitaezkoa. Bestea albaitaritza da.

Kemena gatzatu zaio horri, mendekoari errua leporatzen badio. Ez du asmatu, ideiak ondestean opildu zaizkio, garuna anastomizatu. Bere gaitasunik eza utzi du agerian; ezagutza berriari egokitzea, subjektibotasuna datuekin alderatzea, argudioak ebidentzian oinarritzea falta zaio. Behaketarako ahalmena bahitu diote bere aurreiritziek, baheketarako trebetasuna galduz.

Haranburu jauna: hizkuntza, pazientearen hizkuntza ezagutzea, ahalmen bat da, gaitasunik gorena. Eta horrela diot, lotsarik gabe, Unamuno gogoan, medikua naizelako eta pazienteei zor diedalako. Medikuntzaren xedea pertsonak dira, ez besterik. Baita euskaldunak ere, gustukoak ez dituzun arren. Eta medikuntza fakultateak euskaraz moldatuko diren medikuak ekoitzi behar ditu, eremu elebidunean lan egiteko gaitasuna eskuratuko dutenak. Ikasi, hausnartu, eman eta zabal zazu.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak