Ipar Euskal Herria. Udalgintza

Eragile instituzional izaera indartuko du Udalbiltzak

Ipar Euskal Herrian eginen dute Batzar Nagusia udazkenean; egitura indartzeko deia egin diete hautetsiei

Aitor Renteria.
Baiona
2014ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Martxoaren 23ko eta 30eko herriko bozetan hautatu zituzten auzapez eta hautetsien sostenguz, agerraldia egin zuen atzo Udalbiltzak Baionan, eragile instituzional gisa duen eginkizuna azpimarratzeko. Lehenik eta behin, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako presidenteak zoriondu zituen martxoko bozetatik atera diren auzapez eta hautagai berriak. Hauteskundeetatik Euskal Herria aintzat hartzen duten hautetsi eta auzapezen batzar indartua atera dela eman zuen jakitera. Gaur egun, Ipar Euskal Herriko 62 hautetsik hartzen dute parte Udalbiltzan, horietatik 12 auzapezak. Udalbiltzaren egitura indartzera deitu zituen Iker Elizalde Hendaiako hautetsiak.

Parte hartu zuten agerraldian Ruben Gomez Liginagako (Zuberoa) auzapezak eta Maite Etxeberria Ozazeko (Zuberoa) auzapezak. Lapurdiko hautetsi hauek ere presente egon ziren agerraldian: Eneko Aldana-Douat (Ziburu), Filipe Aramendi (Urruña), Argitxu Hiriart-Urruti (Kanbo), Iker Elizalde (Hendaia), Nathalie Aizagerre (Kanbo) eta Nikolas Blain (Makea).

Dagoeneko Ipar Euskal Herriko hainbat erakunde eta elkarterekin lankidetzan ari da Udalbiltza, horien artean Euskararen Erakunde Publikoarekin edo Garapen Kontseiluarekin. Preseski, Hautetsien Kontseiluko presidente Jean Jacques Lasserrerekin biltzekoa da Udalbiltza, Estatua-Eskualdearen arteko Lurralde Kontratuaren arraberritze prozesuari begira. Garapen Kontseilua aztertzen ari da 2014-2020rako Lurralde Kontratua. Horren barruan, naturalki ari dira elkarlanean kontseilari nagusiak, Akitaniakoak eta estatuaren ordezkariak Udalbiltzakoekin. Udalbiltza lantaldeko partaide hartu dute, eragile instituzional gisa.

«Udalbiltzak ez ditu aldebateko programak gauzatzen, bilatzen dugu tokian tokiko eragileekin hitzarmenak izenpetzea edo elkarlan xedeak adostea», azaldu zuen Blainek. EEPrekin duten lana aipatu zuen, horren adibidean sakontzeko. Euskara ofiziala ez den eremuetan, Udalbiltzak bere printzipioetan du euskara defenditzeko asmoa eta programa bereziak garatzen ditu euskara garatzeko. Ipar Euskal Herriko egoera kontuan harturik, euskararen alorrean EEP eragile nagusienetariko gisa ageri da, erakunde publikoen den heinetik. Lan bilkurak egin dituzte, eta, orain, aztertzen ari dira elkarrekin egin ditzaketen xedeak.

Garapen Kontseiluarekin ere parteka ditzaketen proiektuak aztertzen ari dira, Pirinioetako programa garatzeko bidean Udalbiltzak tokian tokiko eragileekin ukan dituen harremanetan oinarrituz. «Proposamena mahai gainean ezarri dute eta Udalbiltza gisa, Lurralde Kontratuaren gogoetan parte hartzeko eskaintza egin digute».

Europako Leader programan, euskal mendiari buruzko gogoetetan ere parte hartzen ari da Udalbiltza. «Instituzio nazionala izanez, parte hartu behar dugu erabaki zentro guztietan», azpimarratu zuen Blainek. Erakunde publikoetatik normalizazio jarrera bat dagoela nabarmendu zuen, eta berretsi Udalbiltzak instituzio gisa duen eginkizuna eta borondatea.

Atxikimendu prozesua

Herri eta herri elkargoetako bozen ondoren hautatu dituzten karguei dei egin die Udalbiltzak egitura sendotzeko. Heldu den udazkenean Batzar Nagusia eginen du Udalbiltzak Ipar Euskal Herrian. «Udalbiltzan hautetsi guztiekin lan egin nahi dugu, lankidetzarako esparru berriak sortzen», erran zuen Aizpuruak. Euskal Pirinioetako programa ere aitzina doa. 130.000 euroko aurrekontua du. Xedeak aurkezteko epea martxoan bukatu zen, eta 66 proiektu atxiki dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.