Gipuzkoako zahar etxeetako greba

Gaur egingo dute lehen greba eguna Gipuzkoako zahar etxeetan

ELAk deituta egingo dute gaur greba langileek. Soldata igoera, atsedenaldi ordaindua eta ratio hobeak eskatzen dituzte sektorerako. 22 hilabete dira negoziatzen ari direla, eta ez dago emaitzarik

2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun
«Borrokatzeko arrazoiak badaude, eta borrokatuz gero, irabaz daiteke». Horrela animatu ditu greba egitera ELA sindikatuko Idoia Elustondok Gipuzkoako zahar etxeetako eta adineko pertsonentzako zentroetako langileak. 22 hilabete, hau da, ia bi urte daramatzate negoziazioekin, baina ez dute emaitzarik lortu. Hori dela eta, ELAk deituta %60ko ordezkaritza du langileen artean, lehenengo greba eguna dute gaurkoa. Hamazazpi izango dira guztira; oraingoz, behintzat. Eguberriak arte dago finkatuta grebaldia. Ohartarazi dute ezarritako datak behin pasatuta langileek helburuak ez badituzte lortzen protestak gogortu egingo dituztela.

Sektoreko langileekin bat eginda, LABek karabanak eta kontzentrazioak egingo ditu hainbat eskualdetan. Bi egin ditu jada, eta urriaren 8an izango da hurrengoa, Oiartzualdean. Gero, kontzentrazioa egingo dute Errenterian. Egun horretan bertan erabakiko dute zein neurri hartuko dituen sindikatuak langileen eskubideen alde egiteko. Leire Ormazabal LABeko ordezkariak adierazi du ez dutela «inolakoneurririk baztertzen». «Indar handiko erabakiak hartuko ditugu, sektore honetako langileek lan hitzarmen duin bat merezi baitute». Gainontzeko mobilizazioak urriaren 23an eta azaroaren 15ean izango dira, Urola Kostan bata eta Debagoienean bestea. UGTk ere bat egin du sektorearen borrokarekin, eta ez du baztertu mobilizazioei ekitea.

Langileek argi daukate beren aldarria. Soldata igoera eskatzen dute, eta baita atsedenaldi ordaindua, ratio hobeak eta aparteko sari egokiagoak ere, besteak beste. «Aldaketa horiek langileen baldintzak hobetuko dituzte, baina zaintza zerbitzuaren kalitatea ere handiagoa izango da», azpimarratu du Elustondok. Ormazabalek adierazi du egoera «oso larria» dela: «Sektoreko langileak hitzarmenik eta babesik gabe daude».

Negoziazioetan langileak, sindikatuak, eta patronalak —Adegi, Lares, Matia eta ACGG— daude. Hala ere, sindikatuek beharrezko ikusten dute Gipuzkoako Foru Aldundiak esku hartzea. Izan ere, itundutako zerbitzu asko eskaintzen dira adinekoen zentroetan, azpikontratatutako enpresen bitartez. Elustondok uste du foru erakundea auzian sartu behar dela: «Aldundia da zerbitzu honen arduraduna; zerbitzua berea da, eta berak finantzatzen du». Ormazabalek ere «bere erantzukizuna betetzeko» eskatu dio diputazioari. Aldundiak, aldiz, ez du hain argi ikusten bere esku hartzeko ahalmena. Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak adierazi du «oso garrantzitsua» dela lurralde hitzarmen bat lortzea, baina aldundiak ez duela «negoziatzeko eskumenik». Hori dela eta, dei egin die patronalei eta sindikatuei akordio bat egin dezaten. «Greba egunak diren arren, adineko pertsonei eta haien familiei behar bezalako arreta ematea bermatuko dugu», gaineratu du. Elustondok, berriz, adinekoei eta senideei «pazientzia, babesa eta ulermena» eskatu dizkie.

Sektore horretan 5.000 langile inguru daude; horietako gehienak, emakumeak. Nahiz eta grebaren funtsa lan baldintzen inguruko negoziazio bat den, Elustondok gogoeta bat planteatu du: «Historikoki, emakumeak hartu du zaintzaren lana, eta gaur egun ere sektore honetako emakumea esplotatuta eta diskriminatuta dago». Berretsi du instituzioek dutela erantzukizun handia, eta asko dagoela oraindik aldatzeko. Ormazabalek langileak babesteko deia egin du: «Pertsonak zaintzen dituzte, eta guk haiek zaindu behar ditugu».

Administrazioaren menpe dagoen beste sektore bat aipatu eta konparaketa egin du Elustondok: kale garbitzaileez mintzatu da. Langile gehienak gizonezkoak dira. Bada, zahar etxeetako beharginek baino 6.000 euro gehiago irabazten dituzte urtean, soldataren %30 gehiago. «Hau ez da kasualitatea; zaintza eta gizarte ereduaren ondorio da», adierazi du ELAko ordezkariak. Arrakala hori gainditzea beharrezkoa ikusten du.

Gizartearen zahartzeak kezka eragin du instituzioen eta langileen artean. Horri aurre egiteko «apustu garbia» egin behar dela adierazi du Elustondok: «Diru kontua. Lehentasuna eman behar zaio sektoreari, eta inbertsio bat egin». Bere ustez, horrek langile gehiago kontratatzea ekarriko luke, lan baldintza hobeekin, eta, ondorioz, kalitatezko zerbitzua eskaintzea.

Lehenengo greba egun honetan, langileek kontzentrazioa egingo dute 11:30ean, Donostian, aldundiaren aurrean, ELAk deituta. Ondoren, manifestazioan joango dira Kursaaleraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.