Aurten egin ezinik, datorrenaren zain

Bigarrenez, ez da egingo Bilboko Aste Nagusia. Pregoiaren egunean, jendea batu da Arriaga plazan eta inguruetan, baina ezer ospatzeko asmorik gabe, datorren urtean jaiak antolatuko diren esperoan. Polizia kopurua izan da deigarriena.

Areatzan ere ez zen jendetzarik egon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Nahasgarria suerta zitekeen Bilboko Areatzako zubitik atzo arratsaldean antzemandako irudia. Urrutitik, jende askoz osaturiko taldeak ikus zitezkeen Arriaga plazan zain, pregoirako ordubete inguru falta zela. Gerturatuta, ordea, gaizki ulertua argitu egin zen: gida turistikoak antzokiaz eman beharreko azalpenak bukatu orduko, haren atzetik egin zuten ihes turista andanek; bat-batean, betetzear zirudiena hustu egin zen, eta, udako beste larunbat batean bezala, igarotzeko toki bat besterik ez zen izan plaza, edo gerizpean egotekoa, edo eraikin mardularen aurrean argazkiak ateratzekoa. Ez zegoen gelditzeko beste aitzakiarik: jaiak bertan behera uzti dituzte bigarren urtez; aurten ere ez zegoen zer ikusirik Arriagako balkoian.

Egoera horren jakitun, antzokiaren atariaren parean zegoen Idoia. Zazpikaleetakoa izanda, «txikitatik» bizi izan ditu jaiak, eta iruditzen zaio antolatu zitezkeela ekintza alternatibo gehiago. «Turistak kontrol barik sartzen dira, multzo handietan... Turistentzat, bai?». Halere, iaz bezala, ez du asmorik Aste Nagusia inguruko jendearekin ospatzeko. «Agian umeekin barraketara joango gara». Irrikaz espero du datorren urtean antolatu dadin.

Inguruan ere ez zegoen festa giro zantzurik, ezta Aste Nagusiaren nostalgia izpirik ere. Zazpikaleetan, tabernetako terrazak betetzen hasi berriak ziruditen, batzuk lepo baitzeuden eta beste batzuk hutsik. Eta Areatzan ere giro lasaia zegoen, edozer egiteko goizegi balitz bezala; asko lagunen zain zeuden oraindik. Zuhaitzetako baten azpian, June Jauregibeitia santurtziarra (Bizkaia) zegoen jesarrita, Aste Nagusian inoiz egon gabeko adiskide batekin. Bera, ordea, hainbatetan izan da Bilboko jaietan, eta «pena» ematen dio bertan behera utzi behar izatea. Alabaina, «egokiena» dela uste du: «Egoera kontuan izanda, ez zait iruditzen jai batzuk ospatu beharko liratekeenik, ez behintzat hain jendetsuak». Beste gisa bateko ekitaldiak, agian bai. «Seguruenik, egin ahal zitekeen ekintza kulturalen bat, baina ez lehengo ezer. Zerbait sinbolikoa izango zen, baina ezin izango litzaioke horri Aste Nagusia deitu».

Jairik gabe geratu den bigarren urtea izanda, «ohitu» egin da haien absentziara. «Ez naiz haietaz akordatu». Horiek horrela, datorren larunbatean jai duen arren, ez du ezer berezirik egiteko asmorik. Idoiak bezala, ospatu beharrekoak datorren urtean ospatzeko intentzioa du, nahiz eta ez jakin aukerarik izango duen. «Nahi dut sinistu 2022an Aste Nagusia antolatuko dela. Iaz ere uste nuen aurten egin egingo zela. Hurrengo urtean egingo direla esango dut, baina, edonola ere, ez dut uste betikoak izango direnik. Baina aurten baino zerbait gehiago egingo da, ziur».

Areatzan bertan, kioskotik gertu, jaiak gogoan zituzten Barakaldoko (Bizkaia) bi andrek. «Bandera ere badaramat», esan zuen haietako batek, Edurnek, zapia gordeta baitzuen. 87 urte ditu, eta hamarnaka Aste Nagusitan izana da. Jaiak oso gustuko dituen arren, halako egoeratan «sen ona» eduki behar dela uste du: «Jaien fanatikoa naiz, baina onartzen dut zeozer egin behar dela gaixotasuna gehiago heda ez dadin. Edozeren gainetik jendearen osasuna dago». Txurro batzuk jaten ospatu zuten eguna lagunek. «Gaueko bederatzietan, etxean egongo gara. Nire bilobek beste era batera ospatuko dute, suposatzen dut, baina sen ona dute». Hurrengo urtean Aste Nagusia itzul dadin espero dute haiek ere. «Hala bada, lehen lerroan egongo gara».

Plazan, polizia gehienbat

Ostegunean iragarri zuen Juan Mari Aburto Bilboko alkateak larunbatean «desio ez den egoerarik» egon ez zedin, Ertzainarekin eta Udaltzaingoarekin elkarlanean dispositibo bat diseinatu zuela Udalak, eta polizia kopurua handiagotu egingo zutela. 17:20 aldera hasi ziren igartzen ezohiko neurri horiek: Ertzaintzaren bi furgoi hurbildu ziren Arriaga plazara aurrena, eta beste hainbat ibilgailu gehitu zitzaizkien hurrengo minutuetan. 18:00etarako, eraikinaren eta itsasadarraren arteko eremuan bost auto eta bi furgoiak zeuden aparkatuta, eta plazan bertan beste pare bat auto zeuden, baita ertzain eta udaltzain andana bat ere.

Horri esker jakin zuten hiritar askok jaien hasiera behar zuela atzoko egunak. «Zergatik dago hainbeste polizia, badakizu?» entzun zen hainbatetan plazaren inguruan. Bitartean, oharkabean igaro zen suziriaren ordezko petardoaren eztanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.